Txakurkrosa


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 44 2008/04 »  Txakurkrosa

04 Egin ezazu saioa

Txakurkrosa
Txakurkrosean, txakurrak beti jabearen aurretik egin behar du korrika.

Gizakia eta txakurra, elkarrekin korrika
Joan den hilean Errenterian egin zen lasterketa ez zen
edonolakoa izan; gizakiak eta txakurrak elkarlotuta egin zuten korrika I. Txakurkrosean.

Patxi Azpiazuk ustekabean ezagutu zuen txakurkrosa 2005ean. Mendira korrika egitera joaten zenean, Frodo txakurra berekin eramateko ohitura zuen, eta normalean lotuta eramaten zuen, ibilbideak errazago egin ahal izateko. Interneti esker jakin zuen bere zaletasuna Neguko Kirol Federazioan erregistratuta zegoela, eta lasterketa-programa zabala zuela.

2006-2007 denboraldian, AEM elkarteak antolaturiko Estatuko Lehen Txakurkros Zirkuituko Burgosko lasterketan parte hartu zuen Patxik, eta bigarren postuan geratu zen. Emaitzak animatuta, beste bost probatan hartu zuen parte, eta bigarren amaitu zuen Zirkuituko Sailkapen Orokorrean. Erakunde antolatzaileak, orduan, ekimena Euskadira ekarri eta ezagutzera emateko eskaera egin zion Azpiazuri.

Senide eta lagun-talde baten laguntzarekin, Azpiazuk Errenteriako I. Txakurkrosa antolatzeari ekin zion, Estatuko Zirkuituaren hamargarren lasterketa izan zena, alegia. Harrera ezin hobea izan zuen martxoaren 2an Susperregi eta Malbazar arteko lurretan burutu zen probak. Euskadiko uste baino partaide gehiagok eman zuten izena, eta lehian dabiltzanen artean, onenen artean onenak etorri ziren Estatu osotik. Ikusle ugari ere hurbildu zen proba ikustera. Patxi Azpiazuk aditzera eman digunez, «lasterketa egin eta hurrengo egunetan, partaide askok emailak bidali zizkidaten, eta denek zioten gauza bera, orain arte estatuan antolatu den proba atseginena izan zela, antolaketa eta paisaia paregabeak zirela».

Lorturiko erantzuna ikusi ondoren, datorren urtean ekitaldi berria antolatzeko asmoa dute. Baina horretarako, «argi dugu erakundeen laguntza gehiago beharko dugula. Babesle nagusi bat izan beharko genuke antolaketa hobetzeko».

Kirola egitea osasungarria dela jakina da, eta hori da txakurrarekin batera korrika egiteak bere alde duen lehen ezaugarria; kirol modalitate honek, ordea, beste erakargarritasun bat du: gizakiaz gain txakurrak zeregin berezia du, bere nagusiari korrika egiten laguntzea. «Jende askok etxean sartuta izaten du txakurra, parkera atera besterik ez du egiten. Kirol hau eginez, berriz, txakurrak ez dira aspertzen, hobeto bizi dira».