Ikasbide Ikastola


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 44 2008/04 »  Ikasbide Ikastola

7 Ikastetxez Ikastetxe

 Ikasbide Ikastola



Ikasbide ikastolan futbolak arrakasta handia izan du nesken artean. Sara Santos

Gero eta neska kirolari gehiago
Ikasbideko neskak iaz hasi ziren futbolean jokatzen, eta esperientzia bikaina izan zuten: Kontxako finaletan Ligako hirugarren postua lortu zuten.

Iaz izan zuten futbolean aritzeko aukera, estreinako aldiz, Ikasbideko neskek. Eta horrek bide berria zabaldu zuen ikastolako kirol jardueran. «Areto-futbola baino, 8ko futbola egiteko aukera eman genien kimu mailako neskei, eta oso gustura aritu ziren», gogoratu digu Erlantz Mendiable ikastolako kirol koordinatzaileak.  

Emaitzak ere laster iritsi ziren. Maiatzean, hain zuzen, Kontxako hondartzan jokatu ziren finaletan erakustaldi bikaina eskaini zuten. Orixeko neskekin indarrak neurtu eta Ligako hirugarren postua eskuratu zuten. «Kontxako finalak erabateko motibazioa eman zien ikastolako neskei», dio Mendiablek. 

Gauzak horrela, aurten gogo handiz ekin diote denboraldi berriari. Kimu mailako neskek saskibaloian eta futbolean jokatzen dute. Mutilek, aldiz, hondartza-futbola eta saskibaloia partekatzen dituzte. 

                                         

Talde-lana. Kirol klub ezberdinen bitartez piraguismoa eta igeriketa egiteko aukera badute ere, talde-kirolak dira nagusi ikastolan. Izan ere, kirola talde-lana eta ohitura osasuntsuak ezagutarazteko tresna egokia dela uste dute ikastolako arduradunek.  «Lehiarako baino, haurrak hezteko bide egokia da», dio Mendiablek. 

Zentzu horretan, bigarren mailako ikasleek ere talde-kirolen oinarriak ezagutzeko parada dute, eskola-kirola Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik aurrerako umeei zuzenduta dagoen arren. Hilabetero talde-kirol ezberdin bat lantzen dute, ikasleek entrenamenduen eta arauen diziplina barnera dezaten. «Teknikari ez diogu gehiegizko garrantzirik ematen;  xede nagusia talde-lana sustatzea baita». Futbola, saskibaloia, errugbia, herri-kirolak, eskubaloia, beisbola... Asko dira urtean zehar praktikatzen dituzten diziplinak.

Benjamin mailako ikasleak, berriz, urtean hiru kiroletan aritzen dira, hiruhileko bakoitzeko bat, hain zuzen. Lehen bi hiruhilekoetan, mutilak eta neskak banatuta egoten dira eta kirol ezberdinak egiten dituzte: mutilek 8ko futbola eta saskibaloia; neskek, aldiz, saskibaloia eta areto-futbola. Azkeneko hiruhilekoan, ordea, neskak eta mutilak batera aritu ohi dira eta eskubaloiaren oinarriak ezagutzen dituzte elkarrekin. 

Erlantz Mendiablek esan digunaren arabera, duela hainbat urte ezarri zuten formula hori ikastetxean: «Talde mistoekin neskek kirola egiteari uzten ziotela antzeman genuen. Hori dela eta, mutilak eta neskak banatzea erabaki genuen. Urte batzuen ondoren, erabakia egokia izan delakoan gaude, kirola egiten duten neskak lehen baino gehiago direlako. Orain, mutil eta neska kopurua orekatu egin da. Halere, talde mistoak badu abantailarik. Hori dela eta, azken hiruhilekoetan elkartu egiten ditugu, eta ondo moldatzen gara horrela».



Munduko Txapelduna


Eskola-kirola zazpi entrenatzaileren gidaritzapean dago. Gazteenak 18 urte ditu; gainerakoak 20 urtetik gorakoak dira. Argi dago denak gazteak direla, baina horrek ez du esan nahi ondo lan egiten ez dutenik. «Entrenatzaile guztiak ondo ezagutzen ditut, horietako askoren entrenatzaile izan naizelako. Gazteak dira, bai; eta baita oso arduratsuak ere». Gainera, aparteko kirolaria dute entrenatzaile gisa: Libe Lafuente, piraguismoko munduko txapelduna.