Basoko artu tiraketa


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 44 2008/04 »  Basoko artu tiraketa

9 Ezagutu ezazu

Basoko Arku Tiraketa


Arkulari gazte bat basoko ibilbidean topatu duen animaliaren irudiari jaurtitzeko unean.
Geziak prest
Udaberria sasoi aproposa da garai bateko ehiztarien modura ibiltzeko: arkulariak basoko animaliei erne daude dagoeneko, animaliak gomazkoak badira ere.

Udaberria iritsi da, eta jaurtiketa aretoetatik irten eta basoan barrena sartzeko irrikan daude gaur egungo Robin Hood-ak. Basoko arku tiraketa duela urte gutxi hasi zen praktikatzen nazioartean eta gero eta zale gehiago ditu. Euskadin, berriz, kirol honek oso harrera ona izan du hasieratik, ehizaren alternatiba ekologikoa baita.

Arkulariek bidean aurkitzen dituzten irudiei jaurti behar diete. Taldeka joaten dira, gehienetan launaka. Bidean, tamaina ezberdineko 20 irudi kokatzen dira, poliuretano-aparrezkoak. Distantzia ezberdinetara jarrita daude, eta hor dago koxka: gezia nora joango den jakiteko distantzia ezagutzea ezinbestekoa baita. Hori dela eta, «senezko jaurtiketa» deitzen zaio arku tiraketa mota honi.

Gorputz-jarrera eta arnasa kontrolpean izan behar ditu arkulariak, desbideratze txikienak geziaren norabidea aldatzen baitu. Arkulari bakoitzak bi gezi jaurti behar dizkio irudi bakoitzari: honela, lehen jaurtiketak bigarrena nola egin behar duen jakiteko arrastoa ematen dio arkulariari. Jaurtiketak egin ondoren, geziak jaso eta lortutako puntuazioa zenbatzen du arkulari bakoitzak.

Arku tiraketaren jarraitzaileek jakingo dute, seguruenik, abian dela basoko Euskal Liga. Apirilaren 13an laugarren jardunaldia jokatuko da Gipuzkoako Arku Tiraketa Federazioaren eskutik. Non? Ordiziako klubak Gaintzan duen ibilbidean.

Euskadin, basoko arku tiraketa praktikatzeko toki egoki gutxi daude:  oso gutxi dira etxearen inguruan arkulariak ibiltzea begi onez ikusten dutenak.
  
Kontuz geziekin

- Arkulari batek gezia jaurtitzen duen bitartean, ikusleak atzean egon behar dira geldi-geldirik.

- Azkeneko gezia jaurtitzean, arkularia erretiratu eta besteek lurrean dauden geziak jaso ditzakete.

- Txapelketetan, arkularien eremua bereizten duen lerroa markatuta dago eta ezin da hura gainditu.

- Geziak arkuaren potentziaren araberakoak izan behar dira. Hobe da behar baino pisutsuagoak eta luzeagoak izatea, arinegiak eta motzegiak baino. Izan ere, laburregiak izanez gero arkulariari min egin diezaiokete eskuan.

- Ez bota gezia gorantz, non eroriko den jakitea zaila baita.