Iñigo Díaz de Cerio eta Larraitz Lucas


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 45 2008/05 »  Iñigo Díaz de Cerio eta Larraitz Lucas

02 Erreportajea

  Iñigo Díaz de Cerio eta Larraitz Lucas


Talde txuri-urdineko bi aurrelariek denboraldiari buruzko beren ikuspegia eman digute. Sara Santos

Beti txuri-urdin!

Denboraldiaren balantze egiteko une aproposa da Realeko neska-mutilentzat. Horretarako, bi taldeetako ikuspegiak jaso ditugu.



IÑIGO DÍAZ DE CERIO

Realeko aurrelaria ezinbesteko jokalaria izan da azken bi urteotan taldearen bilakaeran. Bigarren mailan denboraldi gogorra pasa duen arren, sartu dituen golak joan den urtekoak baino pozgarriagoak direla aitortu digu.

– Izan al du eraginik taldearen egoerak zuk jokatzeko aukera gehiago izatean?

– Hasiera batean agian bai, ekonomikoki Reala hain ongi ez egoteak etxeko jokalariei jokatzeko aukera gehiago eman dizkielako. Hasieran oso zaila izaten da jokatzeko aukera izatea, eta nik aprobetxatu egin ditut izan ditudanak. Orain jokatzea, berriz, nire meritua edo taldearen meritua da, eta ez horrenbeste taldearen egoerarena.

– Iñigol esaten dizute…

– Ez zait asko gustatzen, izen hori urte askotako merezimenduaren ondorioz lor baitaiteke, baina jarri egin didate...
 
– Pitxitxi izateko aukera duzu. Zure helburua al da?

– Errekonozimendu bat da, baina aurten zaila izango da, bost goleko aldea baitut aurrekoarekin.  Hala ere, ez da inolaz ere nire helburua, Reala lehen mailan egotea baizik. Gol asko sartzea oso positiboa da taldearen onerako bada, bestela ez du ezertarako balio.

– Gola sartzeko aukera galtzen duzula diotenean, zer pentsatzen duzu?

– Golak sartzen dituzunean, jendeak beste gauza batzuetan jartzen du arreta. Golak sartuko ez banitu, hori kritikatuko lukete. Beti dago exijentziaren bat, beti aurkitzen dute esateko zerbait. Badakit aurten, urduritasunaren ondorioz, zenbaitzuetan huts egin dudala, eta hori hobetzeko asmoa dut. Oro har, nahiko pozik nago aurten egin dudanarekin.

– Realaren igoera gertu dagoela sumatzen duzu?

– Urte osoa daramagu lanean, burua sartzen saiatzen ari gara, baina ez da erraza. Beste taldeak ere ondo daude. Hala ere, itxaropentsu gaude. Ni oso positiboa naiz; aurten igotzeko aukera polita dugu eta horri begiratzen diot. Taldea oso sendo dago orain, oso indartsu.

– Bigarren mailara jaitsiera nola bizi izan zenuen?

–Oso zaila izan zen, profesional gisa nire lehen urtea zelako, alde batetik, eta betidanik Realzalea naizelako, bestetik. Oso egun gogorrak izan ziren. Gero, egoerari aurre egin nion, eta lehen maila lortzeko helburuaren alde borrokatu behar genuela hasi nintzen pentsatzen.

– Zapore hobea izan al dute bigarren mailan sartu dituzun golek lehen mailan sartu zenituenek baino?

– Joan den urtean gol asko sartu nituen, baina ez zuten ezertarako balio izan. Eta aurten, berriz, puntuak lortzen lagundu digute sartu ditudan golek. Beraz, sentitu dudan poza desberdina izan da. Golak sartu eta sailkapenean igotzea askoz ere pozgarriagoa da.

–Futbolean izan duzun igoera bizkor horretan, nola eragin dizute lesioek?

–Meniskoan egin zidaten ebakuntza, eta hilabete eta erdi egon nintzen jokatu gabe. Lesioak beti une desegokietan iristen diren arren,  ez nuen amore eman. Zelaian lagundu ezin duzula ikusteak amorratu egiten zaitu, baina eutsi egin behar zaio.

– Zer gustatuko litzaizuke datorren urterako?

– Lehen mailan jokatzea gustatuko litzaidake, urte polita egitea, eta Realak beti izan dituen balioak berreskuratzea. Lehen mailan nolanahi ere, noski. Taldea bigarren mailan gelditzen bada, ez da aurtengoa bezalako urtea izango, beste bertsio bat baizik. Baina ilusioarekin hartuko genuke eta hurrengo urtean igotzen saiatuko ginateke.

– Nola bizi izan duzu presidente aldaketa?

– Bestelako presidentzia bat da. Ez gaude horrelako kudeaketa ereduekin ohituta. Enpresa mundutik dator, mundu osoan zehar ibili da, eta beste gauza batzuk ezagutu ditu. Beraz, normala da taldea ezberdin zuzentzea. Baina guk berdin jokatu behar dugu, gure lana egin behar dugu, presidentea edozein izanda ere. Hala ere, Reala igotzen bada, desagertu egingo dira aurten izan diren tirabira guztiak. Gure kulturan, aldaketak onartzea kosta egiten zaigu batzuetan, baina ondo konponduko garela uste dut.

– Futbola eta ikasketak bateratu egin dituzu?

– Giza Zientziak-Enpresa ikasi nuen, eta oso zorte ona izan dut alderdi horretan, Sanseko etapa bukatu nuenean amaitu bainuen karrera. 22 urte izan nituen arte ez nuen jakin futbol profesionalean arituko nintzela. Garbi nuen ikasketak bukatu nahi nituela, ez nekielako futbol profesionalean etorkizunik izango ote nuen.

– Zer gustatuko litzaizuke zuretzat etorkizunean?

– Urte askotan futbolean ibiltzea, ahal bada Realean. Bestela, nonbait hasiko naiz lanean, egunak oso luzeak baitira etxean ezer egin gabe egoteko.



LARRAITZ LUCAS

Neska txuri-urdinen bilakaerari buruz hitz egin dugu Larraitz Lucasekin. Kapitaina taldearen orainaz eta etorkizunaz mintzatu zaigu denboraldia bukatu duten honetan. “Nahiko nekatuta bukatu dugu, baina duintasun handiz”, azaldu digu.

– Atzera begiratuz gero, nola laburbilduko zenuke taldearen bilakaera?

– Lehenengo inflexio-puntua Superligara igotzea izan zen. Hutsetik hasi eta lehenengo bi urteetan partida guztiak arazorik gabe irabazi ondoren, Superligako lehen denboraldian nahiko gaizki pasa genuen. Partida onak jolastu genituen, baina argi gelditu zitzaigun aurrean genituen taldeak hobeak zirela. Gurea oso talde gaztea da.

– Garbiñe Etxeberriak gidaritza hartu duenetik etapa berria hasi duzue.

– Hau izan da Iñigok entrenatu gabe pasa dugun lehen urtea, baina aldaketa ez da handiegia izan. Garbiñe hasieratik egon da gurekin; ez genuen hutsetik hasi behar eta hori beti da positiboa. Aldaketa txikiak antzeman ditugu, baina eguneroko lana berdin mantendu da.

– Zeintzuk dira taldearen alderdi positiboak?

– Baloiarekin erraztasuna dugu, baina gola asko kostatzen zaigu. Aurten 20 gol sartu ditugu. Aukerak izaten ditugu, baina golak ez dira etortzen.

– Oso exijentea zara?

– Oso exijentea naiz, batzuetan gehiegi. Baina gauden lekuan egonda, oso garrantzitsua da exijentzia maila handia izatea. Superligan gaude, eta hori ez da gauza txikia.

– Eta nola bizi dituzu porrotak?

– Lehenengo itzulian, beheko postuetan geundela, bide onetik ote gindoazen zalantza sortu zitzaidan. Baina une latzei aurre egin behar zaie, ezin zara besoak uztarturik gelditu. Positiboa izan eta gogor lan egin behar duzu. Emaitzak lehenago edo beranduago etorriko dira.

– Datorren denboraldiari begira, zein helburu duzue?

– Helburu nagusia blokea mantentzea da. 19 jokalarietatik lauk ez dute jarraituko lana edo ikasketak direla medio, eta fitxaketa berriak egin beharko ditugu.

– Harrobiak erreleboa bermatzen al du?

– Harrobi eskasa dago Gipuzkoan. Egungo neskek nahiago dute gauetan atera futbolean jokatu baino. Gazteen exijentzia maila baxuagoa da. Halere, dagoen harrobia polita da, teknikoki oso maila ona dagoelako.

– Zein fitxaketa egin nahiko zenuke?

– Itziar Gurrutxaga Athleticeko jokalaria fitxatu dezaten nahiko nuke.

– Gogoratzeko moduko uneren bat?

– Bakar bat esango dizut, aldi berean latzena eta onena izan baita. Huelvako Sporting eta Kanariar Irletako Rayco taldeek jokatzen zuten partida ikusteko elkartu ginen. Gure igoera partida horren menpe zegoen: Raycok irabaztea behar genuen. Partida bukatzeko hiru minutu gelditzen zirenean, Raycok zelaitik alde egin eta partida bertan behera gelditu zen. Denboraldi aurrekoa non egongo ginen jakin gabe hasi genuen. Benetan latza izan zen. Baina gauzak ez ziren horrela gelditu. Beste talde batek ere alde egin zuen eta bigarren onena igo zen: gu. Jakin genuenean ikaragarria izan zen.

– Afizioari zenbat puntu emango zenizkioke?

Hamar bat jarriko nioke. Etortzen direnak ez dira asko, baina ikaragarri animatzen gaituzte. Familia, lagunak, lagunen lagunak... Momentu onetan, baina txarretan ere bai, gure ondoan egoten dira.

– Emakumeentzat ez da erraza lehen mailako taldeetan jokatzea, kirola eta lana partekatzea egokitzen zaizuelako...

– Magisteritzako karrera bukatzen ari naiz, lanean nago eta futbolean jokatzen dut. Ulertzen diet aurten taldea utzi behar izan dutenei. Gaur egun ezin gara futboletik bizi, goren mailako taldean jokatu arren.

– Mutilei buruz galdetuko dizut. Uste duzu Realak igotzeko aukera duela?

– Aukerak baditu, baina dena ez dago beraien esku. Oso futbol polita egiten ari dira eta onena opa diet. Bigarren mailan egon arren, lehen mailako taldea da, oso jokalari onak ditu eta fitxaketa benetan onak egin dituzte, Martí esate baterako.


LARRAITZ  LUCAS




 Sorlekua: Donostia.
 Adina: 26 urte.
Postua: Kapitaina eta aurrelaria.

 IÑIGO DÍAZ DE CERIO




Sorlekua: Donostia.
Adina: 24 urte.
Postua: Aurrelaria.