Donostia Kirola


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 45 2008/05 »  Donostia Kirola

04 Donostia kirola

Donostia Kirola


Kirol Patronatuak logotipoa berritu du
Irudi modernoago eta dinamikoagoa ematea eta Donostiako hiriaren
eta kirolaren arteko lotura adieraztea du helburu





Kirol Patronatuak lan handia egin du azken urteotan azpiegiturak berritu eta bazkideei eskaintzen dizkien zerbitzuak hobetzearren, eta helburu horretan aurrera egiteko, kirol marka eta logotipo berria aurkeztu ditu. Bere irudia gaurkotzeko, Donostia Kirola izendapena hartu eta teknologia berriak eta Internet iradokitzen digun logotipoa sortu du.

Azken 25 urteotan izan denak baino “irudi modernoagoa eta dinamikoagoa” erakusten du logotipo berriak, eta izendapenak, berriz, kirolaren eta Donostiako hiriaren arteko lotura adierazten du, Donostia Kultura edo Donostia Bus markek egin dutenaren antzera. Izan ere, duela gutxi arte ikusi ahal izan dugun logotipoan agertzen ziren hiru atleten irudia honezkero zaharkituta zegoela pentsatzen zuten Patronatuko arduradunek. Izendapena ere, “Kiroletako Udal Patronatua, Donostia”, luzeegia zela uste zuten.

Teknologia berriak Logotipo berria lehengoa baino sinpleagoa da, begi-kolpe batez Patronatuaren marka dela argi antzeman dadin. Hondo urdinaren gainean, lerro kurbatua du, beltzez, eta igerilari baten burua dirudiena antzeman daiteke, gorriz.
Marka berriak behe-gidoia du, teknologia berriak eta Internet iradoki nahian, eta, behealdean, “San Sebastián” hitza, hiriaren izen ofiziala erakutsi eta Donostiatik kanpo errazago ezagutu dadin. Irudia Patronatuko langile batek egin du onginahi hutsez, baina ez du bere izena aditzera eman nahi izan.

Kirol marka eta logotipo berria  Martxan ferian eman ziren ezagutzera. Bertan, Patronatuaren zerbitzuen, kirol-instalazio berrien eta UDA 2008 kanpainaren berri emateko erakusmahaia izan zuen Donostia Kirolak.