Atl. S. Sebastian errugbiko neskak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 45 2008/05 »  Atl. S. Sebastian errugbiko neskak

07 Gaurkoa eta biharkoa


Atletico San Sebastian errugbiko neskak



Donostian errugbi talde bakarra dago, Atletico San Sebastian.




Nork esan du errugbia gizonen kirola dela?
Onintza Mokoroak (30 urte) txikitandik zuen argi errugbian jokatu nahi zuela, Mokoroatarrak errugbizale porrokatuak baitira. Ane Puerta (18 urte), berriz, kasualitatez hasi zen. 


Errugbia kirol gogorra da, zalantzarik gabe. Baina nork esan du gizonen kirola dela? Onintza Mokoroak 30 urte ditu, eta duela bost urte hasi zen errugbian jokatzen. Betidanik atsegin izan du, Mokoroatarrak errugbi zale porrokatuak baitira. Aita, osaba, anaia, lehengusuak... Familiako mutil gehienak errugbi jokalariak izan dira, eta maila onekoak gainera. Aldiz, Onintza errugbian jokatzen duen neska bakarra da. 

«Gure etxean, futbola beharrean, errugbia ikusten dugu. Oso gertu sentitu dut beti eta txikitandik jokatu nahi izan dut. Gure amak, ordea, ez zuen oso ondo ikusten etxeko alabak errugbian jokatzea. Berak esaten zuen ez zuela alaba polit bat egin gero muturrak hausteko», dio irribarrez.

Ane Puertak 18 urte ditu, eta duela hiru urte sartu zen taldean. Onintzak ez bezala, Anek ez zuen errugbia lehenagotik ezagutzen. Kasualitatez hasi zen jokatzen. «Kirolen bat egin nahi nuen, baina talde bila hasi nintzenerako denak beteta zeuden, urria zen. Atleticora joan eta bertan errugbi taldearen berri eman zidaten. Hasieran ez zitzaidan oso erakargarria iruditu, baina probatzea erabaki nuen. Eta orain, berriz, aukera horri eusteagatik zorte handia izan nuela pentsatzen dut». 

Martxa hartuta. Jokatzen hasi zenean, martxa hartzea kosta egin zitzaiola esan digu Onintzak. «Beste kirolekin alderatuz, arauak oso desberdinak dira. Baldar sentitzen nintzen hasieran». Halere, zorte handia izan zuela dio, uda hartan Euskariansekin Hegoafrikara joateko aukera sortu zitzaiolako. «Aita laguntzaile zihoan eta familia osoa joan ginen berarekin. Selekzioko neskekin entrenatzeko aukera izan nuen, eta haiek oso maila ona dutenez, asko ikasi nuen». 

Anek, berriz, oso ondo gogoratzen du jokatu zuen lehenengo partida: «Gaztedi taldearen aurka jokatu genuen. Oso talde indartsua da, eta Ligako aurrelaririk onenak dituzte. Oso galduta eta urduri samar egon nintzen». 

Taldea sortu zenetik bost urte igaro direnean, Atleticoko neskek asko hobetu dute jokoa. «Taldekideen arteko konplizitatea asko  nabaritzen da zelaian. Maila hobetu dugu eta denboraldi honetan inoiz lortu dugun posturik onena eskuratu dugu: laugarren gelditu gara», argitu digu Onintzak.

Taldean adin askotako neskak daude, eta Anek adierazi digunez, hori ez da oztopo izan, abantaila baizik: «Lehengo urtetik Euskadiko selekzioan jokatzen dut. Oso gustura nago, ez bainuen hain urrun iritsiko nintzenik uste. Bai selekzioko jokalariengandik, bai klubekoengandik, gauza asko ikasi ditut». 

Etorkizun iluna. Taldean jendea behar dutela diote biek aho batez. «Oso zaila da neskak kirol honetara erakartzea. Kanpotik oso gogorra ematen du, baina ez da hainbesterako. Lurrera erortzea ez da inorentzat atsegina, baina azkenean ikasi egiten duzu minik ez hartzeko ondo erortzen. Jokatzen hasi nintzenetik, ez dut garrantzizko lesiorik izan», azaldu digu Onintzak. 

Euskadi, Nafarroa eta Donibane Lohitzuneko selekzioekin aritu izan da Onintza. 15 neska lortzea zaila izaten da, eta bera beti dago prest. Halere, laster taldez aldatuko dela iragarri digu. «Jendea erakartzeko gehiegizko esfortzua egin dudala uste dut, eta oporraldia behar dut. Oraingoz, Donibaneko  taldera noa, eta gero gerokoak. Seriotasun handiagoz jokatzeko aukera izango dudala uste dut». 

Gipuzkoan bi errugbi talde daude: Arrasate eta Atletico SS. Etorkizun zaila ikusten dio Onintzak nesken errugbiari. «Errugbian jokatu nahi duten neskak egon badaude, baina taldeak osatu ezinik dabiltza. Duela urte batzuk Euskal Ligan 12 talde zeuden, eta orain, aldiz, zazpi». 

Gazteak bizkortu egin behar direla diote bi jokalariek, «bestela, emakumezkoen errugbiak etorkizun iluna izango du».



ONINTZA MOKOROA

 Sorlekua: Donostia.
 Adina: 30 urte
Taldea: Atletico San sebastian
Postua: lehen erdilaria

«Errugbia oso gertu sentitu dut beti eta txikitandik jokatu nahi izan dut»
ANE PUERTA

 Sorlekua: Donostia.
Adina: 18 urte.
Taldea: Atletico San sebastian
Postua: aurrelaria

«Errugbian nahi gabe hasi nintzen arren, oso pozik nago kirol honetan gelditu izanaz»