Patxi Urizar Duatleta


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 45 2008/05 »  Patxi Urizar Duatleta

05 Hileko izarra



Patxi Urizar Duatleta

Txirrindulari eta lasterkari onena
Distantzia luzeko Euskadiko txapelketa irabazi du bigarren urtez Patxi Urizarrek. Duatloian hasi zenetik hamar urte igaro dira, eta sasoi onean dagoela frogatu du.

Patxi Urizar duatletak emaitza bikainak lortu ditu berriro ere. Joan den hileko probetan, hain justu, agerian gelditu da Atletico de San Sebastian klubeko atletaren nagusitasuna.  Distantzia luzeko Euskadiko Txapelketan eta Arrigorriagako XI. Duatloian parte hartu berri du, eta bietan izan da garaile.

Urizarri ez zaio garaipena arrotz egiten. Iaz ere Euskadiko txapela irabazi zuen, eta aurreko hiru urteetan, berriz, zilarra.

Proba gogorra Aurtengoan, 34 urteko tolosarrak bi ordu eta 54 minutu behar izan ditu proba osatzeko: 14 km korrika, 58 km bizikletaz eta, bukatzeko, 7 km korrika. Lasterketa benetan gogorra izan da: «Haize handia zegoen eta horrek asko zaildu zuen proba», azaldu digu Urizarrek.

Patxi Urizar gaztetan hasi zen kirola egiten. Txirrindularitzak atletismoak baino lehenago erakarri zuela esan digu. «20 urte bete nituen arte txirrindularitzan aritu nintzen. Duatloian, berriz, 24 urterekin hasi nintzen. Lehenengo bi denboraldiak gogor samarrak izan ziren, ez bainuen korrika egiteko ohiturarik. Halere, denbora pasa ahala, hobetzen hasi nintzen».

Egunero entrenatzea Aurten, hamar urte bete dira duatloian hasi zenetik, eta emai-tzak agerikoak dira. Urizarrek gogoz lan egiten du, egunero. Ez du entrenatzailerik, bere kontura egiten ditu prestaketa-lanak. «Eguerdian bizikleta saioa egiten dut, eta baita korrikako entrenamendu laburra ere. Iluntzean, berriz, korrikako entrenamendu luzea. Asteburuetan bizikletaz ibiltzen naiz».

Atletico San Sebastian klubean dago 2002 urteaz geroztik eta garaipenak bata bestearen atzetik etorri zaizkio. Bat aipatzearren, 2006ko munduko txapelketako S3 mailan brontzezko domina irabazi zuen.

Aurrera begira, berriz, Patxi Urizarrek bi helburu nagusi ditu: «Euskal Herriko zirkuituan emaitza ona lortzea eta Frantziako Powerman duatloi ospetsuan lehen hiru postuetan gelditzea».

 

Patxi Urizarrek egunero entrenatzen du.