 |
|
 |
 |
05
Akrobaziak eta dantza
| Acroindar |
|

Neskek
oreka, malgutasuna eta
indarra behar dute akrobaziak egiteko.
Txunditu egingo
zaituen ikuskizuna |
Ez gimnasia
erritmikoa, ez kirol-gimnasia, eta ezta dantza soil-soilik ere.
Acroindarrek akrobaziak eta dantza garaikidea bateratzen ditu,
koreografia ikusgarriak sortuz.
|
Helis Legorburu
eta Nagore Ormaetxeak txikitandik egin dute dantza, Donostiako Thalia
akademian. Heziketa Fisikoko ikasketak egiten ari zirenean, kirol
modalitate berriak ezagutu zituzten; horien artean, Acrosport, edo,
beste era batera esanda, akrobazia kirola. Berehala piztu zitzaien
betidanik egin izan duten dantza eta ikasi berri zituzten akrobaziak
bateratzeko gogoa. Bi jarduerak batera egiteko modua aztertuz,
Acrosportean egiten zituzten figura estatikoak dantza garaikideko
mugimenduekin elkartuz, gaur egun ezagutzera ematen ari diren kirol
modalitatea asmatu eta Acroindar taldea sortu zuten 2005 urtean.
Lehen urratsak Helis eta Nagorek eman zituzten arren, hainbat taldekide
elkartu zituzten berehala, kirol berriaren erakargarritasuna zela eta.
Gaur egun, 11 neskek osatzen dute Acroindar, denak dantza edo gimnasia
erritmikoaren mundutik etorriak. Astean bitan edo hirutan entrenatzen
dute, Thalia akademian, gauetan. «21:30 aldera egiten
ditugu entseguak, ordu horretan bakarrik elkar baikaitezke».
Dantza garaikidea edo klasikoa eta gimnasiako zenbait elementu alde
batetik, eta figura estatikoak, bestetik, nahasten dituzte
Acroindarreko taldekideek. Elkarketa horretatik abiatuz, koreografiak
asmatzen dituzte, eta musika jakin bat erabiltzen dute koreografia
bakoitzerako. «Gure ikuskizuna oso bestelakoa da.
Koreografietan musika mota asko erabiltzen dugu, baina gehienetan
geldoa izaten da, eztia. Betiko akrobazietan, aldiz, normalean
erabiltzen den musika alaiagoa da».
Emanaldi benetan ikusgarri eta erakargarriak eskaintzen dituzte neska
gazte hauek. «Gure dantzaren bat ikusten dutenean, askotan
ezustean harrapatzen ditugu ikusleak, espero ez dutenean akrobazia edo
figura ikusgarriak egiten baititugu, betiere koreografiaren erritmoa
eta armonia hautsi gabe. Hori da jarduera honen erakargarrietako
bat».
Neska indartsuak
Figura ikusgarriak asmatzeaz gain, Acroindarreko taldekideek badute
beste merezimendurik. Izan ere, betidanik mutilei atxiki izan zaien
zeregina, indartsu izatearena, neskek burutzen baitute kasu honetan.
Asko entrenatzen dute horretarako. «Akrobaziak egiteko,
ezinbestekoa da segurtasuna lortzea. Figurak binaka edo hirunaka egiten
ditugu normalean, eta beraz, guztiok behar dugu gorputzaren erabateko
kontrola. Indarra, oreka eta malgutasuna behar beharrezkoak
dira».
Kirol hau egiteak nolabaiteko arriskua duela ere aipatu digute.
«Akrobazia bakoitzean, oso ongi aztertzen dugu
parte-hartzaile bakoitzak non eta noiz duen arriskua».
Zailtasun horri aurre egiteko, «beste taldekideen
laguntzarekin entrenatzen dugu, eta oinarrizkoa da gure artean
erabateko konfiantza lortzea».
Taldea sortu zutenetik, oso harrera ona izan dute jendartean.
Jarraitzailerik onenak familiakoak eta lagunak dituzten arren,
ezagutzen ez dituztenek ere hitz onak besterik ez dizkiete esaten
emanaldiak ikusten dituztenean. «Guretzat oso baliagarria da
ikusleek ematen diguten adorea, eta baita kritikak ere».
Horren adibide, gero eta emanaldi gehiago eskaintzen ari direla
adierazi digute. «Oso pozik gaude. Denetarik egiten dugu,
kalean, antzokietan, enpresa pribatuetan, hitzaldi edo
kongresuetan… Zenbait kultur etxek ere deitu izan digu
ikuskizun oso bat eskaintzeko. Baina lekurik aproposena antzokiak dira,
musika-giroagatik eta argiek ematen diguten aukera
zabalagatik».
Telebistan Acroindarrek
publizitate bultzada izugarria izan zuen duela hilabete batzuk. Izan
ere, taldekideetako hiruk Tú sí que vales
programan parte hartu zuten. Ez zuten edonolako emanaldia eskaini,
finalera iritsi baitziren. «Donostiako castingera joan
ginenean, ez genuen halako programa batean tokirik izango genuenik
uste. Baina hartu egin gintuzten, eta pixkanaka proba guztiak pasa
genituen, finalera iritsi arte». Oso esperientzia ona izan
dute, eta taldea ezagutzera ematea ahalbidetu die. Izan ere, hori baita
etorkizunerako duten asmoa.
Epe laburrera, «jendeak kirol modalitate berri hau ikus dezan
nahi dugu, eta horretarako, emanaldi gehiago egin nahi
genituzke». Epe luzera, berriz, taldekide kopurua handitu eta
dantza konpainia bat osatu nahi dute. «Taldea handitzeko
proposamen oro entzuteko prest gaude. Prestaketa fisikoa eta gutxieneko
dantza maila izatea garrantzitsua da, baina batez ere, ilusioa eta lan
egiteko gogoa behar dira». Ikusleei, berriz, emanaldiak
ikusteko gonbita luzatzen diete: «Ikuskizun berritzailea da,
lilura handikoa, eta zin egiten diegu ez direla etortzeaz
damutuko».
www.acroindar.net
|
 |
Acroindar taldeko kide bat
erakustaldi batean.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |