Freestyledisc


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 45 2008/05 »  Freestyledisc

10 Egin ezazu saioa


Freestyledisc


Donostiako Kontxa hondartza toki paregabea da frisbeearekin jolasteko.
Biratu diskoa!

Freestylediscek jolasa eta kirola bateratzeko aukera ematen du. Guztiok ezagun
dugun frisbeea besterik ez da behar banaka edo taldeka primeran pasatzeko.  

Nork ez du noizbait betiko frisbeearekin jolastu? 50eko hamarkadan Amerikako Estatu Batuetan asmaturiko objektu hegalari honek izugarrizko arrakasta lortu zuen berehala, eta hainbat kirol eta jolas sortarazi zituen, horien artean ultimate, disc golf eta freestyledisc. Azken urteotan, tradizio handiko kirolak bihurtu dira AEBetan eta Kanadan, baina beren oihartzuna Euskadira ere iritsi da; zehazki, Ibarrara. 

Jan Soerensen danimarkarrak betidanik egin du freestyledisc. 2005 urtean Europako txapeldun bihurtu zen. Gaur egun Ibarran bizi da, eta herriko gazte talde batekin entrenatzen du. Baina bere asmoa kirol modalitate bitxi hau ezagutzera ematea da.  
Zertan datza freestyledisc? Bada, «diskoarekin mugimenduak egin eta jokalarien artean pausoak sortzean», azaldu digu Janek. Bakarrik edo taldeka jolas daiteke, aire zabalean edo toki itxietan. Jolasteko aukera zabala da, eta behar den gauza bakarra frisbeea da.

Janek Donostian txapelketa bat antolatzea du helburu. «Izugarrizko hondartza onak daude freestyledisc egiteko. Hemengo jendea animatzea lortzen badut, Europako freestyler batzuk gonbidatuko ditut», esan digu.

Duela urte batzuk, free-styledisc kirolaren modalitate berria asmatu zuen Janek: disctwirls. Oinarrizko mugimendu ezberdina du: kirol tradizionalean diskoari indarra emateko bi eskuak erabiltzen diren bitartean, modalitate berrian hatzarekin diskoa biratuz hasten da oinarrizko mugimendua.

Gainera, diskoa horizontalki mugitu beharrean, bertikalki biratzen da, eta askoz ere ikusgarriagoa da. «Mugimenduak egin eta koreogafia gehiago asmatzeko aukera ematen du, diskoaren kontrola handiagoa baita», adierazi du Janek.

Kirol gisa, freestyldisc ezin hobea dela diote praktikatzen dutenek. «Sasoi onean egoteko era paregabea da». Baina ariketa fisikoaz gain, irudimena lantzen ere laguntzen du, «edozeinek asma ditzake mugimendu eta trukuak, eta beraz, oso dibertigarria da». 


 

DATUAK


Helbideak: 

www.disctwirls.com

jms@disctwirls.com

Bideoak: 

www.youtube.com/disctwirls

Argazkiak: 

www.flickr.com/disctwirls