Maialen Chourraut Piraguista


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 45 2008/05 »  Maialen Chourraut Piraguista

10 Protagonista


Maialen Chourraut Piraguista


Maialen Chourraut prest dago munduko kanalik gogorrenari aurre egiteko.
«Kanal olinpikoa munduko zailena eta gogorrena da»
Pekineko Joko Olinpikoetan parte hartuko du Maialen Chourraut
Piraguista donostiarrak.

– Zure lehen Olinpiadak izango dira, zer moduz ikusten duzu zure burua?

– Aurten, ur lasterretako nabigazioa dezente hobetu dut. Orain, ikasitakoa eta landutakoa lehiaketan aplikatu behar dut.

–  Bitan izan zara Pekinen entrenatzen. Zein berezitasun ditu kanal olinpikoak?

– Izugarrizko kanal artifiziala eraiki dute, munduko  kanalik zail eta  gogorrena.  Klima aldetik, gainera, udan hezetasun eta bero handia izango dugu.  

– Zailtasunen bat aurreikusten duzu? 

– Zailtasun handiena kanalaren gogortasuna izango da, eta, aldi berean, aukera onena ere bertan dagoela uste dut.  

– Espainiako txapelketa zazpi aldiz irabazi duzu, eta Olinpiadatan egongo zara. Zer gehiago eska dezakezu? 

– Gipuzkoan ur-bizietako kanal artifiziala eraiki dezaten eskatzen dut.  Beharrezkoa dugu Gipuzkoan Slalomeko piraguismoa aurrera eramateko. Eta gauza gehiago eskatzerik izango banu... Olinpiadetan edo munduko txapelketaren batean dominaren bat irabaztea.  

– Zeri diozu beldurrik handiena?

– Mina hartzeari, dudarik gabe.

– Gazte-gazterik hasi zinen piraguismoan, udako ikastaro batean zaletu zinen. Nola gogoratzen dituzu hasi zineneko urte haiek? 

– Talde polit batean hasi nintzen, non lehenengo egunetik piraguismoaz disfrutatzen erakutsi zidaten.  Zortea izan nuen talde horretan hastean. Oroitzapen ederrak ditut.

– Zer esango zenioke piraguista hasiberriari?

– Piraguan ibiltzea gustuko badu, gogotik lan egiteko eta disfrutatzeko esango nioke.

– Entrenamenduei dagokienez, kanpoan entrenatu behar izaten duzu, Euskadin leku aproposik ez dagoelako. Non entrenatzen duzu? 

– Ia urte osoa etxetik urrun pasatzen dut. Piraguismoan aurrera egin nahi dugunok ez dugu beste erremediorik, Gipuzkoan ez baitugu toki egokirik gure kirola praktika-tzeko. Hainbat hilabete Seo de Urgelen (Lleidan) ematen ditut, 92ko Joko Olinpikoetarako egin zuten kanal artifizialean entrenatzen.  Bestalde, neguan asko bidaiatzen dut udan dauden herrialdeetara. Maiatzetik aurrera, berriz, txapelketaz txapelketa ibiltzen naiz.

– Uste duzu Euskadin ur bizien kanala eraikitzerik badagoela? Non izango litzateke aproposa?

– Kanal bat eraikitzea gure aspaldiko aldarrikapena da. Jakina da gaur egun ur bizien kanala edonon eraiki daitekeela. Adibidez, Atenaseko Jokoetarako ez zuten ibairik kanal bat egiteko.  Oztopoari aurre egiteko, itsasoko ura hartu eta zirkuitu itxiko ikaragarrizko kanala eraiki zuten. Gipuzkoan, esate baterako, toki askotan eraiki daiteke gure ibaietako urak aprobetxatuz: Oria ibaian, Bidasoan, Urumean... Politikariak ados jarri behar dira proiektua aurrera eramateko, baina ezinezkoa dela dirudi.  

 

NOR DA?

Sorlekua: Donostia.

Bizilekua:  Lasarte-Oria.

Adina: 15 urte

Kluba: Kraft Atletico San Sebastian.

Palmaresa. 2004: Europako 23 urte azpiko txapeldunordea. 2006: Europako 23 urte azpiko 4.a. 2007: Munduko Txapelketan 14. postua,  eta txartel olinpikoa.