 |
|
 |
 |
05
kirol-epaileak
Endika Martin, David Martin eta Aitor Mitxelena |
|

Endika
Martin, David Martin eta Aitor Mitxelenarekin egon gara epaile-lana
zertan datzan konta diezaguten.
Ardura kontua |
Futbol,
saskibaloi eta
mahai-teniseko arauak beste inork baino hobeto menperatzen dituzte.
Endika Martin, David Martin eta Aitor Mitxelena gazteak kirol-epaileak
dira eta beren esperientziaren berri eman digute.
Endika Martin
«Hain urduri nengoenez, partida hasieran kronometroari ematea
ahaztu zitzaidan»
David Martin
«Txilibitua behar bezain altu joko ote
nuen
pentsatzen nuen nire lehen partidan»
Aitor Mitxelena
«Hasi nintzenean, jokalariak baino
urduriago egoten
nintzela ziurta dezaket»
|
Jakina
da gero eta jende
gehiagok, gazte eta helduek, kirola egiten dutela. Kirolaren zenbait
alderdi etengabe ari dira eboluzionatzen eta indartzen. Beste alderdi
batzuk, berriz, traba gehiago dituzte aurrera egiteko, eta
ezezagunagoak egiten zaizkigu. Epaileen kasua da hori. Dirudienez,
kirolari kopuruak gora egiten duen bitartean, epaitzeko prest dagoen
jende kopurua bere horretan mantentzen da, eta are gehiago gaztetxoen
kasuan
Epaile-lana ondo ikasteko, beheko mailatan hasi behar da, eta pixkanaka
igo, prestakuntza garaian izandako bizipenekin trebatu ondoren.
Kirolariek arrakasta oso gazterik lor dezaketen bitartean, epaileek
urte gehiago eman behar dituzte profesional onak izatera iritsi baino
lehen. Kirolarien baliabiderik onena gaitasuna den bitartean, epaileena
arbitratzeko konpromisoari aurre egitea ahalbidetuko dien esperientzia
da.
Epaile-lanaren nondik norakoak eta alderdi positibo eta negatiboak
ezagutzeko, gazte-gazterik hasi ziren hiru arbitrorekin hitz egin dugu:
mahai-teniseko epaile Aitor Mitxelena, saskibaloiko David Martin, eta
futboleko Endika Martin.
FAMILIAREN TRADIZIOA
Bide desberdinetatik iritsi dira arbitro izatera. Endikari, adibidez, familiatik datorkio zaletasuna. «Osaba eta aita epaile izan ziren, eta lehengusua ere horretan jarduten da. Beraz, nirea txanda kontua zela esan daiteke. Pixkanaka hasi nintzen probatzen, eta gustatzen hasi zitzaidan».
Oso bestelakoa da Aitorren kasua. Mahai-tenisa izugarri gustuko izan du beti. Epaile izateak kirol horretatik oraindik ere gertuago egotea
ahalbidetuko ziola pentsatu zuen, eta duela sei bat urte, behe-mailako
lizentzia eskuratu zuen. Gainsoldata lortzeko era ere lortu zuen
epaile-lanarekin. «Zorte handia dut, gustuko dudana
egiteagatik
ordainsaria jasotzen baitut».
Davidek, berriz, ia nahi gabe ezagutu zuen epaile-lana.
«Duela
bost bat urte, eskolako saskibaloi koordinatzaileak talde baten partida
arbitratzeko eskaera egin zidan eta asko gustatu zitzaidan. Orduz
geroztik aritu izan naiz eskola-partidatan».
Kirol batean zein bestean, epaile izateak ardura handia izatea dakar,
eta hirurek ekarri dute gogora lehen aldiz arbitratu zutenean
erantzukizun horrek sentiarazi zien ikara. «Hain urduri
nengoenez, kronometroari ematea ahaztu zitzaidan», esan digu
Endikak. «Jokalariak baino urduriago nengoela ziurta
dezaket», adierazi du ildo berean Aitorrek.
«Txilibitua
behar bezain altu joko ote nuen pentsatzen nuen hasi baino
lehen», aitortu du Davidek. Erantzukizuna eta autoritatea.
Horixe
da hiru gazte hauek epaile-lana egin behar dutenean aintzakotzat
hartzen dutena. «Azken finean, partidetan arbitroak hartzen
ditu
erabakiak eta berak zuzentzen du jokoa, baina ez ditu nahierara
hartzen, aldez aurretik ezarritako arauen arabera baizik»,
esan
digu Aitorrek.
Protestak Erantzukizunaz
gain, ordea, partidetan erabakiak hartzeak badu beste ondorio
latzagorik ere. Jokalarien, hauen gurasoen eta ikusleen protestei buruz
ere mintzatu dira. «Batzuetan, jendeak arrazoirik gabe egiten
du
protesta», esan digu Davidek. «Betiko kontua da,
baina
egoera horiek desagerrarazten saiatu behar gara, eta horretarako,
entrenatzailearen zeregina oso garrantzitsua da, berak erakutsi behar
baitie jokalariei arbitroak errespetatzen», azaldu digu
Endikak.
Mahai-tenisaren kasuan, berriz, alderdi negatibo hau ez da horren
nabarmena. «Normalean, dotorezia handiz jokatzen dira
partidak», adierazi du Aitorrek. Nolanahi ere, hirurek izan
dute
larritasuna sorrarazi dien gatazkaren bat. Aitorrek kontatu digunez,
behe kategoriatan sortzen dira arazo gehienak. Goi kategoriatan,
erantzukizuna handiagoa izan arren, jokalarien profesionaltasun maila
ere nabarmenagoa da, eta horrek jokoa zuzen burutzea ahalbidetzen
du».
Trantze latzak jasan arren, ez dira inoiz ere dena bertan behera uzteko
tentaldian erori. Endikak, adibidez, argi dauka kasu horietan izan
behar duen jarrera. «Ikusleak badira, ez diot inolako
garrantzirik ematen esaten didatenari. Eta jokalariren bat edo
partidarekin erlazionaturiko norbait bada, zigorra jartzen diot
zuzenean», adierazi du, irmo.
Besteen tokian jartzearen zailtasuna ere aipatu du Davidek.
«Arbitroak kritikatzen dituztenek partidarik arbitratu ez
dutela
eta gure tokian jartzen ez dakitela pentsatu ohi dut», esan
digu.
Nork bere burua errespetaraztea ere ezinbestekoa dela dio Aitorrek.
«Jokalariak errespetatuz, epaileok ere geure burua
errespetarazten dugu».
Zorrotzegiak?
Epaile
batzuk besteak baino zorrotzagoak zergatik ote
diren ere eztabaidatu dute. «Zenbait partidatan ez da komeni,
nolabait esateko, arauak zorrotzegi aplikatzea, ikuskizunaren eta
kirolaren onerako», esan digu Aitorrek. «Hala ere,
ni
jokalari banintz, ez nuke nire antzeko epaile batek nire partidak
epaitzerik nahi», esan digu, txantxetan.
«Joko-arauak
aplikatu besterik ez dut egiten», esan du Endikak,
«baina
giroa ere kontuan izan behar da. Jokalarien artean lehia handia badago,
adibidez, neurtu egin ohi dut zorroztasuna, betiere zuzentasunez
jarduten naizen arren».
Epaile-lana edo jokalari izatea, zer nahiago duten galdetu
diegu,
eta kasu honetan, ez datoz bat. Aukeratzea zaila iruditzen zaio Davidi.
«Bi gauzak ditut oso gustuko, ezingo nuke oraindik aukeratu.
Aurrerantzean, ikusiko dugu», esan digu. Endikak, berriz,
erantzun argia eman digu. «Biak atsegin ditut, baina aukeran,
nahiago dut epaile izan». Aitorren kasua kontrakoa da:
«jokatzen askoz ere gehiago gozatzen dut. Astean zehar gogor
entrenatzen dut asteburuero jokatu ahal izateko». |
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |