Listorreta Zalditegia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 45 2008/05 »  Listorreta Zalditegia

05 Hipica



Listorreta Zalditegia

Listorreta zalditegian hastapen-ikastaroak eskaintzen dituzte.
 
Datorren udan, zaldiz
Gaur egun, zaldiz ibiltzea edonoren eskura dago. hastapen-ikastaroa egitea eta animalia ezagutzea ezinbestekoa da mendira atera baino lehen.

San Marcos, Añarbe ingurua... Donostialdean hamaika toki eder daude. Askorentzat ezagunak izango dira, oinezko ibilaldiak egiteko ezin hobeak baitira. Baina ibilbide horiek berak zaldi gainean egiteak erromantizismo kutsua eman diezaioke gure paseoari.

Errenteriako Listorreta zalditegiak zaldiz ibilbideak egiteko aukera eskaintzen du. Irteerak igande goizetan egiten dira, eta hiruzpalau ordukoak izaten dira. «Zalditegitik goizeko hamarretan atera eta Errenteria inguruko bideetatik joaten gara. Askotan, jendeak eskatuta, Añarbeko zingirara joaten gara, lauoinka ibiltzeko aukera ematen duen bidea delako. Gainera, ibilbidea ederra da benetan, naturarekin harreman zuzen-zuzena ahalbidetzen duena. Gero, hamaiketakoa hartzeko geldialdia egiten dugu sagardotegiren batean eta eguerdiko ordu biak aldera itzultzen gara», azaldu digu Urbano Bravo zalditegiko arduradunak.

Listorretan 60 zaldi baino gehiago dituzte. Batzuk zalditegikoak bertakoak dira, eta besteak zaindu besterik ez dituzte egiten: «Jana emateaz eta garbitzeaz arduratzen gara. Jabearen ardura bakarra zaldia ateratzea da».

Ikastaroa, beharrezkoa Alokatzeko dituzten zaldiak gazteak eta indartsuak dira, baina «ume batek maneiatzeko modukoak» direla argitzen du Urbanok. Hala ere, mendira atera baino lehen, hastapen ikastaroa egitea beharrezkoa dela ohartarazi digu: «Gurekin ibilbidea egiteko, oinarrizko ezagutza  izatea ezinbestekoa da, bestela istripuak gerta daitezke».

Urbanok esan digunaren arabera, «aski da 10 orduko ikastaroa egitearekin. Hasteko, zaldi-eskolan praktikatzea gomendatzen dugu. Gero, trostan eta galopan ibiltzen ikasi dutela baieztatzen dugunean, orduan ateratzen gara mendira».

Urte guztian zehar egin daitezke hastapen ikastaroak, jasotzen duten eskaeraren arabera. Taldeak oso murritzak dira, bi edo hiru taldekidek osatutakoak, eta honenbestez, «lagun bakoitzari behar duen arreta emango diogula bermatzen dugu». Zaldian ibiltzen ikasteko adinari dagokionez, 10 urtetik aurrerako haurrek erraz ikas dezaketela dio Urbanok.

Zaldi-heziera Zaldiak gure aginduak bete ditzan, ezinbestekoa da bezatzea. Zaldi-heziera zaldizkoaren beharren arabera egiten da. «Mendian edo pistan ibiltzen irakasteko, adibidez, hiruzpalau hilabeteko lana behar dugu. Aurrera, ezkerrera eta eskuinera joaten, eta trostan eta galopan ibiltzen irakasten diogu. Bestelako ariketak egitea nahi badugu, berriz, atzeraka edo artazika ibiltzea esate baterako, heziketa sakonagoa beharko dute, hainbat urtekoa», argitu digu.

Listorretan 60 zaldi baino gehiago daude.