Donostiako Itzulia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 45 2008/05 »  Donostiako Itzulia

04 Mendia

Donostiako Itzulia

Donostia oso-osorik ezagutzeko
80ko hamarkadan zabaldu zen, baina oraintsu berreskuratu dugu.
Donostiako itzulia oinez zein bizikletaz egiteko egokia da eta paisaia zoragarriak ikusteko aukera ematen du.

Bizi garen garaiotan, gizartean gero eta arrakasta handiagoa du plazer hutsez ibiltzeak. Aisialdia betetzeko modu bat hainbat parajetatik barrena oinez ibiltzea dugu, eta paraje horiek herri, eskualde, erkidego edo nazio mailakoak izan daitezke.

Ibiltzea, gainera, osasungarria da, kirol ariketa bat egiteko eta aisialdiaz gozatzeko modua. Zalantzarik gabe, natur inguruneek hiri barrukoek baino erakargarritasun handiagoa dute, baina hirikoek ere badute beren xarma.

Donostia Kirolak eta Vasco de Camping Elkarteak berreskuratu eta aurkeztu berri duten Donostiako Itzulian, antzina mendi-bidea zena zementuz estalita dago egun, eta baserri inguruko ibilbide bukoliko hark xarma pixka bat galdu duen arren, bizi-bizirik dirau. Izan ere, nahiz eta landa-ingurunea eremu hiritarrera lerratu den, oraindik ere gogor egiten  baitio desagertzeari.

Bistarik ederrenak Itzuli honetan paisaia zoragarriak ikus ditzakegu, alde guztietatik eraikin ugari hazi diren arren, eta bertakoak nahiz kanpokoak liluratuta eta harrituta uzten zituen eraztun berdearen nagusitasuna gutxitu egin den arren. Hala eta guztiz ere, talaia desberdinetatik topa ditzakegun ikuspegiak ahaztezinak egingo zaizkigu, eragozpen guztiak gorabehera.

Ibilbidea Kresala SM taldeak prestatu zuen 80ko hamarkadan (1982), eta bideak berak duen herri-izaeragatik, oso harrera ona izan zuen zaletuen artean. Urtero irteera bat antolatzen zen ibilbide hau osatzeko, bai oinez eta bai mendiko bizikletaz ere.
Donostiako Itzulia lurreko bide eta pistetatik barrena zihoan neurri handi batean, eta nahiz eta kutsu landatar hori oraindik ere gordetzen duen, xarma pixka bat galdu du, gaur egun zementu eta asfalto gainean egiten baita dena.

Oinez zein bizikletaz Mendi-ibilbide osoa egitea ezin hobea da. Bereziki, oso gomendagarria da mendiko bizikletaz egiteko, eta baita azkeneko metroak korrika egiteko ere. Ez dago galtzeko arriskurik, balizak baitaude bide guztian, eta marka zuri-urdinak oinez dabiltzanentzat. Laranja koloreko antzinako markak geratzen dira ibilbidea bizikletaz egiten dutenentzat.

Oinezkoentzako bideak 35 km neurtzen du, eta 42 km mendiko bizikletaz egiten denak, ibilbidean zehar errepideren bat hartu beharra dugulako tarteka, mendi-bide bakan batzuetatik joan beharrean. Ibilbidearen sektore bat Astigarragako lurretatik igarotzen da. Gogoratu beharra dago ibilbide hau egin zenean Astigarraga Donostiaren parte zela.

Bide biribila denez gero, irteera eta helmuga Donostiako Udaletxea izango da, baina horren purista ez direnak Ondarretako Ezeiza Hoteletik has daitezke, nahiz eta era horretan itsasertzeko pasealeku paregabea galdu egingo duten.

Garrantzitsua da ibilbide hau zatika edo sektoreka egin daitekeela adieraztea, bidean aurrera goazela hiriburura itzultzeko aukera izango baitugu garraiobide publikoa erabiliz.


        


           
       

  
                               
                                 
Donostiako Itzuliaren oinezkoentzako bideak 35 km neurtzen du, eta bizikletaz
egiten denak, berriz, 42 km.


Mendiko bizikletentzako ordezko bideak

Ibilbide hau berezia da mendiko bizikletarekin egiteko. Guztira 42 km dira eta eroso samarra da.

“Erregenea” egoitza multzora iristean, txirrindulariek ingurabidetik barrena jarraitu beharko dute, parkearen goiko aldean sartuz.

Añorga Txikira jaisterakoan, Lindaberri baserriaren bideari jarraitu beharrean, errepidean aurrera egin liteke, eta gero, auzoaren aldirietan bidearekin bat egin.
Ergobian, mendiko bizikletentzako ibilbideak, industrialdean sartu eta gero, ezkerretara topatuko dugun bigarren bidegurutzetik joko du, “Oiarbide bidetik” hain zuzen ere.

Santiagomenditik jaistean, berriz, mendiko bizikletazale batzuek errepidetik jarraitu ohi dute, baina mendi-bidea ere guztiz egokia da bizikletaz ibiltzeko.

Uraren garraio-dorreen mendiko bidean, Astigarragako Bentak-Perurena igaro ondoren, ur-biltegira iristen garenean, ezkerretik doan pista hartu behar da, eta Putzuetako urtegira Menditxo jatetxetik barrena iritsi, eta gero, Garbera-Eroski errepidearekin bat egin. Mendiko bidea eginezina da bizikletentzat.

Mirakruz gainetik Uliara doan igoeran, Mendiola bidetik barrena PR mendiko bidera iristen garenean, gomendagarria da errepide estuan aurrera segitzea Mendiolako zabaldiraino, eta gero ezkerretara jo, pisten bidegurutzean mendiko bidearekin bat egin arte.

Erreginaren eta Baleazaleen haitzak eta errota gainditu ondoren, Uliako mendi-bizkarrean, egokiagoa da errepidetik jaistea plazatxoraino, eta eskuinetara hartu iturriko bidetik funikularraren lubaki-bide zaharreraino, Ategorrietaraino, eta bide zaharretik  Zurriolaraino jarraitu, nahi izanez gero “Zemoria” kaleko gainbehera handia ekiditeko, baina ohartarazi behar da bide tarte hori ere egokia dela bizikletentzat.





1 Donostia: Ibilbidea Udaletxean hasten da eta Kontxako pasealekutik barrena doa Ondarretako hondartzaraino.

2 Igeldo: Ibilbideak Igeldoraino eramango gaitu. Ordezko bidea ere egin daiteke, Etume egoitza-multzotik barrena.

3 Añorga Txiki: Garoa kanpinaren plazatxotik hasita, A-8 autobide azpiko igarobidetik Aingeru Zaindariaren bidegurutzera eta handik Añorga Txikira iritsiko gara.

4 Oriamendi: Añorga Txikin Oriamendira doan pista hartu ondoren, Astigarragako lurretan sartu eta Ergobiara helduko gara.

5 Santiagomendi: Ergobiatik Santiagomendi gailurrera iritsiko gara, eta handik, Astigarraga, Oiartzun eta Errenteriara doazen errepideen bidegurutzea den Astigarragako Bentak-Perurenara.

6 Intxaurrondo: Errenteriara doan bidea jarraituz, Arkiri Baserrira helduko gara, Itxaurrondo-San Marko pistara. Garberako Bidegorria hartuz, Intxaurrondora iritsiko gara. Handik, Zubiaurre zubia zeharkatu eta Mirakruz gainera.

7 Ulia: Mirakruz gainean, Ulia mendiaren oinetik gora eginez, mendi tontorrera iritsiko gara. Donostiako ikuspegirik ederrenekin gozatu eta gero, behera egingo dugu Okendo kultur etxeraino, eta handik Donostiako Udaletxeraino.