Donostiako Hiria Txapelketa


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 45 2008/05 »  Donostiako Hiria Txapelketa

10 Areto-fulbola


Donostiako Hiria Txapelketa


Donostiako Hiria Txapelketan emakumezkoek osaturiko 12 taldek eta gizonezkoek osaturiko beste 36k hartuko dute parte.
Donostia, areto-futbolaren  hiriburua
Areto-futboleko III. lehiaketa ekainaren 14an jokatuko da Donostian, eta leku askotatik etorritako 48 talde bilduko ditu, bai emakumezkoenak eta bai gizonezkoenak ere.   

                                     

Ekainaren 14ean Donostia areto-futbolaren hiriburu bilakatuko da. Txapelketa Donostialdeako zortzi kiroldegitan jokatuko da aldi berean, goizez eta arratsaldez. Lehen mailako areto-futbola eskainiko duen ikuskizun paregabea.

Intxaurrondoko CDI kirol elkarteak antolatzen du urtero txapelketa. Antolatzaileek azaldu digutenez, «Donosti Cup futbol lehiaketaren arrakasta ikusita, areto-futbolari beharrezkoa duen bultzada emango zion antzeko torneoa antolatzea bururatu zitzaigun». 

Aurtengoa hirugarren edizioa da eta, dirudienez, txapelketak sendotzeko bidea hartu du dagoeneko. Izan ere, parte-hartzea inoiz baino altuagoa izango da. «Izena emateko epea bukatzeko hilabete falta zenean, iazko talde kopurua gainditu genuen. Oso datu positiboa da», azaldu digu Javier Donamaria kirol elkarteko gerenteak. 

Gainera, aurreko urteetan ez bezala, emakumezkoen taldeak ere izango dira. «Oso pozik gaude aurtengoan emakumezkoen 12 taldek parte hartuko dutelako. Iaz, berriz, ez zen emakumezkorik izan, bost taldek bakarrik eman baitzuten izena».

48 talde Lehiaketak 48 talde bilduko ditu: 36 gizonezkoenak eta 12 emakumezkoenak. Leku askotatik etorriko dira, besteak beste, Katalunia, Toledo, Extremadura, Kantabria, Galizia, Aragoi, Mallorca, Nafarroa, eta Euskaditik. Gainera, aurten nazioarteko torneoa dela esan daiteke, Frantziako Orleans taldeak ere parte hartuko baitu. 

 Estreinako ekitaldian 18 taldek parte hartu zuten, eta Iruñeko Sotak irabazi zuen. Lehen mailako taldeak parte hartzeak txapelketaren antolaketari berriz heltzeko kemena eman zien antolatzaileei: «Lehen mailakoa izanik, txapelketa maila handikoa dela geratu zen agerian». Bigarren urtean, berriz, Bilboko GSI taldeak eskuratu zuen txapela Sotaren aurka jokatutako finalean. 

Gauzak horrela, lehiaketak areto-futboleko talderik onenak ikusteko aukera emango du. «Parte-hartzaileen maila gero eta handiagoa da. Kalitatezko areto-futbola eskaini nahi dugu, eta aldi berean, aste bukaera polita igarotzeko aukera eman nahi diegu kanpotik etorriko diren taldeei».
Gainera, irabazleen artean 6.000 euro baino gehiago banatuko dira: 3.000 euro txapelketa irabazten duenarentzat eta, gainontzekoa, lehen postuetan gelditzen direnentzat. 

Maila hobetu beharra Areto-futbolak toki garrantzitsua du kirol elkartean: lau talde dituzte kategoria ezberdinetan, eta horietako bat zilarrezko mailara igotzear dago, maila horretako Gipuzkoako talde bakarra izanik. 

Kirol honek Gipuzkoan bizi duen egoerari dagokionez, gipuzkoarrak maila gorenetan  sartzea beharrezkoa dela uste dute antolatzaileek. «Gipuzkoan ez dago ohorezko edo zilarrezko mailatan jokatzen duen talderik. Gure inguruan, berriz, Bizkaian, Araban edo Nafarroan, hainbat talde dituzte maila gorenetan. Guk zilarrezko mailara igotzeko aukera dugu, eta hala bada, ea ondo aprobetxatzen dugun». 

Aldi berean, taldeen maila hobetzeaz gain, jokalari gipuzkoarren maila ere hobetu beharra dagoela uste du  Javier Donamariak. Eta horretarako, erreferentziazko taldea sortu beharra dagoela irizten du: «Futbolean Reala eta saskibaloian Bruesa ditugun bezalaxe, gurean ere erreferentziazko taldea osatzeko esfortzua egin beharko litzateke. Ibarra oso talde ona izan zen, baina maila galdu zuenetik taldea ahuldu egin zen. Tamalgarria da horrelako talde garrantzitsuak desagertzea». 


 

DATUAK


Sarrera: doakoa

Lehiaketaren hasiera:  09.30ean

Finalak: 21.00etan

Sari banaketa: 00.00etan

Sariak: 6.000 euro baino gehiago.