Mugi 5 2003/06


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 5 2003/06

Mugi 5 2003/06
Amaitu da ikasturtea, eta horrekin batera MUGI aldizkariari ere heldu zaio oporrak hartzeko txanda. MUGIrik gabe igaroko ditugun udako hilabeteak dira, ordea, kirola egiteko egokienetakoak, eguraldi ona lagun hiri osoa bilakatzen baita atari zabaleko kiroldegi. Horretaz baliatzeko gonbita egiten dizue, beraz, Donostiako kirolari eta kirolzaleak mugiarazi nahi dituen aldizkariak. Eta horretarako, zer informazio praktikoa baino egokiagorik.

Nork bere kabuz, lagunekin edota familiakoekin, ohiko elkarte edo klubaren baitan, atari zabalean zein hiriko kirol instalazio pribatu eta publikoetan... Kirola egiteko mila aukera daude, eta guztiak dira komenigarriak. MUGIren ale honetan, ordea, hiru atal landu ditugu bereziki: UDA 2003 kanpainaren baitan eskaintzen diren udako kirol jarduerak, bizikletak leku batetik bestera mugitzeko nahiz kirola egiteko eskaintzen dituen aukerak eta hirigunetik gehiegi aldendu gabe naturaz gozatzeko sortu diren aukera berriak.

Atal nagusia Donostian zein Gipuzkoako beste udalerri askotan garatuko den UDA 2003 ekimenari eman diogu.

Izan ere, inoiz ez da udan bezain zabala gogoko dugun kirolari edota, beste muturrean, inoiz probatu gabe eduki arren biziki tentatzen gaituen jarduera horri ekiteko aukera. Ikastaro eskaintza izugarri zabala da egutegiari, adinari, ordutegiari, jarduera motari eta hizkuntzari dagokionez. Hori guztia argitalpen bakar batean jasotzea ezinezkoa denez, soilik azaleko begiratua eman diegu guztiok eskura ditugun jarduerei.

Norberak bilatu behar du bere behar edo asmoetara ondoen egokitzen den jarduera, eta horretarako ezinbestekoa da informazio iturri zehatzetara jotzea eta, batez ere, dagoen aukera sorta arreta handiz aztertzea.

Urte osoan da egokia bizikleta Donostian mugitzeko, baina izugarri areagotzen da txirrindulari kopurua udan. Atal berezia eskaini diegu.
| 10-11 >>> |
Donostian natur guneetan paseatzeko aukera bikaina dugu uda garaian. Kostaldeko ibilbideak eta Artikutza dira horren lekuko.
| 12-15 >>> |