ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Hondartzan


Harea ez da soilik gazteluak egiteko



Arroparen zama kendu duen gorputza mugitzera animatzen dute hondartzak eta itsasoak. Badago horri etekin handiagoa ateratzeko modua: hondartzan egiten diren ikastaroetan parte hartzea.







Lehiaketa batean hondartzan egin daitezkeen kirolen zerrenda eskatuko baligute, eta erantzun zuzen bakoitzeko euro bat eman, afaritxo bat egiteko adina aterako genuke irudimen apur bat izanez gero, lehorreko kirol ia gehienak hartzeko gai baita harea. Inongo ikastarotan parte hartu gabe ere ehunka lagun ariko dira hurrengo asteetan palan, oinez, korrika, futbolean... Hondartzako saioei etekin handiagoa atera nahi dietenek, ordea, hondartzetan gero eta presentzia handiagoa duen kirol bat –hondartzako boleibola– menderatzeko eta kirol ezezagunago bat –hondartzako errugbia– probatzeko bidea izango dute.

Aretoko boleibola bera baino ezagunagoa ari da egiten hondartzakoa, ikusteko zein jokatzeko oso atsegina da eta. Hondartzako boleibolean hala moduz edo txukun –arauak eta teknikak ezagututa– joka dezakegu, izan ere horretarako aukera ematen diete adin guztietako hondartza zaleei Atlético San Sebastiánek (haurrentzat soilik, kasu honetan), Bera Bera R.T.-k eta Fortuna K.E.-k antolatzen dituzten ikastaroek.
Hondartzako errugbi ikastaroak, berriz, haurrentzat antolatzen dituzte soilik: 10-16 urte bitartekoentzat Atlético San Sebastiánek (uztailean, Kontxan) eta 10-14 urte bitartekoentzat Bera Bera E.T.-k (ekainean eta uztailean, Zurriolako hondartzan).

Ez genuke hondartzako kirolei emandako tartetxoa amaitu nahi garrantzi handiko aholku bat errepikatu gabe. Hondartzan kirola egiterakoan, zorrotz errespetatu behar dira horretarako gordetako guneak. Palan, boleibolean edo futbolean aritzeko gune bereziak daude hondartzetan, eta horietan aritu behar da, eguzkitan etzatera edo paseatzera joan direnei enbarazu egin gabe.

Hondartzako boleibola
Hondartzako errugbia


Ur gainean eta azpian





Urari lotutako kirolen ingurukoa da, agian, eskaintza zabalena, guztira 4.700 plaza baino gehiago eskaintzen baitira atal honetan. Badira urtero sekulako arrakasta izan ohi duten jarduerak –nagusiki, iaz 1.520 parte-hartzaile izan zituen piraguismoa–, baina ur azpiko zein gaineko aukerak ez dira horretara mugatzen, ezta gutxiago ere.

Has gaitezen ur gainekoekin. Esaterako, surfaren modalitatetzat har daitekeen bodyboardarekin. Betiko txanperoarekin aldera daitekeen kirol honetan Bera Bera R.T.-ren eskutik aritzeko aukera 6-10 bitarteko haurrek dute soilik. Zurriolako hondartzan egingo dira ikastaroak uda osoan, eta oso zabala da euskarazko ikastaroen eskaintza. Bera Bera taldeak zein surfaren alorrean erreferentzia den Pukas eskolak eskaintzen dituzten surf ikastaroetara, aldiz, adin guztietakoak bil daitezke. Eskaintza oso zabala denez –ikastaro eta ordutegi ugari eta 1.000 plazatik gora daude, 800 soilik 16 urtetik beherakoentzat–, interesa duenak hobe du liburuxka kontsultatzea.
Piraguismoan ere izugarri zabala da eskaintza, ia 3.000 plazakoa. Beraz, aholku bera horri buruz ere... Itsas gaineko ikastaro eskaintza bela (Real Club Naúticok) eta gurutzaldi (Real Club Naúticok eta Fortunak) proposamenek biribiltzen dute. Nabigatzeko haizearen indarraz baliatzen adin guztietakoek ikas dezakete; gurutzaldiei loturiko jarduerak, ordea, gazte eta helduei eskaintzen zaizkie bakarrik.

Beste horrenbeste esan daiteke eskafandrismoaz, APSASen eskutik gazte eta helduek baitute soilik botiladun urpekari bilakatzeko aukera.

Umeek ere badute, alabaina, urpean ibiltzeko aukera. 7-16 urte bitartekoei zuzendutako ikastaroak antolatu ditu APSASek, eta elkarte horrek zein Buceo Donostik itsas natura ezagutzeko murgilaldiak ere egingo dituzte, aire botilak erabili gabe.

Bodyboarda eta surfa
Piraguismoa
Bela eta gurutzaldia
Eskafandrismoa
Urpeko jarduerak