Izotzetan, Ibaian eta Mendian


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 5 2003/06 »  Izotzetan, Ibaian eta Mendian

Izotzetan, Ibaian eta Mendian

Izotzetan





Bero handiko egunetan, fresko-fresko



Urte osoan ditu zabalik ateak Donostiako Izotz Jauregiak, eta urte osoan eskaintzen ditu bertan egin daitezkeen kirolei lotutako ikastaroak zein izotzaz gozatzeko aukera atseginak. Udako egun beroetan, ordea, inoiz baino atseginagoa izan daiteke izotz gaineko giro fresko-freskoan murgiltzea. Hiru jardueratan parte hartzeko modua ematen dute Txuri Urdinek antolatu dituen ikastaroek: izotz gaineko irristaketan, irristaketa artistikoan eta izotz gaineko hockeyan.

Horietako bi 6tik 16 urtera bitarteko eskola-umeentzat dira soilik, horiei zuzenduak baitira izotz gaineko hockey eta irristaketa artistiko ikastaroak. Golak sartu gabe eta zilipurdiak egin gabe patinatzen ikasteko aukera, ordea, adin guztietakoek dute. Ikastaro hauek guztiek badute berezitasun bat: uztailean ematen dira soilik.


Izotz gaineko irristaketa
Irristaketa artistikoa
Hockeya

Naturaz gozatu

airean zein lurrean



Aurtengo Uda 2003 kanpainaren goiburutzat ere har daitekeen hiri osoa kirol gune hiritik kanpoko tokietara ere zabaltzen da, mendian burutzeko hiru jarduera bildu baitira aurtengo egitaraura.



Aldizkari honetantxe (10-11 orrialdeetan) ikus dezakezue zein garrantzitsua den bizikleta ondo menderatzea txirrindua hartu eta kalera edo mendiko pistetara abiatu aurretik. Bada, horixe da Bera Bera R.T.-k eta Donosti Berri elkarteak eskaintzen dituzten mendiko bizikleta ikastaroen helburuetako bat, eta ikastaro hori egiten duenak ederki menderatuko ditu natura ezagutzeko oso egokia den ibilgailua behar bezala erabiltzeko teknika eta trukuak.

Mendiko bizikleta ikastaroa eskola-umeek egin dezakete soilik. Bera Bera R.T.-k prestatu dituen lau ikastaroetan 12-16 urte bitarteko neska- mutikoek har dezakete parte. Donostiatik irtetea eskatzen duenez, bi orduko saioak dira, goizez zein arratsaldez egin daitezkeenak, eta euskaraz betiere. Donosti Berrikoen ikastaroetan 9 urtetik aurrera har daiteke parte. Ikastaro gutxiago egin dituzte, baina luzeagoak dira –txango ederrak, alegia–, eta horiek ere euskaraz. Parte-hartzaileek bizikleta eta kaskoa eraman behar dituzte.


Ibaian



Arrantza egitea ere kirola da



Arrantza egitea ez da soilik kanabera hartu eta ibai edota itsaso ertzean jartzea. Arrantzak baditu bere zientzia eta bere teknika, eta horixe irakatsi nahi die txikienei Bera-Bera K.E.-k antolatu duen arrantza ikastaroak.

Hamabost eguneko lau ikastaro prestatu dituzte uda parterako, eta umeentzat gorde dituzte soilik ikastaro horietako plazak, 8 urtetik 12 urtera bitarteko neska-mutikoek baitute ikastaro horietan parte hartzeko aukera.

Ikastaroak Donostiako inguruetan egingo dira. Beraz, paraje berriak ezagutzeko aukera ere emango dute. Ikastaro hauetan parte hartu nahi dutenek kontuan izan behar dute gutxieneko materiala eurek jarri behar dutela. Zein den arrantzarako gutxieneko materiala? Bada, kasu honetan, kanabera, bainu-jantzia, txankletak eta toalla.


Bera Bera R.T.-k antolatu duen Kirola eta Natura ere oso deigarria da, eta 6-10 urte bitarteko haurrei zuzendua. Ikastaroak irauten duen egunetan bi orduko txangoak egingo dira Donostiako bazterrak hobeto ezagutzeko, goizeko 10etatik 12etara eta euskaraz. Bainu-jantzia, txankletak eta toalla eraman behar direla esaten badizuegu, baduzue pistaren bat, ezta?

Parapentea, aldiz, 16 urtetik gorakoek egin dezakete soilik Parapente Ostargiren eskutik. Ikastaro nahiko bereziak dira, ez ordutegiei lotuak baizik eta helburuka mailakatuak. Hain zuzen ere, hiru mailatan sailkatu dituzte, eta hirugarrena gainditzen dutenek pilotu karneta lortuko dute. Ikastaro egunak ere parte-hartzaileekin eurekin adostuko dira, eta esan beharra dago ez direla ikastaro merkeak. Bai, ordea, hagitz interesgarriak.

Mendiko bizikleta
Parapentea
Kirola eta ingurumena