37 jarduera desberdinetan
aritzeko 27.762 aukera
Hastear dira Uda 2003 kanpainaren baitako zenbait ikastaro, eta horietako askotan agortuta ere badago plaza kopurua. Ikastaro asko, ordea, partehartzaileen zain daude oraindik. Egitaraua aztertuz gero, aukera interesgarri asko aurkituko dituzue udan zehar.
Igeriketa ikastaroak izan ohi dira urtero arrakastatsuenak.
Kirola eta euskara uztartzea ez da arazo: gutxi gorabehera, euskaraz dira ikastaroen erdiak
Iazko kanpainarekin alderatuz gero, zabaldu egin da aurten donostiarrok eskura dugun udako kirol eskaintza, 37 jarduera desberdin eskaintzen baititu Uda 2003 egitasmoak Uda 2002k 27 eskaintzen zituen bitartean. Jarduera bakoitzeko ikastaro ugari eskaintzen direnez, adin guztietako herritarrek 27.762 plaza izango dituzte gogoko duten kirola egiteko edota jarduera berriak probatzeko, 22 klubek eta 4 federaziok prestatu duten eskaintzari esker. Aurreko urteetako zifrei eusten bazaie, adin guztietarako 9.000-10.000 lagun baliatuko dira aurten ere aukera horiez. Ondoko zutabean ikus dezakezuenez, aukera zabalena 16 urtetik beherako eskola-umeei dagokie, jarduera modalitatetan zein plazetan (18.396 daude eurentzat). Gazteek, berriz, 5.278 plaza dituzte aukeran, eta helduek 4.088.
Igeriketa, tenisa edo piraguismoa egin nahi dituenak hartuta izango ditu jada plaza asko, hiru kirol horiek baitira udako «izarrak» (izen emateen %67,3 hartu zituzten iaz), baina hori baino askoz zabalagoa da aukera. Bilatzen jakin behar da soilik ezusteko pozgarriak aurkitzeko, aipatutako hiru horiek bezain interesgarriak diren ikastaro ugari bete gabe geratzen baitira. Izan kontuan, gainera, abuztua Donostian igarotzeko asmoa baduzu askoz ere errazagoa gertatuko zaizula gogoko duzun kirola hautatzeko, eskaria uztailean baino urriagoa izaten baita hilabete horretan. Ikastaroen iraupenari dagokionez, gehienak bi astekoak dira, nahiz eta aste bakarrekoak ere egon. Prezioak, berriz, askotarikoak dira, 20 eurotik aurrerakoak betiere (100 eurotik gorakoren bat ere bada, baina hori baino askoz merkeagoak dira gehienak). Ordutegi eta hizkuntza aldetik ere, aniztasuna da nagusi.
Web gunean eta liburuxkan aurkituko dituzue zehaztasun guzti-guztiak.
Informazio zehatza
eskuratzeko moduak
Elkarte eta erakunde askoren artean antolatzen diren kirol jarduerei buruzko xehetasunak laburbiltzea ezinezkoa da, batez ere dagoen txanda eta ordutegi aniztasuna kontuan izanik. Oro har, esan daiteke irekita dagoela jada izena emateko epea eta hori beti jarduera antolatzen duen klub edo federazioan –gehienetan, ikastaroa egingo den leku berean– burutu behar dela.
Ondo aukeratzeko, dena den, ezinbestekoa da informazio zehatza eskuratzea eta hori behar bezala aztertzea. Uda honetan kirola egin nahi baduzu, beraz, eskura ezazu Uda 2003 liburuxka udal bulego eta kirol instalazioetan, edota jo ezazu Kirol Patronatuaren web gunera, hortxe aurkituko baituzu informazio guzti-guztia:
www.donostiakirola.org
|
Eskola-umeentzat
(16 urte arte)
Arku tiroa
Arrantza
Arraunketa
Beisbola
Bela
Bizikleta triala
Body Board
Kirola eta ingurumena
Eskrima
Eskalada
Hipika
Hondartzako boleibola
Hondartzako errugbia
Igeriketa sinkronizatua
Igeriketa
Irristaketa artistikoa
Izotz gaineko hockeya
Izotz gaineko irristaketa
Kirol konbinatuak
Mahai gaineko tenisa
Mendiko bizikleta
Paddle
Pilota
Piraguismoa
Surfa
Tenisa
Triatloia
Ur azpiko jarduerak eta itsas natura
Ur azpiko jarduerak
Uretako sorospena
Water-poloa
Xake jokoa
Gazteentzat
(17 urtetik 29 urtera)
Arku tiroa
Arraunketa
Bela
Eskrima
Eskalada
Gurutzaldia
Hipika
Hondartzako boleibola
Igeriketa
Izar bateko eta bi izarreko urpekaria
Izotz gaineko irristaketa
Mahai gaineko tenisa
Paddle
Parapentea
Piraguismoa
Surfa
Tenisa
Triatloia
Ur zabaleko jolas urpekaria (OWD)
Ur azpiko jarduerak
Uretako sorospena
Helduentzat
(30 urtetik aurrera)
Arku tiroa
Arraunketa
Bela
Eskrima
Eskalada
Gurutzaldia
Hondartzako boleibola
Igeriketa
Izar bateko eta bi izarreko urpekaria
Izotz gaineko irristaketa
Mahai gaineko tenisa
Paddle
Parapentea
Piraguismoa
Surfa
Tenisa
Ur zabaleko jolas urpekaria (OWD)
Ur azpiko jarduerak
|