![]() ![]() |
![]() |
| ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO |
|
Prestakuntza fisikoa |
Ezbeharrik gabeko udaldia
Eguzkiak animatuta-edo, sekulako kirolzaletasuna pizten zaigu udan. Gisa horretan, ariketa fisikoari lotutako ezbeharrak ere areagotu egiten dira sasoi honetan. Horietako asko saihestea, ordea, erraza da.
Hidratazioak garrantzi handia du.
Jauziek lesio larriak eragin ditzakete.
Bero bada ere, beroketak garrantzi handia du. |
Setati eta egoskorrak gara, zinez, gizakiok... Izan ere, urtero istripu bertsuak errepikatzen dira uda partean, nahiz eta gehienok ondotxo jakin horiek nola ekidin. Maiz larriak izan daitezkeen istripuak saihesteko, alegia, nahikoa da txikitatik entzun ditugun aholkuei kasu egitea... Horiek errepikatzeari ekingo diogu, bada, oraingo honetan ere. Lehenik eta behin, oso argi izan behar dugu udak ez duela arintzen kirolaren eskakizuna. Hau da, bizikletaz 60 kilometro egitea edo Donostiako zubien bira korrika egitea ez dela samurragoa uztailean martxoan baino eta, horrenbestez, prestakuntza berbera behar dugula. Aitzitik, beroak gogortu egiten du eskakizun fisikoa, eta udan beste urtaro batzuetan baino nabarmenagoa da deshidratazio, bero-kolpe eta intsolazio arriskua. Horren aurkako errezetak ez dira konplikatuak: ur asko edan, arropa egoki, txapel, krema eta betaurreko bidez eguzkitik babestu eta ez ohiko neke edo ondoez seinaleak sortzen direnean gelditzen jakin.
|
| Prebentzio neurriez gain, uretan gertatu ohi diren istripuetan – izaera aldakorra eta indar menderagaitza duen itsasoaren kasuan, batik bat– ezustekoak esku-hartze nabarmena du ezbehar askotan. Beste asko, ordea, nahiko erraz ekidin daitezke. Esaterako, jauziei eta uretan murgiltzeari lotutako lesioak, gaztetxoen artean uste baino ugariagoak eta askotan oso larriak. Uretara salto egin aurretik, ziurtatu hondorainoko sakonera lurra buruaz ez jotzeko behar bezainbestekoa dela, eta neurtu arretaz ertzarekiko edo beste edozein elementu gogorrekiko –tranpolinak, ontziak...– distantzia kolpe arriskutik at geratzeko modukoa dela. Uraren eta gorputzaren arteko tenperatura diferentzia ere arazo larri askoren iturria izan ohi da. Kirola egin ondoren izerdi patsetan bazaude, eguzkia hartzen etzanda egoteagatik azala kiskalita baduzu edo digestioa egiten ari bazara, ez murgildu bat-batean ur hotzetan. |
Busti gorputza atalka eta poliki, tenperatura aldaketari lotutako shocka larrutik ordain dezakezu eta...
Itsasoan, gehiegizko konfiantza itsasoa bera baino arerio beldurgarriagoa izan daiteke. Lehenik eta behin, ezinbestekoa da bainurako gorde dituzten guneetatik ez irtetea. Gune horretatik irten gabe ere itsasoan aurrera egin nahi baduzu, hobe duzu buia-lerrotik hurbil ibiltzea. Edozein arazo baduzu –nahiko ohikoak dira karranpa eta zainelduak– atseden hartzeko aukera eskainiko dizu horrek. Eta deskuidoan itsaslasterren batek harrapatzen bazaitu, ez zaitez horri aurre egiten saiatu, alferrik nekatuko baitzara. Egin ezazu igeri kostaldearekiko paralelo, errazagoa baita horrela –hau da, zeharka– korrontetik irtetea. Betiere, ziurta ezazu igeri egiteko hautatu duzun gunea bistan dutela sorosleek, eta edozein abenturari ekin aurretik neurtu ongi zure indar eta gaitasuna. |
|
Aurten
Hondartza izan ohi da udan atari zabaleko kirol gune nagusia. Itsasoan zein hondarretan, kirol sorta zabala egiteko aukera eskaintzen du, baina badu berezko arriskurik ere. Larrienei, noski, uretan murgiltzen garenean egiten diegu aurre, eta horiek ekiditeko aholkuak aski ezagunak badira ere, urtero izan ohi den istripu kopuruak gomendioak gogoraraztea eskatzen du. Funtsezkoa, noski, itsasoaren egoeraren berri ematen duten banderei, bainurako guneak finkatzen dituzten mugei eta sorosleen gomendioei jaramon egitea da, baita gehien erabiltzen ditugun hondartzen ezaugarriak ezagutzea ere: non dauden zurrunbiloak, nondik norakoak diren korronte eta itsaslasterrak... Horrez gain, goiko atalean emandako aholkuak oso kontuan izan behar ditugu hondartza- egun atseginak izateko. Aurten, ordea, bada ez ohiko faktore bat: Prestige ontziaren ondorioak. Denboraldiaren atarian Donostiako hondartzetako ura bainurako balekoa bada ere, egoera aldatu egin daiteke. Beraz, kontu handiz erreparatu behar diogu aurten uren kalitateari, eta bainua debekatuko balute debekua bete. Egoera horretara heltzen ez bagara ere, gogoz kontrako bisitaria izango dugu ziur aski aurten: galipota. Zikintzen bazara, ez zaitez nola edo hala garbitzen has, ez baituzu ezer lortuko. Sorosleek dute garbigailu egokiena, olioa; baita galipota garbitzeko erabili diren paper edo trapuak botatzeko edukiontzi hori bereziak ere. Azala zure kabuz garbituta ere, bota erabilitako paper edo trapuak edukiontzi horietara. Horietakoren bat ez baduzu eskura, eraman etxera. Ez bota uretara edo hondarretara! |
Urtean zehar ez baduzu batere kirolik egin, ez zaitez saia galdutako denbora guztia udan berreskuratzen. Egokitu kirol jarduera zure egoera fisikora eta ohituretara, eta ekin kirolari era mailakatuan, apurka-apurka.
Urte osorako balio dute kirol jarduera osasungarriaren inguruko errutinek, baita udarako ere. Berotze-ariketek eta kirol saioaren ondoko luzaketa eta erlaxazio saioek, hain zuzen ere, garrantzi berbera dute abenduan eta abuztuan... Axolagabekeriak oporrak zaputz ditzaketen lesioak ekar ditzake.
Ez gutxietsi eguzkiaren arriskua. Babestu larruazala babes faktore egokia duen kremaz atari zabaleko jarduera guztietan, ez bakarrik hondartzan. Eman maiz krema, eta hautatu uretan ere babesten zaituena.
Ura edateko ez da ezinbestekoa egarri izatea... Ariketa fisikoaren ondorioz izerdi asko bota baduzu, edan hura deshidratazioa ekiditeko. Umeen eta adinekoen kasuan bereziki garrantzitsua da bero denean ur asko edatea. Ura esan dugu –ez hotzegia, gainera–, eta ez freskagarri burbuiladunak edo edari alkoholdunak. Uraren alternatiba gomendagarri bakarretakoa zuku naturalak dira.
Digestioaren kontua ez da atso-ipuina, gauza serioa baizik. Jan ondoren, itxaron ezazu gutxienez ordubete uretan sartu aurretik. Digestio etendura, azken batean, lan horretan dabilen gorputzaren tenperatura altuaren –odola gorputzaren atal jakin batzuetan kontzentratzeak ere badu, dena den, garrantzirik– eta uraren tenperatura hotzagoaren arteko kontraste bortitzaren ondorioa da. Oro har, uretan zein lehorrean, arreta handia jarri behar da inguruaren eta gorputzaren arteko oreka termikoan.
Kirola egiten ari zarela ondoezik bazaude, gelditu eta eskatu laguntza.
|