ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Kirola Gipuzkoa osoan

Gipuzkoa osoan







Mugarik gabeko kirol jarduerak



Donostian ez ezik, Gipuzkoako herri askotan antolatzen dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik betiere, haur eta gaztetxoei zuzendutako udako kirol jarduera bereziak.





Urte osoan ematen zaio aparteko garrantzia eskola kirolari, baina ikasturtea amaitzen denean ikastetxearen bidez egiten diren jarduerak bertan behera geratzen direnez, uda partean azken hemeretzi urte hauetan Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu izan duen UDA kanpainak hartzen dio horri lekua.

Ikasturtean zehar eskola kirolaren inguruko jardueretan parte hartu duten 25.000 neska-mutilek badute, beraz, oporretan kirola egiteko modua. Horrez gain, urtean zehar eskura dituzten egitarauetatik kanpo geratzen diren jarduerak dituzte aukeran, eta horiexek izaten dira askotan deigarrienak. Esate baterako, eta adibide bat baino ez da hau, itsasotik urrun bizi direnek hondartza giroan murgiltzeko parada izaten dute maiz.



Nahiz eta Foru Aldundia izan ekimena sustatu eta babesten duena, UDA kanpainaren baitan 6-16 urte bitarteko neska-mutilei eskaintzen zaizkien ikastaro zehatzak udalek kudeatzen dituzte, kasurik gehienetan herriko kirol elkarte eta kluben lankidetzaz. Hortik gorako adina dutenei zuzendutako jardueretan ere hartzen du parte Foru Aldundiak, bere esku baitago ikastaroetan parte hartzen duten guztien gizarte erantzukizuneko asegurua.
Aurten, aurreko urteetan bezala, oso zabala da Aldundiak 48.000 euroz lagundu duen kanpainak proposatzen duen eskaintza: 74 jarduera ezberdini atxikitako 38.500 plaza eskaintzen dira, 54 udalen bidez.

Denatarik aurki daiteke jarduera horietan: aerobika, parapentea, pilota, sofbola, uretako motorrak, water- poloa, igeriketa... Baita kirola egiteko udalekuak ere, kasuren batean. Ikastaro berriak ere badaude aurten, aurreneko aldiz antolatu baitira, besteak beste, urpekaritza, triatloi, uretako motor edo taekwondo ikastaroak.

Bada askok ez dakiten zerbait ere... Izan ere, Gipuzkoako udalerrietan antolatzen diren ekintzetan parte hartzeko ez da ezinbestekoa udalerri horietan erroldatuta egotea. Baliteke, beraz, zure herrian aurkitzen ez duzun jarduera aldamenekoan egotea, edota oporrak igarotzera zoazen lekuan –nahiz eta urtean zehar ez hor bizi– gogoko duzun kirola egiteko aukera izatea.

Aukera sorta izugarri zabal horri ahalik eta etekin handiena ateratzeko, hortaz, guztiz gomendagarria da Foru Aldundiak argitara eman duen liburuxka eskuratzea. Hortxe daude, herriz herri sailkatuta, herri bakoitzean egin daitezkeen jarduerak, baita informazio zehatzagoa lortzeko telefonoa ere. Saiatuz gero, edonork aurkituko du behar duena.