Hirian barrena bizikletaz


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 5 2003/06 »  Hirian barrena bizikletaz

Hirian barrena bizikletaz
Hirian barrena bizikletaz




Eskubideak ez ezik,

betekizunak ere bai



Loraldi betean dago bizikleta Donostian. Gero eta gune egokitu gehiago daude hirian bizikletaz ibiltzeko eta, horren ondorioz, gero eta txirrindulari gehiago; are gehiago uda heltzen denean.



   

Egun, primerakoa da Donostian bizikletaz ibiltzeko dugun azpiegitura, eta luze gabe hobea izango da. Bizikletei eskainitako sarea hedatu ahala, erabiltzaileen kopurua ere areagotu egin da, eta joera horrek udan jotzen du gaina. Izan ere, eguraldiari erreparatu gabe egunero bizikleta erabiltzen duten ehunka donostiarrei, udako egun eguzkitsuetan, sekulako txirrindulari tropela gehitzen zaie, eta txirrindulari udatiar horien artean aipagarria da gaztetxo eta ume kopurua.

   

Txirrindulari heldu zein gazteek, ordea, argi izan behar dute bizikleta ez dela jostailu bat, ibilgailu bat baizik, eta ezinbestekoa dela elkarbizitzari zein segurtasunari lotutako zenbait arau betetzea. Hirian barrena mugitzeko bizikleta hautatu duenak eskubide jakin batzuk ditu, eta horiek bermatu behar zaizkio. Betekizunak ere baditu, ordea...

Donostiako Udalean hiri barruko mugikortasunaz arduratzen direnak eta Kalapie bizikletaren aldeko taldeko ordezkariak bat datoz bizikletaren rola asko aldatu dela esaterakoan. Garai batean –aspaldi– orduan egun baino urriagoak ziren autoekin lehian zebilen garraio mota zen bizikleta. Orduko txirrindulariek jakin bazekiten eurak zirela ahulak, eta kontu handiz betetzen zituzten gutxieneko segurtasun arauak. Gero, urte luzez, kaletik desagertu zen bizikleta, eta jostailu edo kirolerako tresna bilakatu zen.
Bizikleta erosotasunez eta segurtasunez erabiltzeko aukerak sortu ahala, berpiztu egin da bi gurpil gaineko ibilgailua...

Gauzak, alabaina, ez dira lehengora itzuli. Egun galtzadatik eta autoetatik urrundu eta oinezkoengana hurbildu da bizikleta. Beraz, autoen aldean ahula zen ibilgailuak bera baino ahulagoak diren oinezkoekin partekatu behar ditu orain hiriko zenbait gune. Eta soilik bizikletentzat diren bidegorriez gain oinezkoek eta txirrindulariek batera erabiltzen dituzten gune asko daude Donostian. Eta egoera horrek areagotu egin ditu txirrindularien betekizunak eta erantzukizuna.

Segurtasuna eta elkarbizitza

Bi horiek dira, alegia, kontu nagusiak. Txirrindulariak bere segurtasuna ziurtatu behar du, eta baita oinezkoarena ere, azken hori baita elkarbizitzaren gakoa. Horrek esan nahi du txirrindulariak bere garrantziaz eta ardurez jabetu behar duela, eta oinezko zein autoei begirunea eskatzen dien bezalaxe berak ere horixe eskaini behar duela. Adin guztietako txirrindulariek –gazteenek, nagusiki– eskuetan duten ibilgailua ezagutu behar dute, eta hori ondo erabiltzen ikasi. Orriotan eskaintzen dizkizuegun iradokizunei jaramon eginez gero, areagotu egingo da txirrindularien segurtasuna, baita oinezkoena ere. Horren ondorioz, elkarbizitza orekatuan eman ahal izango dugu uda oin zein gurpil gainekoek.







Baliabide

interesgarriak

Bizikleten salmenta eta konponketa

Amara Bike
Estudioen enparantza, 2
943 457 367
Bike Sport
Askatasunaren hiribidea, 6
943 426 637
Matia kalea, 31
943 212 021
Ciclos Luma
Txirrita bertsolaria kalea, 15
943 393 102
Domingo Martinez
Baratzategi kalea, 2
943 279 606
Jaia
Carlos I, 10 (atzealdea)
943 474 442

Bizikleten alokairua

Amara Bike
Estudioen enparantza, 2
943 457 367
Comet
Askatasunaren hiribidea, 6
943 426 637
Rental Bike Center Aritz b&s
Galtzara Nagusia (Gran Vía), 4
943 322 640

Bisita gidatuak bizikletaz

Green Services Beste era bateko txangoak ere antolatzen dituen enpresa honek, bizikletak alokatzeaz gain, ibilaldi gidatuak egiten ditu Donostian eta inguruetan. Informazioa eta erreserbak:
Ramon Maria Lili kalea, 1.a
943 260 598




Bizikletara igo aurretik

Bizikleta:

Saia zaitez bizikletaren mekanika apurtxo bat ezagutzen eta ikasi premiazko konponketak egiten. Esate baterako, zulaketak konpontzen... Gutxieneko erreminta eramatea ere gomendagarria da.
Izan beti bizikleta egoera onean. Ongi erreparatu gurpilei eta freno edo balaztei, oso garrantzitsuak baitira zure segurtasunerako.
Jar iezaizkiozu segurtasunerako beharrezkoak diren osagaiak. Oso garrantzitsuak dira aurreko eta atzeko argiak eta txirrina. Traste asko eramaten badituzu, eta zure bizikletak horretarako aukera ematen badizu, jarri saskian zama guztia zure gainean eraman beharrean. Ez ahaztu bizikleta lotzeko katea.

Ekipamendua eta prestakuntza:


Hirian ibiltzeko ez duzu zertan Indurainen pareko izan, baina ziurta ezazu ondo menderatzen dituzula oinarrizko maniobrak eta seguru sentitzen duzula zeure burua bizikletaren gainean.
13 urtetik beherakoek kaskoa erabiltzea gomendatzen da. Hortik gorakoei ere kalterik ez.
Saia zaitez bistarako deigarria izaten. Bizikletaz ibiltzeko arropak erosoa eta egokia izan behar du, baina horrez gain hobe kolore argi edo deigarrikoa bada, guztiek ondo ikus zaitzaten. Oinetakoek aparteko garrantzia dute. Ezusteko bat baino gehiago izan dezakezu txankletak eta horrelakoak erabiltzen badituzu.
Ezagutu ondo bidegorri eta bizikletentzako bideak. Sare hori ezagutzen baduzu, askoz etekin handiagoa aterako diezu zure mugimenduei.




Bizikleta gainean

Leku guztietan bete beharrekoak:
Errespeta itzazu trafiko-seinaleak: semaforoak, stopak, bidea ematekoak, abiadurari buruzkoak...
Gidatu arreta handiz, eta ezer egin aurretik ondo begiratu alde guztietara.
Nabarmenarazi zure mugimenduak: jo ezazu txirrina nondik zoazen abisatzeko, adierazi besoaz eskuinera edo ezkerra bira egin behar duzula edo gelditzeko asmoa duzula.

Oinezkoak dauden lekuetan:
Oinezkoak eta bizikletak elkarrekin dabiltzan lekuetan –eta Donostian horrelako asko daude– ez ahaztu oinezkoak duela beti lehentasuna.
Gune horietan bizikletaz har dezakezun gehienezko abiadura 5 km/h-ko da.
Gune horietan –erdialdeko oinezkoen kaleetan, Zurriolan, Boulevardean, Alderdi Ederren, Kontxako pasealekuaren zati batean eta beste zenbait gunetan– ibili beti bizikletei gordetako bidean. Ez hortik irten, eta ez ibili oinezkoen artean horiek «eskibatzen».
Bizikletei gordetako bidetik bazoaz ere –lurrean margotutako marrek adierazten dute hori– oinezkoren bat gurutzatzen bazaizu-edo bizikleta gainean zoazen horri tokatzen zaizu gelditzea.
Oinezkoak eta bizikletak elkarrekin dabiltzan lekuetan, aparteko arreta jarri behar da adinekoen eta umeen baitan. Horientzat bereziki arriskutsua izan daiteke bizikleta baten kolpea.

Bidegorrietan:
Bidegorriak bizikletei gordetako bideak direnez, beste txirrindulariekin izan behar duzu bereziki kontu. Kontu izan behar da, halaber, hor sartzen diren oinezkoekin.
Izan gogoan gomendatutako abiadura 15 km/h-ko dela.
Bi bideko bidegorrietan, joan zaitez beti zure bidetik beste bizikleta batzuekin gurutzatzerakoan arazorik izan ez dadin.
Beste bizikleta bat aurreratu behar baduzu, begiratu ea atzetik norbait datorkizun eta adierazi txirrinaren bidez aurrekoari aurreratzeko asmoa duzula.

Galtzadan:


Bizikleta-errail sare zabala dugu Donostian, baina zenbait kasutan ezinbestekoa da galtzadan ibiltzea; hau da, auto eta autobus artean ibiltzea.
Galtzadan ibiltzea arriskutsua izan daiteke, ibilgailu ahula baita bizikleta motorren, autoen edo autobusen aldean. Beraz, hor bereziki egin behar zaie jaramon segurtasunari buruzko aholkuei.
Horrek beldurtzen bazaitu, ez erabili espaloiak galtzadaren ordez. Beste erremediorik ez baduzu, hartu bizikleta eskuan eta ibil zaitez kontu handiz oinezkoen artean.
Joan zaitez beti zure eskuinetik. Espaloiaren ondoko erreia autobus edo taxientzat erreserbatuta badago, erabili hurrengoa.
Gorde ezazu aurreko ibilgailuarekiko distantzia eta ziurta ezazu beti gidariak ikusten zaituela. Hori oso garrantzitsua da maniobra bat adierazteko keinua egiten duzunean.
Birak oso arriskutsuak izan daitezke eta garaiz prestatu behar dira, zer egin behar duzun ondo pentsatuta. Garrantzitsua da bira egin behar duzun aldean jartzea auto baten aurretik ez gurutzatzeko.
Eutsi zure bideari, eta ez ibili auto artean sigi-sagan.
Ez ibili aparkatuta edo geldirik dauden ibilgailuetatik oso hurbil. Ezustean atea irekitzen badute, kolpe galanta har dezakezu.


Informazio iturri nagusiak:

Ondoko helbide hauetan bizikletari buruzko informazio garrantzitsua aurkituko duzue.

Donostiako Udala

www.donostia.org
Hizkuntza aukeratu ondoren, hautatu «bisitatzeko hiria», gero «hiri barruan mugitzea», ondoren «garraioak» eta, azkenik, «ekiozu pedalari hirian».
Kalapie

www.kalapie.org
Bizikletaren inguruko berri eta aholku ugari eskaintzeaz gain, talde honetako kide egiteko aukera duzu.