![]() ![]() |
![]() |
| ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO |
| Natura eskura |
Donostia inguruko itsasaldeko
ibilbideak ezagutzen
Uda garaia aproposa da pasieran ibiltzeko, hiriko asfaltoa ahaztu eta naturaz gozatzeko. Eguraldia lagun ibilaldi laburren bat egiteko gogoa baduzu eta Donostiatik urrutira joan nahi ez baduzu, hona hemen proposatzen dizuguna: egun-pasa Artikutzako basoetan eta Pasai San Pedrora nahiz Oriora ibilaldiak itsasaldetik, estreinatu berri diren bi bide zoragarritan barrena. Orain ez duzu, ez, hiritik ez ateratzeko aitzakiarik.
Donostia inguruan 30 kilometro daude, itsasertzean pasieran ibiltzeko. Donostiatik urrutira joan nahi ez duenak aukera ederra du inguru honetan ibilaldiak egiteko. Hala, Club Vasco de Camping (CVC) elkarteak, Gipuzkoako Mendizale Federazioak eta Donostiako Udalak –diru-laguntza emanda– Oriotik Donostiara bitarteko ibilbidea eta Donostiatik Pasai San Pedrora bitartekoa berreskuratu dituzte, biak ala biak itsasaldean barrena eta guztiz seinaleztatuta. Hiriaren ekialdetik edota mendebaldetik abia gaitezke itsasertzean gaindi. Guztira, 30 kilometro inguru dituzte aipatu ibilbideek eta horien ezaugarrietako bat pasabide arriskutsurik ez izatea eta itsasoari begira egotea da. Hala, bada, Donostia erdialdetik Orioraino ere joan gaitezke, baita Pasai San Pedroko porturaino ere. Txango hauek gustuko dituztenentzat, CVC elkarteak doan banatzen ditu ibilbide horiei buruzko liburuxkak; eta, nahi izanez gero, elkarteak berak ibilaldi gidatuak antolatzen diru gutxiren truke; gainera, ez da beharrezkoa bazkide izatea informazioa jasotzeko. |
Bestalde, Ulia mendia Donostiako parke garrantzitsuena da, eta bertatik Gipuzkoako hiriburua eta Pasai San Pedro batzen dituen bidea pasatzen da, itsaslabarretatik doan bide berreskuratua, hain zuzen. Hori, gainera,Donostiako Udalak eta Club Vasco de Campingek zabaldu dute aurten ofizialki, bertan pasieran ibiltzeko nahiz kirola egiteko. Udalak berak lan eskerga egin du bidea txukuntzen eta lehengo hartan jartzen. Itsasertzetik Oriora doan bidea, berriz, ez da Uliako txangoa bezain zirraragarria, batez ere zenbait pasalekutan asfaltoak nahiz eraikin berriek itsasertzetik aldentzen gaituztelako. Hala ere, antzinako itsasbazterreko bide eder hori ere irekita dago udaberriaz geroztik.
|
|
JESUS MARI ALQUEZAR
Club Vasco de Campingeko presidentea |
«Kostaldea berraurkituko dute donostiarrek»
« Pribilegiatuak gara, Europako hiri gutxitan daukate kostako ibilbide hauen antzekoa »
|
- Donostia eta Orio arteko ibilbidea guztiz eraberrituta eta seinaleztatuta jarri dute aurten, baita Ulia eta Pasaia arteko itsaslabarreko ibilbidea ere. Donostiako kosta berraurkitu dute ibiltariek?
– Halaxe da. Donostia inguratzen duten 30 kilometro kosta berreskuratu dira, bai gure elkarteari esker, baita Gipuzkoako Mendizale Federazioari esker ere; era berean, Donostialdeko hainbat ibiltari eta mendizaleren lana hartu behar da kontuan. Duela zortzi urte, Igeldo eta Orio arteko kostaldeko ibilbidea erabiltzeko moduan jartzea erabaki genuen; hala, Mendizale Federazioarekin ibilbide zaharra berreskuratzea lortu dugu aurten. Seinaleak eta balizak ongi jartzea lortu dugu. Hori bai, kostatu egin zaigu baina, jendeak erabiltzen duen bitartean, bideak irekita jarraituko du. Hori dela eta, ibiltarien artean nahi dugu sustatu itsasaldeko bide hau, betiko irekita gera dadin. - Uliako ibilbideak sustatzeko Plan Berdea izeneko kanpainak izan al du eraginik gure inguruko ibilbideak eraberritzeko orduan? – Bai, azken urteotan mendizale elkarteak nahiz hiritarrak Donostia inguruko bide eta natur guneen alde jarri dira, eta gure ekimenek oso harrera ona izan dute ibiltarien artean. |
Kalean askotan geldiarazi egiten naute, ibilbideak irekitzeko egin dugun ahalegina dela-eta zoriontzeko.
- Zer dute berezi Orio eta Pasaiako ibilbide berriek? – Batez ere, egun erdiko edo egun bateko ibilaldietarako direla aproposak esango nuke. Eguraldi ona izanez gero, zoragarria da goizean Donostiatik Oriora oinez joatea, baita han bazkaldu eta gero trenez etxera bueltatzea ere. Donostia eta Pasaia arteko ibilaldia, ostera, erraza eta entretenigarria da oso, eta nekatuz gero buelta autobusez egin dezakegu. Europan, gainera, oso hiri gutxik dute inguruko kostaldean barrena ibilaldi luzeak egiteko aukera.
|