Donostia-Pasai San Pedro ibilbidea


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 5 2003/06 »  Donostia-Pasai San Pedro ibilbidea

Donostia-Pasai San Pedro ibilbidea
Donostia-Pasai San Pedro




Donostiatik Pasai San Pedrora, Ulia mendiko labarren gaineko itsasaldeko bidetik, 13 kilometroko ibilbidea dugu eta geldialdirik gabe 3 ordutan egiten da. Bideko seinale eta balizak estreinatu berriak dira.




Ibiltari bat Ulia menditik itsaslabarrak eta larreak ikusten.


Irteera: Donostiako Gros auzoan, Mariaren Bihotza ikastolaren elizan, hasten da bidea. Zurriola pasealeku amaierara joanda, itsasertzean, lurra hondaturik duen bideari helduko diogu. Bideari jarraituz gero zelai batera iritsiko gara; hura pasatu eta itsasertzetik jarraituko dugu.

9 min.: Bidea estutzen hasiko da eta sakan batetik pasatu beharko dugu. Ohituta ez daudenek –eta bertigoa izanez gero–, hobe dute beste bide bat hartu, Zemoria pasealeakutik igarotzen dena, alegia (Iradi baserria).



22 min.: Monpaseko etxe-hondarrak. Itsasoa eta lehenengo labarrak agerian uzten dituen behatokia. Tarte horretan XVIII. mendeko gerrarako tresnak daude.



31 min.: Ibilbidean tarte zail samar bat izango dugu ostera, eta hortik joan nahi ez duenak zabalagoa den beste bide batetik joan beharko du. Bideari jarraituz, Kutrallla iturri eta garbilekutik igaroko gara, harik eta itsasorantz doan bideari heldu arte. Hortik itsaslabar zoragarriak ikusiko ditugu.

1: 06 ordu: Txoritxuluak sakanaren hondoa. Gorantz egingo dugu. Goialdetik Donostiako ur zikinak kostatik itsasora eramaten dituen hustubidearen obrak ikus daitezke. Dena ondo zehaztuta dago, eta bidea hustubidearen etxolan amaitzen da.



1:24 ordu: Altu, lanperna tokia. Orain, ibilbide osoko zatirik basatienean sartuko gara. Garbi-garbi dago eta Mendiolako kala ezaguna (Illurgita) inguratzen du. Bideak gora egiten du, Mendiola eta Herri Ametsa ikastolarantz. Errotaxarko iturri-garbilekutik eta arrantzaleen bordatik hurbil igaro eta gero, Pasaiako Portuko Obra Batzordearen tunelaren ahora doan bidea hartuko dugu.



2:10 ordu: Belar gaineko ibilbidean gaindi, Jaizkibel eta Platako itsasargiak izango ditugu begien aurrean, eta hegaztiek bidean laguntzen diotela irudituko zaio ibiltariari.



2:38 ordu: Platako itsasargiko zelaia. Portuaren sarrera eta Jaizkibelgo behatokia izango ditugu parez pare. Jarraian, Trintxerpe aldera jaitsiko gara.



3 ordu: Pasai San Pedroko ontziralekura helduko gara. Alde Zaharreko kale nagusia pasatu, eta Donostiara eraman gaitzaketen autobusen zain gera gaitezke.