Herrixka, ingurune naturala ezagutzeko lehen geltokia.
Artikutza, natura eta historia
hirigunetik pauso batera
Donostiatik ordu erdira dagoen ingurune natural honek izugarrizko balio ekologikoa du. Hala, Donostiako Udalak nahiz natura zaleek leku berezi honetara jotzea gomendatzen diote isiltasun eta natura bila dabilenari.
Izugarri handiak diren zuhaitzak, animalia basatiak, erreka garbi eta gardenak... hori guztia aurki dezakegu Donostiatik ordu erdira dagoen natur gune bitxian, Artikutzan hain zuzen ere. Jende gutxik ezagutzen ditu Donostiako Udalarenak diren lursail basati hauek, eta hara joaterik ere badago nahiz izanez gero. Hori bai, autoz edo autobusez bazoaz, Udalaren baimena beharko duzu Artikutzan sartzeko.
Artikutza babestutako ingurunea da, natur gune honek izan ere balio ekologiko handia baitu, eta horrexegatik behar da Donostiako Udalaren baimena autoz sartzeko asmoa izanez gero.
Hori hala izanik, egunean 60 lagunek baino ez dute bertara sartzeko eskubidea –oinez sartuz gero, ez da beharrezkoa baimena izatea–, eta urtean 3.500 pertsonak bisitatzen dute berez Nafarroan dagoen natur gune hau. Artikutza, gainera, toki bitxia da, izan ere 3.700 hektareako hedadura duen lursaila Goizuetako udal barrutian egon arren, Donostiako Udala da jabea.
Eremu natural honetan pagadiak eta hariztiak dira nagusi; era berean, gorostiak, haginak, basurdeak, lepahoriak edota okilak ikus ditzakegu bazterretan. Bitxikeria moduan halaber, esan dezakegu hemen aurki dezakegula kantauriar isurialdeko landare endemiko berezienetako bat, Soldanella Villosa hain justu ere. Likena ere ugaria da ingurune honetan, natur gune garbi-garbietan soilik ikusi ohi den fosil bizia alegia. Artikutzako urtegia, ostera, denbora luzez izan da Donostialdeko urtegi bakarra; orain, ordea, Añarbek hornitzen ditu alderdi horretako biztanle gehienak.
|
Baina horretaz guztiaz gain bada besterik, izan ere historiaurreko aztarna megalitikoak daude Artikutzan barreiaturik: trikuharriak edo dolmenak, tumuluak eta cromlech edo harrespilak, konparazio batera. Hori guztia Donostiatik 35 kilometrora dagoen natur gune honetan aurkituko duzu.
Bisita gidatuak, ohikoenak
Artikutzara joateko sasoirik egokiena udaberria edo udazkena da, eta jendea, batez ere, zuhaitzen hostoen kolorea aldatzen den garaian joaten da, gipuzkoarrak eta nafarrak batik bat, baina frantsesak eta amerikarrak ere joaten dira antolatutako taldeetan urtean behin edo gehiagotan. Ohikoena antolatutako taldeetan eguneko bisita egitea da, baina bere kabuz finka barruan ibili nahi duenak ere aukera ugari ditu Artikutzan. Bertan sartuz gero, hainbat ibilaldi egin daitezke, zailtasun gutxikoak nahiz ibilaldi luzeak hain justu ere.
Maiatzaren bukaeratik azarora bitartean, bisita gidatuak antolatzen ditu Donostiako Udalak igandero, 40 lagun inguruko taldeetan, hain zuzen ere. Gisa horretan, goizeko 10:00etan Artikutzako etxolaren atarian biltzen dira txangozale guztiak, eta ingurunea ongi ezagutzen duten bi biologorekin batera egiten da ibilaldia.
Hori guztia jakinda, ez duzu, ez, aitzakiarik Donostialdeko natur gune ikusgarri eta bitxi honetara ez joateko!

|
Abuztuaren 28an, erromeria eta pilota txapelketa
Artikutza herrixkak biztanle gutxi ditu, hamabost inguru bertako adindun eta zaindariak kontuan hartuta. Gisa horretan, abuztuaren 28an San Agustin patroiaren eguna ospatzen dute, eta goizeko mezaren ondoren ohiko gazta dastaketa, kantuak eta dantza saioak izaten dira.
Arratsaldean, berriz, giro berezia izan ohi dute, pilota txapelketa jokatzen baitute.
|
Urtero 500 lagun inguru biltzen dira Artikutzan egun-pasa, eta bertaratzen direnak –donostiarrak eta goizuetarrak, batez ere– oinez, autoz edota zaldiz joaten dira. Ostatu Zahar tabernan –herriko taberna bakarra– bertakoekin topo egitea normala izan ohi da.
|
Geure kabuz joateko
gida praktiko eta bisuala
Bertan basurdeak, lepahoriak edo okilak aurki ditzakegu, beste animalia basati batzuez gain
Bisita gidatuak, oso egokiak lehenengo aldiz bazoaz.
Iñaki Uranga Artikutzako administrazio arduradunak urte asko daramatza bertan lanean, eta aspaldi konturatu zen jendea galdu egiten dela bakarkako ibilaldiei ekiten dienean; hala, bakarka ibiltzeko informazioa falta zela ohartu zen Iñaki.
Horregatik, Artikutzari buruzko gida-liburu berri bat argitaratzea proposatu zuten bertako langileek. Hain zuzen, Eneko Agirre Iraeta biologoak, Artikutzan gidari lanetan aritzen denak hain justu, liburua idaztea erabaki zuen. Hala, bada, Artikutzan barrena geure kabuz ibilaldiak egiteko tresna egokia izan daiteke 140 orrialdeko gida-liburu hori. Izan ere, ibilaldia bakarka egitea erabakitzen zuenak informazio falta nabarmena zuen, eta hutsune hori betetzea izan da liburu honen helburua.
Euskaraz eta gaztelaniaz idatzita dago, ibilbideak zehazten dizkiguten mapak dakartza eta, horrez gain, xehetasun ugari ditu –baita bitxikeria eder askoak ere– 150 argazkiz osatutako gidak.
Urtegiari bira ematen dio ireki berria den ibilbideak.
|
Artikutza, bisitarien gida
Eneko Agirre
140 orr. 15 euro
Gisa horretan, liburuaren nobedade erakargarrienen artean, hiru ibilbide berri azaltzen zaizkigu. Orain arte seinaleztatu eta ireki gabe zeuden bideak dira, hain zuzen ere: bata ibilaldi motza da, 6,5 kilometrokoa, Artikutzako urtegiari buelta ematen diona; beste bi ibilaldi berriak, ostera, luzeagoak dira, 3 eta 5 ordu bitartean egiteko modukoak, Eskas menditik herrixkara doana eta Artikutzako mugetan barrena egiten dena, hain justu ere. Aipatu gidak 15 euro balio du liburu-dendetan, eta Artikutzan bertan salgai ikusiko duzue halaber.
|
Ezaugarriak
Non: Donostiatik 35 kilometrora, Goizuetako udal barrutian.
Zer ikusi: Hariztiak, pagadiak eta pinudiak. Urtegia. 1.000 metroko gailurrak. Sakanak. Erreka gardenak, amuarrainak eta arrantzurako beste arrain batzuk. Ur-jauziak. Basurdeak, lepahoriak eta okilak. Kirola egiteko erraztasunak. Aztarna historikoak: historiaurrekoak, garai bateko burdinolak eta trenbidea.
Sarrera: Udalaren baimena izanez gero, autoz sar daiteke herriraino. Baimenik gabe, oinez edo finkaren sarreraraino soilik. Baimena eskatzeko, Donostiako udaletxera deitu (Aterpetxe-Patronatua:
943 481 030/ 943 310 268).
Txango gidatuak: Igandero –ekainaren 9tik aurrera– antolatzen dira Donostiatik Artikutzara ibilaldi gidatuak; 40 lagun talde bakoitzeko. Ibilaldi bereziak daude zailtasunaren arabera. Izena emateko: 943 481030 edo Aterpetxe-Patronatuan.
Herria: Artikutzan oso jende gutxi bizi da, batik bat jubilatuak eta zaindariak. Abuztuaren 28an, San Agustin egunean, herria jendez gainezka egoten da, eta egun horretan ez da baimenik behar sartzeko. Bisita ordutegia: 8:00-20:00.

|
ENEKO AGIRRE Biologoa.
Artikutzako gida-liburuaren egilea
|
|
«Oso bitxia da Eurohiriaren
inguruan dugun altxorra»
« Natura, etnografia eta arkeologia aldetik, gertu dugun paradisua da Artikutza»
– Artikutzak bisitariari eskaintzen dizkion ibilbideak eta zenbait bitxikeria azaltzen dituzu zure liburuan. Nola sortu zitzaizun gida hau idazteko ideia?
– Duela lau urte hasi ginen ibilbide gidatuak antolatzen. Bisita gidatuetan jende ugarik parte hartu arren, asko beren kabuz etortzen dira Artikutzara eta leku honi buruz ez dakite ezer askorik. Segituan konturatu ginen bisitariak ez zuela gune hau behar bezala aprobetxatzen, hau da, gehienak herrian bertan edota urtegian geratzen ziren. Seinale eta informazio faltaren ondorioz, bakarkako bisitariak beldurra izaten zuen urrutira joateko, basoan barrena sartzeko. Horregatik, hain zuzen, gida praktiko eta bisuala idaztea erabaki nuen. Bertan, inguruan egin daitezkeen ibilaldiak bildu ditut, eta mapak nahiz erreferentzia historikoak ere aintzat hartu dira.
- Zer du Artikutzak beste toki batzuek ez dutena?
– Artikutza oso leku bitxia da benetan. Basoak giza jarduera handia izan du Erdi Arotik aurreko mendera bitartean; azken 90 urteotan, aldiz, birjina mantendu da, eta hori du, hain justu, berezia beste leku batzuen aldean. Hala, antzinako giza aztarnak ezkutuan mantendu dira basoan.
- Nori gomendatuko zenioke Artikutzara joatea?
– Batez ere natura zaleei gomendatuko nieke, historia, natura eta lasaitasunari etekina ateratzen dietenei. Leku hau ezagutzen ez duenari, berriz, bisita gidatuaren bidez ezagutzea aholkatuko nioke. Donostia inguruan, Eurohiria esaten diogun alderdi horretan, altxor ekologiko ederra dugula konturatu behar dugu. Adin guztiei gomendatzeko moduko zortzi ibilbide gidatu eskaintzen ditugu. Eguneko txangorako aproposa da benetan ingurune hau, hiritik gertu daukagulako eta lekua ekologikoki oso garbi mantentzen delako oraindik.
|
|