![]() ![]() |
![]() |
| ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO |
|
|
Sara Santos Umetatik has daitezke neska-mutikoak errugbian. Gaztetxoak euren adinari egokitutako eran aritzen dira errugbian. |
Uxatu beldurrak eta egin saioa
Kirol gogorra da errugbia, gorputzaldi ona eskatzen duelako eta araudia ere konplikatu samarra duelako. Besterik uste badugu ere ez da kirol biolentoa, oso garbia baizik.
|
Ikusi al zenituzten azaroan Australian jokatu zen Munduko Txapelketako errugbi partiduak? Sekulakoak, ezta? Erabat ikusgarriak... Errugbia, ordea, goi-goi mailako txapelketetan ikusten den hori baino askoz gehiago da. Adin guztietako neska-mutikoentzat egokia den kirola da, hain zuzen. Zeren eta, askotan kontrakoa uste badugu ere, errugbia ez baita kirol biolentoa, ezta gutxiago ere. Errugbia, hitz batez, kirol garbia da, arau oso zorrotzen arabera jokatzen den kirola. Gutxitan ikusiko dituzue errugbi partidu batean futbolean askotan ikusten diren pasadizo negargarriak eta portaera itsusiak... Hain zuzen ere, beste kirol gutxitan bezala errespetatzen da errugbian arbitroak esandakoa, eta alde horretatik eredugarria dela esan liteke.
Maila batetik gora kontaktuko kirola den heinean, ezin da ukatu errugbian kolperen bat edo beste hartzea nahiko normala dela. Baina beste kirol batzuetan ere gertatzen da hori, noski. Dena den, argi utzi behar da ume eta gaztetxoek jokatzen duten errugbia ez dela goi mailakoa bezalakoa, eta argi utzi digute hori errugbia sustatzeaz arduratzen den Gipuzkoako Errugbi Federazioan. Errugbian hasteko, adibidez, zapi errugbia izeneko jolas antzekoa erabiltzen dute, eta ikastaroak antolatzen dituzte ikastetxeekin lankidetzan. Donostian ditugun bi errugbi talde nagusiek ere –denboraldi honetan Espainiako Ohorezko Mailara itzuli den Bera-Berak eta Atleticok, hain zuzen– errugbi eskolak antolatzen dituzte igandero euren zelaietan (hurrenez hurren, Manteon eta Bidebietan). Horien guztien xedea neska-mutikoei errugbia zer den erakustea eta kirol horren jarduera sustatzea da. Zeren eta berdin-berdin jardun baitezakete errugbian neskek zein mutikoek... Kontakturik gabe Haur txikienen mailetan –alebinetan eta benjaminetan– ez dago lehiaketarik, eta errugbiaren inguruko jarduerak hurbilago daude jolasetik norgehiagokatik baino. Txikienek egiten dituzten saioetan ez dago kontaktu fisikorik. |
Hortaz, kolpe arriskua oso urria da. Partidu antzeko horietan, gainera, monitoreak ere zelaian egoten dira, den-dena kontrolatzeko. Maila batxuetan, halaber, ez da zelai osoan jokatzen (100 metro luze dira errugbi zelaiak), zelai erdian baizik, eta taldeak, hamabostekoak izan beharrean, zazpikoak dira.
Errugbia bultzatu nahi dutenek diotenez, alde on ugari ditu munduko herrialde askotan futbolak baino askoz jarraitzaile gehiago dituen kirol honek. Lehenik eta behin, oso kirol teknikoa da, arau zorrotzak dituena eta zelaian eginiko gehiegikeriak gogor zigortzen dituena. Bestetik, taldeko kirola denez, guztiek dute lekua eta betekizun zehatza errugbi talde batean. Hain zuzen ere, ez da ezinbestekoa sekulako jokalaria izatea errugbi talde batean txukun aritzeko. Errugbian, futbolean ez bezala, gutxitan daude izarrak. Beti dago, noski, nabarmentzen den jokalariren bat, baina balio duena taldea da, ondoko elkarrizketan Aritz Arzelus eskarmentu handiko jokalariak esan digun bezala. Gaztetxoen arteko errugbian, helduen artekoan bezala, giro ona da nagusi. Esate baterako, partidu bat bukatutakoan etxeko taldeak pasilloa egiten dio kanpokoari zelaitik irteterakoan, eta gero elkarrekin hartzen dute freskagarri eta ogitartekoren bat. Errugbia, hortaz, oso egokia da lagunak egiteko eta Donostiatik irteteko, Gipuzkoako herri askotan zein Gipuzkoatik kanpo maiz aritzen baitira errugbilari gazteak. Donostiatik mugitu gabe duzue goi mailako errugbia ikusteko aukera. Espainiako Ohorezko Mailan jokatzen duen Bera-Bera taldeak, esaterako, Anoetako estadio txikian jokatzen ditu etxeko partiduak, eta Bera-Bera nahiz Atlético San Sebastián klubetako gainerako taldeen partiduak ere ikus ditzakezue. Betiere, izan kontuan umeek beste arau batzuekin jokatzen dutela, ez handien moduan. Orrialde hauek errugbia ezagutzeko eta kirol horretan aritzeko gogoa piztu badizue, goiko telefonoetan eska dezakezue informazio zabalagoa. Oso jende jatorra aurkitu dugu, gainera, hiru toki horietan... |
|
|
s.s. Pilota obalatua ez galtzea oso garrantzitsua da. Ondo eutsi behar zaio, gero! |
|
Rugby eskolan sortutako kirola Legendak dioenez, errugbia 1823 urtean sortu zen Ingalaterrako Stanford hiritik hurbil zegoen Rugby izeneko eskolan, eta eskola haren izena hartu zuen kirolak. Hain zuzen ere, futbol partidu bat jokatzen ari ziren ikasleak, eta halako batean William Webb Ellis izeneko ikasle batek baloia eskuan hartu eta aurkarien ateraino eraman zuen, baita errugbia asmatu ere alajaina! Hala ere, grekoen eta erromatarren garaietan ere bazeuden errugbiaren aurrekaritzat har daitezkeen kirolak. Haien helburua baloia eskuetan hartu eta, oztopo guztiak gaindituz, aurkarien azken lerroraino eramatea zen. |
Arau zorrotzak Sorrera lehenagokoa badu ere, egun ezagutzen dugun errugbiaren arauak XIX. mendean finkatu ziren. Errugbia 100 bat metro luze eta gehienez ere 69 zabal den zelai batean jokatzen da, eta jokoaren helburua pilota obalatua aurkarien azken lerroaren atzean jartzea da. Horri entsegua esaten zaio eta bost puntu ematen ditu. Entsegua egin duen taldeak baloia, ostikada batez, atezainik gabeko atearen bi zutoinen artera bidaltzeko aukera du, eta hori lortzen badu beste bi puntu lortzen ditu. Jokoan (hau da, aurrez entsegurik egin gabe)pilota zutoinen artetik pasatzen duen taldeak hiru puntu lortzen ditu. Hortaz, eskuarekin zein oinarekin joka daiteke. Eskuarekin jokatzen bada, baloia beti atzeraka bota behar da. Oinarekin aurrera ere bota daiteke, baina askoz errazagoa da baloia galtzea. Oro har, nahiko konplikatuak dira errugbiko arauak, baina baita oso interesgarriak ere. |
|
|