![]() ![]() |
![]() |
| ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO |
|
ARITZ ARZELUS
«Laguntasuna bultzatzen duen kirola da errugbia» « Jokalari kaskarrak direnek erabiltzen dute batik bat gogortasuna » |
27 urte dituzu eta Espainiako Ohorezko Mailan dabilen Donostiako Bera-Bera taldeko jokalaria zara. Urte asko al daramatzazu errugbian honaino heltzeko?
Umetan futbolean aritzen nintzen, ume gehienak bezala, eta gero arraunean hasi nintzen. Hemezortzi urte nituela Burgosera joan nintzen ikastera, eta han arraunean aritzeko aukera handirik ez zegoenez errugbian hasi nintzen. Hiru urtez jokatu nuen Burgosen, bi urtez Sevillan eta seigarren urtea dut Bera-Beran.
Askok uste dute errugbia kirol bortitz eta arriskutsua dela. Zuk zeuk izan al duzu lesio larririk?
Bortitza baino gehiago, errugbia gogorra dela esango nuke, kontaktuko kirol bat delako eta fisikoki ondo prestatuta egon behar duzulako. Nik, dena den, lesio larrienak areto-futbolean izan ditut. Belaunetan ere izan nituen bi ebakuntza, baina ez ziren errugbiaren ondorio izan. Errugbian, noski, kontrakturak eta giharretako minak izan ditut, baina ez ezer larririk. Hala ere, lagunek «Pupas» deitzen didate...
Intentzio txarrez jokatzen duen jokalari asko al dago errugbian?
Kirol guztietan bezala, denetarik dago. Batez ere, jokalari bezala muga handiak dituztenek erabiltzen dute gogortasuna. Baina errugbian ezin zara tontakerietan ibili: ematen baduzu hartu egiten duzu. Gainera, arbitroa izugarri errespetatzen dugu, futbolean baino gehiago. Zerbait oker egiten baduzu edo protestatzen baduzu, errugbiko arbitroak ez dizu txartela ateratzen: berahala zenbait metro atzera bidaltzen zaitu, edo zure taldearen kontrako erabaki bat hartzen du. Oro har, arbitroari errespetu handia diogu.
|
Ezinbestekoa al da indartsua eta handia izatea errugbilari ona izateko?
Hori postuaren araberakoa da, baina errugbi talde batean era guztietako jendearentzat dago lekua. Handiek, txikiek, azkarrek, indartsuek..., guztiek dute lekua. Gure taldean, esaterako, Espainiako jokalari onenetako bat dugu, Pablo Feijoo. Oso txikia da, baina primerako jokalaria... Munduko jokalari onena den Jonny Wilkinson ere ez da handia.
Oso zaila al da errugbiaren araudia ikastea?
Nahikoa konplikatua da, bai, baina hiruzpalau arau funtsezko ezagututa ondo ulertzen da nola funtzionatzen duen errugbiak.
Egia al da errugbian giro ona duzuela jokalarien artean?
Egia da. Nik ez dut uste beste kiroletan partiduak amaitutakoan talde bietako jokalariak pote bat elkarrekin hartzera joaten direnik, eta errugbian hori egiten da. «Hirugarren zatia» esaten diogu horri. Giro polita egoten da, eta nik uste dut errugbiko jendearen artean saltsa oso berezia dugula.
Zer esango zenioke errugbian hasteko asmoa duen neska edo mutikoari?
Laguntasunean oinarritzen den kirola dela esango nioke. Talde kirola da erabat, eta balio duena ekipoa da. Errugbian bakarka ezin da ezer egin, taldea da garrantzitsuena. Horrek, ondorioz, asko bultzatzen eta sendotzen du laguntasuna, eta hori da errugbiaren alde ederrenetako bat.
|
|
Informazio gehiago
Gipuzkoako Errugbi Federazioa
943 455 856 telefonoa fgrugby@euskalnet.net Atlético San Sebastián K.E.
943 473 722 telefonoa atletiko@euskalnet.net Bera-Bera Rugby Taldea
943 291 292 telefonoa manteo@berabera.com www.berabera.com |
|
Munduko onenak ingelesak dira
Azaroan Australian jokatu den Munduko Txapelketa ikusgarrian (historiako onena izan dela esan dute), Ingalaterra suertatu da garaile. Lehen aldiz lortu du Kopa Europako talde batek. Txapelketako jokalari onena, berriz, egunotan Ingalaterrako pertsonaia famatuena den Jonny Wilkinson izan da. Ingalaterraren ondotik, sailkapeneko selekzio onenak, une honetan, Zeelanda Berria, Australia, Frantzia, Hego Afrika, Irlanda, Argentina, Gales, Eskozia eta Samoa dira. |
Zenbaki saltsa
Zenbaki saltsari ekiteko, esan dezagun jokalari kopuruaren arabera hiru errugbi mota daudela: talde bakoitzean 15 jokalari dituen Rugby Union (goi mailan ohikoena), talde bakoitzean 13 jokalari dituen Rugby League (hemen ez da jokatzen), eta indar handia hartzen ari den 7ko errugbia, neketsu eta ikusgarria zelai handi horretan zazpi jokalari baitaude soilik taldeko. Jarrai dezagun zenbakiekin... Maiz partiduen emaitzak eskandaluzkoak dira errugbian. Aurtengo urrian, esate baterako, 142-0 irabazi zion Australiak Namibiako selekzioari... |
|
|
|
Neskak ere bai, horixe baietz!
Neskek ere gogotik egiten dute errugbian, noski, gainerako kirol guztietan bezala. Ume eta gaztetxoen zenbait mailatan, gainera, taldeak mistoak dira eta elkarrekin jarduten dute neska-mutikoek. Donostian badugu nesken Euskadiko Ligan jokatzen duen talde bat: Atlético San Sebastián taldea. Argazkian talde horretako bi jokalari ikus ditzakezue, entrenamendu saio batean. |
Ohitura bitxiak
Errugbia ohitura bitxiz beteriko kirola da. Horietako bat, adibidez, partidu bat hasi aurretik Hego Hemisferioko zenbait talde eta selekziok (Zeelanda Berriak, Samoak, Tongak...) dantzatzen dute haka izeneko dantza da. Argazkian Zeelanda Berriko selekzioa (all blacks ere esaten zaie) eta Tongakoa daude aurrez aurre, bakoitza bere haka dantzatzen, aurkaria kikiltzeko asmoz edo... Errugbiari lotutako beste ohitura bitxi bat «hirugarren zatia» izenekoa da. Bi zati dituen partidua amaitutakoan, alegia, talde bietako jolakariak ez dira bakoitza bere aldetik joaten: elkarrekin joaten dira mokadu bat jan edo pote bat hartzera. |
|
|