![]() ![]() |
![]() |
| ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO |
|
Ikastetxez ikastetxe, AXULAR Lizeoan |
Irabaztea ez da garrantzitsuena
Ikastetxez ikastetxe ibiliko da MUGI 2003 2004 ikasturtean, Donostiako ikastetxeek kirolari ematen dioten tartea ezagutu nahirik. Kirolean emaitzak baino askoz gauza garrantzitsuagoak daudela argi daukan Axular Lizeoan hasi dugu txangoa.
|
|
Une honetan, sailkapeneko postu politetan daude Axular Lizeoko zenbait talde. Beste batzuek, ordea, behetik gora begiratzen diote sailkapenari, atzeko postuetan murgilduta baitaude. Horrek, alabaina, ez du garrantzi handirik Jon Kepa Eguren ikastetxeko kirol arduradunarentzat, ezta berarekin batera soinketa eskolak emateaz zein eskolaz kanpoko kirol jarduerak sustatzeaz arduratzen diren gainerako irakasle eta monitoreentzat ere. Axular Lizeoan, hain zuzen, argi dute kirola emaitzak baino askoz gehiago dela.
«Axularren kirolak hasiera-hasieratik izan du garrantzi handia –diosku Jon Kepak–, eta diru aldetik ere ahalagin handia egin du eta egiten jarraitzen du ikastetxeak alor horretan. Gurasoek gero eta gehiago estimatzen dute euren seme-alabak kirola egiteko aukera izatea, eta gure hezkuntza ereduan ere oso garrantzitsuak dira kirolak bultza ditzakeen giza balioak». Talde-lana, adiskidetasuna, konpromisoa, diziplina eta beste, alegia. Inguruan duen egoerari aurrez aurre begiratuta, disimulurik gabe onartzen du Axular Lizeoko kirol arduradunak lanean daramatzan hamabost urteetan dezente aldatu direla gauzak. Egungo ume eta gaztetxoei, alegia, garai batekoei baino gehiago kostatzen omen zaie konpromisoei eustea eta sakrifikatzea. «Lehen, gehienen helburua hobetzea eta ikastea zen. Egun, berriz, asko ez daude ahalegina egiteko eta sufritzeko prest, konpromisorako gaitasuna falta da, eta zerbait okertzen zaienean, saiatu beharrean utzi egiten dute. Gainera, asko segituan sumintzen dira edozein probokazioren aurrean, asko kostatzen zaie kontrolatzea». Hori ez da, zorionez, gehienen portaera, eta horrela jokatzen dutenekin –baita kirol zelaietan portaera itsusia dutenekin ere– zigorraren aldean elkarrizketa hobesten du ikasleekin egiten dituen saioen zati zabalak gai hauei buruz hitz egiteko erabiltzen dituen Jon Kepak. «Badago oso ondo funtzionatzen duen sistema bat; bestearen lekuan jarri eta gauzak kanpotik ikustea, alegia. Esate baterako, jokalari batek arbitroa edo beste jokalari bat iraindu badu, horren lekuan jartzera eta gertatu dena kanpotik ikustera bultzatzen dut, eta orduan ikusten da zein era ergelean jokatu duen. Hobe da hori zigorra baino». Gurasoek seme-alaben portaeran duten eragina ere oso kontuan dute, baita zenbait gurasoren jarrera kaskarra ere. Hori dela eta, Guraso Eskolaren baitan gaiari buruzko saioak egin dituzte. |
Tamalez, ikastetxeko arduradunek diotenez saio horiek gehien behar dituzten gurasoak dira gutxien agertzen direnak... Edonola ere, auzia ez duten txantxetan hartzen Axular Lizeoan, ezta horren hedapena ezkutatzen ere. Aitzitik, horretaz jabetu eta jardutea erabaki dute, etsi beharrean.
Parte-hartze oso handia Kirolari eta kirolzalez beteta dago, antza, Axular Lizeoa. Hain zuzen ere, eskolaz kanpoko hautazko kirol jardueretan –soinketa eskolak alde batera utzita, alegia– 13 urtetik beherako ikasleen %75ek hartzen dute parte, eta portzentaje hori oso altua da. Jakina da, eta Axular Lizeoa ez da salbuespena, nerabezaroan erruz murrizten dela kirola egiten dutenen kopurua, nesken artean batik bat. Ikastetxean, eskolaz kanpoko jarduera gisara, kirol ugari egiteko aukera dute Axular Lizeoan: judoa, igeriketa, xakea, eskupilota, gimnasia erritmikoa... Lehiatu, ordea, futbolean eta saskibaloian lehiatzen dira soilik Axular Lizeoko taldeak, eskola kirolaren baitako txapelketetan nahiz federatuetan. Futbolean zein saskibaloian sekulako talde piloa dute eskola kirolean, adin horietako neska-mutiko gehienak aritzen baitira kirolean ikasturtean zehar futbola eta saskibaloia txandakatzen. Federatuei dagokien txapelketetan ere maila guztietan ditu taldeak Axularrek futbolean. Erregionalean dabilen senior taldea ere badu, ikastetxea aspalditxo utzi arren ikasle ohiek kirolaren bidez eusten baititiote askotan eskola garaiko adiskidetasunari. Saskibaloian, ostera, zenbait klubekin eginiko hitzarmenen bidez jarduten dute, horien izenari Axular Lizeoaren izena atxikita. Bereizketa argia egiten dute, ordea, heldutasunetik hurbil dauden gazteen eta haurtzaroaren edo nerabezaroaren bueltan daudenen artean. «Maila baxuenetan ez diogu batere erreparatzen emaitzari, eta denek jokatzen dute, onek zein txarrek, guztiek dituzte aukera berberak. Ikasleek badakite gaur goian egon zaitezkeela eta bihar, berriz, behe-behean, eta horri garrantzirik ez ematen saiatzen gara. Emaitzei garrantzia kentzeak asko arintzen du presioa, eta askoz gehiago gozatzen da kirolean», dio Jon Kepa Egurenen. Azken batean, mezu argia igorri digute Axular Lizeoko kirol jardueraz arduratzen direnek: «Kirolean, emaitza eta kirolaren beraren aurretik daude horrek sustatzen dituen giza balioak». |
|
|
|
S.S. 1978 urteaz geroztik dago 1969an sortutako ikastola Etxadin eraiki zuten egoitzan.«Adiskidetasunak, talde-lanak eta beste zenbait baliok emaitzaren aurretik egon behar dute kirolean» Axular Lizeoan, 13 urte arteko ikasleen artean %75ek egiten dute hautazko kirol jardueraren bat |
Internet bidezko aholku interesgarriak
Ikastetxean gertatzen den ororen berri ematen duen web gune joria du Axular Lizeoak. Web gune horretan, noski, kirolak ere badu dagokion tartea, eta kirolari eskainitako tarte hori gurasoen artean kirolaren inguruko portaera egokia sustatzeko darabilte, besteak beste. Gomendio sorta hori eskuratzeko aukera, hortaz, kirolean diharduten seme-alabak dituzten guraso guztiek dute, guztion intereserako den mezua hedatzeko erabili baitu Axularrek Internetek berezkoa duen zabaltasuna. Joan gunera, sakatu «kirolak» atala, eta ea zer iruditzen zaizuen guri oso interesgarria iruditu zaigun ekarpena. www.axular.com |
|
|