 |
|
 |
 |
05
Protagonista
PABLO MARTINEZ Eskrimalaria
| |
| «Eskrima kirol fisikoa da baina, batez ere, mentala» |
| Fortunako beste TALDEkideekin batera, Pablo Martinez eskrimalariak brontzezko domina lortu berri du taldeka, kadete mailako Espainiako Txapelketan. |
– Tira, Pablo, gustura al zaude kadete mailako Espainiako Txapelketan lortutako emaitzarekin?
– Bai, jakina, , modalitate honetan Espainiako Txapelketa batean euskal talde batek lortzen duen lehen domina baita.
– Halakorik espero al zenuten?
– Ondo prestatuta joan ginen, baina halako txapelketa batean maila oso handia izaten da eta jakin bagenekien asko kostatuko zitzaigula.
– Nolako txapelketa izan zen?
– Taldeka nahiz bakarka lan ona egin genuen, taldeka batez ere eta, egia esan, oso harro gaude, izan ere jende guztiak katalanen eta madrildarren aldeko apustua egiten zuen eta taka, hor azaldu ginen gu!
– Igor Otaegui zuen maisuak esan didanez, finalean sartzeko zorian izan zineten.
– Bi ukitugatik ez ginen finalean sartu, baina zer egingo diogu bada… Eskriman halako gauzak gertatzen dira. Bi minututan urrea irabaz dezakezu edo aldiz, baita erabat hondoratu ere, hau da, erraz irabazten joan arren, aurkariak di-da batean buelta eman diezazuke.
– Eta brontzezko domina lortzeko lehia gogorra izan al zen?
– Igor Otaegui nire maisuak dioen bezala, odola, izerdia eta malkoak isuri behar izan genituen metal hori lortzeko. Une horretan ez duzu hutsik egin nahi, eta aitortu beharra dut korrika irteteko gogoa ematen duela, baina maisuak dioenez, irabazteko arriskuari aurre egin behar zaio, bai kirolean bai bizitzan bertan ere.
– Eta hemendik aurrera,
– Lehenik eta behin, entrenatu, gogor entrenatu datorren urtean juniorretako Espainiako Txapelketan domina bat lortu ahal izateko.
– Eta zu, noren bitartez hasi zinen eskrima praktikatzen?
– Adiskide batek udan kirol ezberdin bat praktikatzea iradoki zidan; hala, eskrimako ikastaro bat egin genuen, gustatu eta ikasturtean zehar ere jarraitu egin nuen eta, begira, gaur arte.
– Zer da kirol honetako gauzarik zailena?
– Teknika eta alde fisikoa garrantzitsuak dira, baina kontzentrazioa eta erreakzionatzeko gaitasuna funtsezkoak dira. Eskrima kirol fisikoa da, baina batez ere, mentala.
– Eta zer da kirol honetatik gehien gustatzen zaizuna?
– Txapelketan izaten den lehiakortasuna; inoiz ez dago nagusitasun argirik eta horregatik emozioa azken momenturaino izaten da. Horrez gain, mundu guztia ezagutzen da eta oso giro ona dago gure artean. Baina zerbait nabarmentzekotan, tiratzaile olinpikoen aurkako lehiaketak nabarmenduko nituzke, tiratzaile horiek inolako harrokeririk gabe hitz egiten baitizute, gomendioak lasai asko ematen dizute... Eta hori ez da gainerako kirol gehienetan gertatzen.
– Zer esango zenieke gazteei kirol hau egiten has daitezen?
– Kirol originala eta dibertigarria dela, asko bidaiatzeko eta jendea ezagutzeko aukera ematen duela eta betiko kiroletatik aldentzeko aukera aparta ematen duela.
|
| NOR DA? |
Izen-abizenak: Pablo Martinez.
Sorlekua: Donostia.
Adina: 16 urte.
Taldea: CD Fortuna.
Ikastetxea: San Patricio, Lehen Batxilergoa.
Palmaresa: Euskadiko txapeldun 15 urtez azpitik; euskal eskrimalari onena 17 urtez azpitik (2010-02); 3. postua bi aldiz Euskadiko Txapelketa Nagusian; Espainiako Txapelketan brontzezko domina, taldeka; Espainiako selekzioarekin behin aritu da.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |