Inkastetxez ikastetxe


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 60 2010/4 »  Inkastetxez ikastetxe

07 Ikastetxez Ikastetxe

DEUTSCHE SCHULE SAN ALBERTO MAGNO IKASTETXEA

PARTAIDETZA. Mutilek neskek baino kirol gehiago egiten dutela aitortu digu Iñaki Urrestarazu kirol koordinatzaileak.

Judoaren indarra eta itzal luzea
Hain ezagunak ez diren kirolek eta batez ere judoak futbolak eta saskibaloiak baino arrakasta handiagoa dute deutsche shule san alberto magno ikastetxean
Deutsche Schule San Alberto Magno Aleman ikastetxearen hizkuntza nagusia alemana da, normala denez. Txiki-txikitandik bertako ikasleak alemanez bizi­tzera eta alemanez ikastera ohitzen dira, baina azken urteotan euskarak ere garran­tzi handia hartu du eta gure hizkuntza bertako ikasleen artean ere behar bezala errotzeko ahalegin handia egiten ari da ikastetxe horretako Euskara Saila.

Kirolari dagokionez Iñaki Urrestarazu da Deutsche Schule San Alberto Magno Aleman ikastetxeko kirol koordinatzailea, eta berak aipatu duenez, «gure ikastetxean kirol jarduera egiteari garrantzi handia ematen zaio eta, horregatik, gure kirol eskaintza handia da eta urtez urte gero eta handiagoa izan dadin ahalegin­tzen gara».
Areto futboleko bi kantxa, saskibaloiko hiru, teniseko lau, boleiboleko bi, pilotaleku bat eta gimnasia erritmikoa nahiz judoa praktikatzeko gimnasioa ere badute ikastetxean.

Ondo hornitutako kirol instalazioak dituztela argi dago eta hala berresten du kirol koordinazaileak ere. «Orokorrean oso gustura gaude ikastetxean ditugun kirol instalazioekin, bai, nahiz eta egia den gimnasia erritmikorako eta judoa behar bezala egiteko juxtu antzean ibiltzen garen. Bi kirol horiek ondo praktika­tzeko leku hobeago bat izango bagenu, nire asebetetze-maila erabatekoa litzateke!».

Iñaki Urrestarazuk azpimarratu duenez, «kirolak bere baitan dituen balio gizakoi eta positibo guztiak ikasleei igor­tzea da gure xede nagusia; Kirolak elkartasuna, gizalegea, talde-lana... eta beste hainbat balio ditu pertsonaren garapenean hain garrantzitsuak direnak. Horregatik, kirolariak sortzea baino balio horiek sustatzea da gure nahia».





Eskaintza zabala

Eskola kiroleko lehiaketa guztietan parte hartzen dute ikastetxe honetako ikasleek (futbolean, saskibaloian, hockey-an...), baina hortik kanpo ere beste hainbat kirol praktika dezakete ikasleek, hala nola, xakea, gimnasia erritmikoa, gym dance izenekoa, eskrima, judoa eta tenisa, esate baterako.

Donostiako ikastetxe gehienetan kirol ezagunenek, alegia saskibaloiak eta futbolak dute arrakasta handiena ikasleen artean. «San Alberto Magnon, ordea, gutxiengoen kirolak nabarmentzen dira, batez ere. Hain ezagunak ez diren kiroletan parte hartzaile gehiago dago eta judoak bereziki indar handia du gure ikasleen artean».

Hori bai, Urrestarazuk aitortu duenez, orokorrean bertako ikasleen artean mutilak neskak baino gehiago dira kirola egiten dutenak, «eta Bigarren Hezkuntzan jada ikasleek oro har kirol gutxiago egiten dute, batez ere kirola egiten duenak ikastetxetik kanpoko taldeetan egiten duelako», dio koordinatzaileak.
San Alberto Magno ikaste­txeak hainbat kirol talderekin elkarlanean jarduten du: CD Deutsche Scule, Atlético SS, Fortuna eta CD Gimnasia Donostirekin eta ikastetxe honetatik ere goi mailako kirolariak atera izan dira. Horien artean, Oiana Blanco judoko Munduko txapeldunordea. Oiana, Esteban Arrillaga bere entrenatzailea eta Maria Jesus dira ikastetxe horretan judoak halako arrakasta izatearen erantzule nagusiak. 90 ikaslek egiten dute judoa, guztira.