Hartu abiada, neskak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 7 2003/12 »  Hartu abiada, neskak

Hartu abiada, neskak

Hartu abiada, neskak!

Jakina da nerabezarora heldu eta eskolako kirol jardueren garaia amaitzen denean neska askok uzten diotela kirola egiteari. Beste hainbatek, berriz, jarraitu egiten dute eta horiek gero eta gehiago dira. Hala, zaletasun moduan edo lehiaketetan parte hartzeko egiten dute aurrera.

Datu hori oso pozgarria izan arren, ezin da ukatu adin batera heldutakoan neskek mutilek baino askoz errazago baztertzen dutela kirola; mutilek baino askoz errazago zokoratzen dutela osasun fisiko zein psikikorako hain garrantzitsua den jarduera.

Horren jakitun, duela hilabete batzuk ekimen guztiz interesgarria jarri zen abian iaz Gipuzkoan. Foru Aldundiko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kiroletako departamentuko Kirol Zerbitzuaren eta EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Antropologia arloaren arteko elkarlanari esker abiatu zen Itxaso proiektua.
Horren xedea, ostera, hamabi eta hemezortzi urte bitarteko neska gazteak kirola uztera eramaten dituzten zergatiak jakitea eta arazoan esku hartzeko proposamenak egitea da. Eta aurreneko ondorioak oso interesgarriak dira...

Carmen Diez Mintegi EHUko irakasle eta antropologoaren eta Rosa Gisasola kiroletako psikologoaren ardurapean jardun duen taldearen aurreneko lana egoeraz jabetzea izan da; 12 urtetik aurrera neskek kirola egiteari zergatik uzten dioten argitzea, alegia. Horretarako, 2001 eta 2002 urteetan, zenbait hilabetez, ehun elkarrizketatik gora egin zituzten, neskak, gurasoak, ikastetxeetako eta klubetako ordezkariak nahiz kirol munduko pertsonak aintzat harturik.

Elkarrizketa horien emaitzak ikusi ostean atera dituzte, hain zuzen, lanaren ondorio nagusiak, baita auzia bideratzeko abian jar daitezkeen neurriei buruzko pistak ere.


Denbora kontua ote da soilik?

Neskei hitza emanda, eurek argitu zuten zergatik uzten duten kirola nerabezarora heltzen direnean. Gehienek eman zuten aurreneko arrazoia denbora falta izan zen, ikasketen eta beste zeregin batzuen ondorioz denboraz justu dabiltzanean baztertzen duten aurreneko jarduera kirola izaten baitute; gurasoek gainera, erabaki hori ontzat hartzen dute oro har. Askok aitortu zuten, ordea, urteak joandakoan damutu egiten zaiela kirola utzi izana...

Zertxobait sakonduta, baina, berehala ikusi zuten elkarrizketatzaileek bazirela bestelako arrazoiak. Batetik, neska askok kirolari muzin egiteak zailtasunak ekartzen ditu taldeak osatzeko orduan, eta horrek motibazioa ere kentzen die kirolean jarraitu nahi dutenei. Horrez gain, eskola kirolaren alorreko eskaintza, gehienetan, mutilek neskek baino gogokoago dituzten kiroletara –futbolera, nagusiki– mugatzen da, eta ikastetxe askotako neskek ez dute aurkitzen, eskura duten eskaintzan, bereziki liluratzen edo motibatzen dituzten jarduerak.



Baina bada beste arrazoi garrantzitsu bat ere: kirolak egun dituen helburu nagusiak. Hain justu ere, lehia da egun kirolaren funtsa, eta neska askok lehiaketa ez dute gogoko. Kirola egitea atsegin dute, gustura hartzen dute parte entrenamenduetan, baina ez zaie gustatzen dena garaipenaren edo emaitza onaren baitakoa izatea. Arazo hori areagotu egiten da 14 urte betetzen direnean, adinak bultzatuta kirol federatuaren esparruan murgildu behar dutenean alegia. Adin horretatik aurrera ikastetxearen baitako kirol eskaintza nahiko urria izan ohi da, eta klubek «onak» hartzen dituzte soilik. Hain onak ez direnak, beraz, kirolean jarraitzeko aukerarik gabe geratzen dira maiz, eta ariketa fisikoa egitea gogoko duenak daukan irtenbide bakarretakoa gimnasioetara-eta joatea da, sarritan behar bezainbesteko ikuskaritza eta kontrola ez duten helduei zuzendutako jardueretan parte hartzera.

Elkarrizketetan parte hartu duten gainerako taldeek euren ikuspuntuaren arabera ńabardura interesgarriak erantsi dizkiote lanari, baina oro har bat datoz gehienak kirolari behar bezainbesteko garrantzia ez zaiola ematen esaterakoan eta, gauzak dauden bezala egonda, neskek aparteko arazoak dituztela aitortzerakoan.







Mutilen neurrira antolatua

Ikerketaren emaitzak aztertuz gero, argi ikusten da neskek ere gogoko dutela kirola, ezagutzen dituztela kirolaren onurak, eta asko estimatzen dituztela kirol jarduerak eskaintzen dituen harreman eta dibertsio aukerak. Neskek eta mutilek, ordea, ikuspegi desberdina dute kirolari dagokionez, ez dizkiote oro har gauza berak eskatzen. Eta, beste hainbat gauza bezala, kirola mutilen neurrira antolatuta omen dago.
Jendarteak «mutil kontutzat» jotzen du gehienbat kirola. Neska askok ere barneratzen dute hori azkenerako, eta dituzten aukera urriak ere ez dituzte behar bezala aprobetxatzen.



Umetan, eskola kirolak berdintzen ditu zertxobait aukerak, baina maila hori gainditutakoan ezer gutxi aurkitzen dute neskek, mutilek ez bezala, eurei eta euren behar eta interesei bereziki zuzendua. Besteak beste, neskek euren lehentasunen artean dituzten alde emozionalak ez dira behar bezainbeste zaintzen eta lantzen, egun, kirolean. Eredu nagusiak ere gizonezkoak dira, punta-puntan aritu arren asko kostatzen baitzaio emakume kirolari bati gizartearen onespena eta mirespena lortzea nahiz neskentzat eredugarri bilakatzea. Hedabideek eskaintzen dituzten emakume eredu fisikoak, gainera, modelo eta aktore argalen irudia hobesten dute, emakume kirolari gihartsu eta sendoak zabal dezakeen eredu estetikoa gutxietsita.

Eta kirolaren inguruko egitura nagusietan ere –klubetan, federazioetan...– beste ikuspegi bat ekar dezaketen emakumeen presentzia ia hutsa da.

Eskakizun maila, berriz, oso zorrotza da neskei dagokienez. Mutilei neskei baino errazago barkatzen zaie baldarkeria. Mutil bat futbolean txarra bada, txarra da eta kito. Neska bat txarra bada, kritikak ez ezik txiste mingarri eta erdeinuzkoak ere pairatu beharko ditu. Neska batek, kirola egiten jarraitzeko, «ona» izan behar du. «Ona» ez bada, normaltzat hartzen da kirola egiteari uztea. Etxean ere, noski, normaltzat hartzen da hori.

Azpiegitura aldetik, halaber, aukera gutxiago dituzte neskek. Batetik, zenbait hutsune betetzeko gai den eskola kirolaren egitura oso ahula da 14 urtetik gorakoentzat. Bestetik, neska askok gogokoago dituzten kirolez arduratzen diren taldeak ere urriagoak dira. Oro har, arreta gutxi jartzen da neskek bereziki estimatuko lituzketen kirol jardueretan, aisialdiari eta lagunarteko giroari lotuta daudenez, eta ez lehiaketari, ez baitira erakargarriak eta errentagarriak emaitzen aldetik.

Ondorio nagusia, hortaz, nahiko argia da. Neskek gogoko dute kirola egitea, baina neska askok –kirola egiteari uzten dioten horiek, alegia– kirol jarduera era jakin eta berezian ulertzen dute, eta era jakin horretan lehentasuna ez dute lehiakortasunak eta emaitzek. Kirolak, haatik, printzipio horietan oinarrituta jarraitzen du, eta alternatiba urriak eskaintzen dizkio besterik nahi duenari. Beraz, euren kabuz eta azpiegitura eta pizgarri gabe jarraitu behar dute kirola egiten lehiaketan buru-belarri murgildu nahi ez duten neska gazteek.

Ikerketa, dena den, ez da mugatu arazoak antzematera eta oinarrizko ondorioak plazaratzera, eta esku hartzeko proposamenak ere zirriborratu ditu. Horien artean, kirolaren ikuspegia aldatzea da aurrenekoa, lehia kutsua arindu eta dibertsioaren aldea sendotzeko. 14 urteen bueltan izaten den eskola kirolaren eta kirol federatuaren arteko etena arintzea ere proposatzen dute. Ikastetxetik kanpoko kirol egiturek, hain justu, garrantzi handiagoa eman beharko liokete kirolaren dimentsio sozial eta dibertigarriari, ahaleginak oro lehiara bideratu beharrean. Adin horretako nesken ezaugarri eta interesak aintzat hartuta, harreman sozialak sustatuko dituzten talde-jarduerak antolatzea ere proposatzen da; lehia goresten ez duten kirol festa eta txapelketak, esaterako. Baita gogoetarako bide zabala irekitzen duten beste hainbat aukera ere...