![]() ![]() |
![]() |
| ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO |
Esperientzia pilotua zenbait auzotan
Inguruko zenbait ikastetxetan jarri berri da abian Itxaso egitasmotik sortutako lehen ekimen praktikoa
|
Neska gazteek nahiago dute kirola aisialdiko jarduera bezala egin; kirolaren bidez ondo sentitu, dibertitu eta lagunak egin alegia.
|
Itxaso egitasmoa
Itxaso egitasmoaren helburua ez da soilik kirolaren atal jakin baten inguruko gogoeta egitea, ikerketaren ondorioak teoriatik praktikara eramatea baizik. Gauzek orain arteko bidetik jarraituz gero, Gipuzkoa osora hedatuko litzatekeen egitasmoa izango da Itxaro ekimenaren behin betiko gauzatzea. Nonbaitetik hasi behar, ordea, eta ekimenaren sustatzaileak Donostiako Antigua-Benta Berri-Ibaeta auzoetan hasi dira lanean. Egoitza nagusia Pio Baroja kiroldegian duen esperientzia pilotu hau, hasieran behintzat, ikastetxe jakin batzuetako ikasleei mugatuta dago. Hain zuzen, Lur-Berri (Ibai, Orixe, Amasorrain, Igeldo eta Jakintza ikastxetxeak biltzen ditu bigarren hezkuntzan), Larramendi, Santa Teresa eta Ekintza ikastetxeak eta Santo Tomas, Barandiaran eta Axular lizeoak bildu dira lehen saio honetara. Neskei zein mutilei zuzendutako ekimenaren helburua, noski, ikerketaren ondorio nagusiak aintzat hartuta barruti horretan dauden baliabideak batu eta kirol jarduera bereziak abian jartzea da. Antzeman diren hutsuneak bete nahi horretan, arreta handiz hautatu dira proposatzen diren kirolak, ikastetxeek egiten duten eskaintza osatuz, betiere. Neska eta mutil gazteei egiten zaizkien proposamenak, gainera, nahastuta egin ditzakete ikastetxe horietako ikasleek, |
horrela adin horietan biziki estimatzen diren harremanak zabaltzeko aukera eta auzo mailako sareak sortzeko modua izanda.
Estreinako saio honetan hautatu diren jarduerak –1986tik 1989 urtera bitartean jaiotako gazteei zuzenduak– funkya, piraguismoa, eskrima, eskalada eta xakea dira, seitik hamar astera bitarteko ikastaroetan banatuak. Badira, halaber, ikasturte osoan mantenduko diren jarduerak, hala nola sofbol, bolei eta saskibaloi eskolak, kirol horiek, betiere, aisiaren ikuspegitik eta ez lehiaren aldetik hartuta. Adin horretako gazteek hain gogoko dituzten asteburuko ekimenak ere bildu dituzte egitasmoan. Larunbatetan, konparazio batera, elkarrekin mendira joateko aukera izango dute, eta prest dituzte jada zenbait txango erraz eta atsegin. Eski denboraldi betean gaudela kontuan izanik, bestalde, asteburu osoa elkarrekin Candanchun igarotzeko aukera ere izango dute, eskaintza iraupen eskira mugatzen bada ere. Urte berriarekin batera abiada hartuko duen lehen urratsa baino ez da hau, oraingoz aipatu ikastetxeetako ikasleei mugatua. Besteak beste, teoriatik praktikarako jauziak paperean bildutakoak egunerokoan duen isla neurtzeko aukera emango du eta, dena espero den bidetik badoa, beste auzo eta herri batzuetara zabalduko da. |
|
|