Inge Mitxelena


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 7 2003/12 »  Inge Mitxelena

Inge Mitxelena

Inge Mitxelena
Real Sociedad Taldeko Entrenatzailea



«Asko animatuko gintuzke

jendea gure partiduak

ikustera etortzeak»



9 urterekin Santo Tomas Lizeoan hockeyan hasi zenez geroztik, Inge Mitxelenak ibilbide luzea egin du kirol honetan. 14 zituela hasi zen Real Sociedad taldean, hasieran behintzat ikastolakoa utzi gabe. Real Sociedaden zein hainbat selekziotan makina bat partidu jokatu eta arrakasta ugari lortu ondoren, duela lau urte, 27 zituela, jokalariaren makila zintzilikatu eta entrenatzailearena hartu zuen. Hori ere ez zuen zeregin berria, hain zuzen ere 16 urterekin hasi baitzen txikien taldeak entrenatzen. Azken hiru urteotan, punta-puntan dabilen Real Sociedad taldeko entrenatzailea da bera.

«Kirol dibertigarria izateaz gain, bidaiatzeko eta jendea ezagutzeko aukera handiak eskaintzen ditu hockeyak. Pixka bat saiatuz gero, gainera, goiko mailara heltzea ere nahiko erraza izan daiteke»



Estatuko txapelketetan, une honetan ez da izango Gipuzkoan Realaren nesken hockey taldea bezain bikain dabilenik... Hartzen al du hori jendeak aintzat?

Aintzat hartze hori oso eskasa da, bai. Nesken hockeyak, Donostian zein Euskal Herri osoan –iaz hiru euskal talde egon ginen Ohorezko Mailan–, sekulako maila du, baina ez digute kasu handirik egiten. Zerbait oso berezia egiten dugunean gogoratzen dira gurekin, baina bestela nahiko ahaztuta gaude. Etxean jokatzen ditugun partiduak, esate baterako, bakar-bakarrik jokatzen ditugu. Kataluniara edo Ourensera joaten garenean, aldiz, zelaiak ikuslez beteta egoten dira. Aldea izugarria da. Gu ere asko animatuko gintuzke jendea gure partiduak ikustera etortzeak. Denboraldi honetan, tamalez, partidu bakarra geratzen zaigu etxean, txapelketak hiru hilabeteko etenaldia izango du eta.

Egun duzuen mailari eusteko ezinbestekoa izango da harrobia zaintzea. Osasuntsu al dabil une honetan Donostiako harrobia?

Urte txar batzuk igaro ditugu, baina egun oso ondo dagoela iruditzen zait. Jende gazte oso ona ari da ateratzen harrobitik. Nesken hockeyaz ari naiz, noski. Mutilen hockeyaren kasuan ez dakit gauzak hain ondo ote dabiltzan.

Ezaugarri fisiko berezirik behar al da hockey jokalari ona izateko?

Ez, ez da ezer berezirik behar.
Ezer behar izatekotan, koordinazioa behar da, oso kirol teknikoa baita. Bestela, ez da aparteko eskakizunik duen kirola, edonork egin dezakeena baizik.

Egia al da hockey jokalariek bizkarreko arazoak izan ohi dituzuela?

Hori mito bat da. Egia da makurtuta jokatzen dugula, baina partidu oso batean minutu batzuk baino ez ditugu ematen horrela. Bizkarreko arazoak aurretik dituenarentzat ez da kirol egokia, baina bestela ez du arazorik sorrarazten.

Zer du hockeyak beste kirol batzuek ez dutena?

Kirol oso dibertigarria da nire ustez. Esan bezala, oso teknikoa da, eta gauza zailen bat ondo ateratzen zaizunean sekulako poza hartzen duzu... Horrez gain, bidaiatzeko eta jendea ezagutzeko aukera ugari eskaintzen du eta, kirol minoritarioa denez, pixka bat saiatzen bazara nahiko erraza izan daiteke goiko mailara heltzea.

Zelaian erabili ohi dituzuen gonatxo horiek ez al dute enbarazurik egiten jokatzeko orduan?

Ez, jende askok galdetzen digu hori, baina egia esateko oso erosoak dira, galtza motzak baino erosoagoak. Gainera, azken urteetan body edo soineko itxurako oso ekipazio polit eta erosoak atera dira. Guk ez dugu horrelakorik, baina egon badaude...