ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Amara Berri ikastetxea

Ikastetxez ikastetxe,
Amara Berri
ikastetxean

Kirol desberdin askotan trebatutako ikasleak

Lehen Hezkuntza amaitu ondoren ikastetxea uzteko unea heltzen zaienerako, Amara Berriko ikasleek sekulako kirol pila ezagutzeko aukera izan dute, hori baita ikastetxe honek kirolaren alorrean duen ezaugarrietako bat: partaidetza maila oso altuaren arabera ikasleek gogoko duten aniztasuna.


Sara Santos

Gogotik ari ziren saiatzen eskubaloian Amara Berri ikastetxeko ikasleok, entrenamendu saioan harrapatu genituenean.

Sara Santos

Hiru puntukoa nola saskiratu pentsatzen edo...?


Amara Berriko ikasleen %90 baino gehiagok egiten dute

eskolaz kanpoko kirol jardueraren bat

Eskolaz kanpoko kirol jarduerak hautazkoak direla kontuan izanik, ikasleen %90 baino gehiagok kirolaren aldeko apustua egitea ez da txantxetako marka. Partaidetza maila oso altua da, alegia, Amara Berrik alor horretan duena, ikasleak eskaintzen zaienarekin gustura dauden seinale.

Pedagogiaren beste alor batzuetan aitzindaria izan den Amara Berri ikastetxeak garrantzi handia ematen dio kirolari eta horrek osasuntsu bizitzeko duen garrantziari. Ikastetxearen organigrama orokorrean txertatuta dagoen kirol sailak, gainera, oso argi ditu irizpide nagusiak: kirol aniztasuna eta partaidetza sustatu nahi dute, kirol jarduerak ikasleen adinaren ezaugarrietara egokiturik eta ikasle guztien arteko aukera-berdintasuna bermaturik. Amara Berrin, hain justu, talde berean dihardute neskek eta mutilek, kirolerako dohain bereziak dituztenak zein hain onak ez direnak. Finean, dibertitzea eta kirolak ekartzen dituen era guztietako onurak baliatzea da helburua, ez sailkapen buruan egotea.

Aukera izugarri zabala

Ikasturte honetan Amara Berrik kirol desberdinetan 75 bat talde eta 700 kirolaritik gora dituela kontuan izanik, ez da zaila eskola kiroleko jardueretan ikastetxe honetako elastiko eta txandalak ikustea. Izan ere, ikasleek aukeran duten eskaintza izugarri zabala da, eta ikastetxeak kirolaren alorrean duen proiektuaren arabera, nahi izanez gero bakarkako zein taldeko kirol desberdin ugaritan trebatzeko aukera dute ikasleek.
6 eta 8 urte bitarteko ikasle txikienek, esaterako, sei jarduera dituzte aukeran, eta hiruhileko bakoitzean bi hautatu behar dituzte. Bi ikasturte horiek burutu aurretik, judoa, euskal dantzak, gimnasia erritmikoa, baleta eta abar probatzeko aukera izan dute. 8 urtetik gorako ikasleek zabalagoa dute oraindik eskaintza, ikasturtero gutxienez bi kirol egin ahal dituzte eta: bakarkako bat (judoa, gimnasia erritmikoa, euskal dantza, igeriketa, eskupilota, atletismoa, mahai-tenisa, xakea eta txirrindularitza dituzte aukeran), eta taldeko bat (futbol, saskibaloi, eskubaloi eta hockeyaren artean aukera dezakete). Denbora edo gogoa duenak, jakina, bi baino gehiago ere egin ditzake lasai asko.

Denek aukera berberak

Amara Berriko talde guztiak mistoak dira, neska eta mutikoz osatuak. Ez dago Ģelitekoģ talderik, ez da baldarren tropelik ere. Badira, noski, bereziki neskak erakartzen dituzten kirolak, baita nagusiki mutikoak biltzen dituztenak ere, baina oro har guztiek dituzte aukera berberak. Horrek, tarteka, ezustekoren bat ere ekar dezake markagailura, jokalari onez soilik osatutako taldeak dituzten ikastetxeekin jokatutako partiduren batean 71-1eko emaitzarekin ere itzuli baita etxera Amara Berriko talderen bat... Gurasoen, kirol arduradunen, monitoreen eta gainerako ikaskideen laguntzaz, alabaina, esperientzia mingarri horri buelta ematea ez da zaila. Zeren eta nork ez du gura gisa horretako ezustekoren bat hartu, nahi adina kiroletan trebatzeko aukeraren truke?