ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Sasoi betean: eskia

Sasoi betean

Eskia, arreta bereziz egin behar den kirol atsegina

Zuetako asko irrikitan egongo zarete eskiak edota ohola hartu eta pista elurtuetan murgiltzeko.

Kirol atsegin eta zirraragarria da, bai, elur gainekoa. Ez da, ordea, jolas soila.
Adituen ustez, eskian gertatzen diren lesio gehienak saihestekoak izango lirateke kirolaria zentzuduna balitz. Prestakuntzak eta hasi aurreko beroketak beste kirol batzuetan baino garrantzi handiagoa dute.
Kirolari amateurren artean, proportzioan, lesio gehien eragiten dituen kiroletako bat da eskia. Estatu Batuetako Vermont hiriko unibertsitatean egin zuten ikerketa baten arabera, batezbestekoa ez da txantxetakoa, 240 eski-eguneko lesio bat izan ohi dute-eta eskiatzaile amateurrek.

Berriki argitaratu den beste ikerketa batek, bestalde, datu bitxi bat jarri du mahai gainean, kirolariak gutxieneko prebentzio neurriak hartuko balitu lesio horien %70 saihesteko modukoak izango liratekeela alegia.

Eta, datuekin amaitzeko, azkeneko bat... Proportzioan, lesio gehien izaten dituzten eskiatzaileak bi taldetan banatzen dira: batetik, euren buruez seguruegi dauden eskiatzaile gazte ausartegiak eta, bestetik, adineko eskiatzaileak.

Hain zuzen ere, bi multzo horiek maizegi ahazten dute ezusteko gehiegirik gabe eskiatzeko oso gogoan izan behar den zerbait: eskia, baita maila apalenean ere, eskakizun fisiko handia duen kirol gogorra da, gorputzeko zenbait atal asko behartzen dituena eta gizakia ohikoa ez den giroan murgiltzen duena. Eskiatzeko botak jantzi eta eskien gainean jartzea bera ere arriskutsua izan daiteke mugimenduak erabat trabatzen dituen egoera hori ondo kontrolatzen ez bada. Lesio ugari, hain justu, eskiatzailea geldirik dagoela gertatzen dira. Nork ez du inoiz ezustekoren bat izan teleaulkiaren edo teleskiaren zain zegoela? Zein eskiatzailek ez du behin edo behin ipurdiko galanta hartu pistetarako bidean? Bada, oreka-galtze horiek maiz lesio larri bilaka daitezke, eta beste horrenbeste esan liteke eski-guneetan nagusi izan ohi diren baldintzei buruz, elurretan islatu ondoren bereziki bortitza den eguzkia edota hotza berdintsu pairatzen baititu gorputzak geldirik eta ustez batere arriskurik gabeko egoeran dagoela zein jaitsiera betean.

Eskia osasungarria da, dibertigarria, zirraragarria... Kirol gutxik bezala eskaintzen du naturan murgiltzeko eta bestela dastaezinak izango liratekeen sentsazioak bizitzeko aukera, baina ez da jolas soila, arreta bereziz eta gauzak birritan pentsatuz egin behar den kirola baizik. Bizikleta sekula hartzen ez duen bati nekez otuko zaio urtean bospasei aldiz, aparteko prestakuntza izan gabe, bizikleta gainean 100 kilometro egiten saiatzea. Eskian, berriz, horrelako astakeriak ohikoak dira. Denboraldia hasi orduko, urte barruan kirol gutxi egin duten milaka lagunek eskiak hartu, eta eski-guneetara abiatzen dira gorputzari zer eskatu behar dioten pentsatu gabe. Horrela gertatzen dira gertatzen direnak...

Hurrengo asteetan eskiatzera joateko asmorik baduzu, hartu kontuan ondoko gomendioak eta, aurretik egin ez baduzu, ezer baino lehen has zaitez gorputza prestatzen.



Gomendioak

Prestakuntza: Egokiena eskiatzera abiatu aurretik sasoi-puntu onean egotea izango litzateke. Hala ez bada, aztertu zure egoera eta egokitu eski-saioak horretara. Eta hasi berehala –neurriz betiere– prestatzen. Eskiatzerakoan gehien sufritzen duten gorputz atalak indartu behar dituzu nagusiki: belaunak eta izterretako giharrak eta besoak. Bizikleta eta step motako aparatuak dira bereziki aproposak horretarako; baita, besoen kasuan, pisuekin jardutea ere. Dena den, eska ezazu aholkua ezertan hasi aurretik.



Ekipoa: Moda-modakoa ez bada ere, bete ditzala segurtasun eskakizunak. Ez aurreztu dirurik bota eta fijazioetan; erosi beti bota eta fijazio onak, segurtasunari erreparatuta alegia. Eskularruak, betaurrekoak eta txanoa, eskiatzeko orduan, ez dira osagai apaingarriak, ezinbestekoak baizik. Izan daitezela horiek ere onak. Kaskoari dagokionez, uxatu lotsak eta jarri buruan, ezbehar larriak ekidin ditzakezu eta. Ez utzi umeei kaskorik gabe eskiatzen.

Beroketa: Oso-oso garrantzitsua da eskiatzen hasi aurretik hamar minutu edo ordu laurdeneko beroketa saioa egitea. Ondo egindako luzamenduek giharren

zein tendoi eta lotailuen malgutasuna areagotuko dute. Arreta, nagusiki, zangoetako artikulazioetan (belaunetan, batik bat) eta hanketako zein gerrialdeko giharretan jarri behar da, lepoa eta besoak ahaztu gabe. Egin daitekeen astakeria handiena batere berotu gabe eskiatzea da. Nola berotu ez badakizu, eskatu aholkua adituren bati. Ez zaizu damutuko.

Elikadura eta hidratazioa: Energia gastu izugarria duen kirola da eskia. Gorputzaren gaitasuna murrizten duten ahulaldiak daude, gainera, lesio askoren jatorrian. Eraman pistetara janari energetikoak (muesli barratxoak, txokolatea, fruitu lehorrak...) eta fruta urtsuak. Ura edo edari isotonikoak maiz edatea ere oso garrantzitsua da. Hotza dela eta, akaso ez duzu egarririk antzemango, baina deshidratazio arriskua handia da.





Azkenik, izan kontuan bistakoak diruditen hiru gauza: errespetatu seinaleak eta ibili leku seguruetan, egin aseguru egokia eta nekatuta zaudenean utzi eskiatzeari. Lesio larrienak kosta ahala kosta egin nahi den azken jaitsieran gertatzen omen dira.