ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Pilota: Ikaspilota

Euskal pilotaz jarduterakoan, horren aniztasuna aipatu behar da lehenik. Batetik, pilota modalitate ugari daude. Bestetik, ondo bereizi behar dira goi mailako pilota profesionala eta profesionalak ez direnek –helduak, gazteak zein umeak– maila desberdinetan praktikatzen dutena. Euskal pilotaren modalitate askok dute, gailurrean, jokalari profesionalei eskainitako tarte bat. Pilotari gutxirentzako tokia duen gailur zorrotz horretan mugitzen da dirua, eta hedabideek ere hor jartzen dute, nagusiki, arreta. Gailur horretatik at, ordea, pilotan afizioak soilik bultzatuta aritzen diren adin guztietako milaka pilotari daude, eta horiek ere osatzen dute pilotaren familia zabala. Nahi izanez gero, zeu ere izan zaitezke familia horretako kide.

Modalitate asko

Egun, eskupilota da ikusleen artean interes handiena pizten duen modalitatea, nahiz eta beste modalitate batzuek ere jokalari eta ikusle ugari erakarri. Hurrengo asteetan, gainera, denboraldiko unerik erabakigarrienean murgilduko da eskupilota maila profesionaleko eskupilota: finalerako bidean da eskuz binakako txapelketa nagusia eta, hori bukatutakoan, buruz buruko txapelketa hasiko da. Txapel horiek janztea da, alegia, eskuz aritzen diren pilotari profesionalen ametsa. Hori dela eta, oraingo honetan eskupilotari eskainiko diogu tarte zabalena; gainerako modalitateak ahaztu gabe, ordea. MUGIren zenbaki honen xedea pilotarekiko interesa piztea izanik, nola ahaztuko ditugu, bada, kirola egiteko aukera bikaina eskaintzen duten gainerako euskal pilota modalitateak?

Aniztasun hori da, hain justu, euskal pilotaren bereizgarri nagusietakoa. Hori, eta beste zenbait gauza, Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren web gunean ( www.euskalpilota.com ) ikasi dugu... Antzinako zibilizazio gehientsuenek zituzten pilota-jokoak. XIX. mendera arte, jokalariek parez pare jarrita jokatzen zuten elkarren aurka, hormarik gabe. Aukera hori pilotak kautxuz egiten hasi zirenean sortu zen. Hona zer jaso dugun gaiari buruz aipatu web gunean: ‘Pilotaren benetako iraultza, berori egiteko kautxua erabiltzen hasi zenean etorri zen. XIX. mendean, material honi esker, piloten bizitasuna areagotzea lortu zen eta, ondorioz, pareta jotzean pilota bote eginez itzultzea; horrelaxe jaio zen zeharkako jokoa... Jokorako material eta instalazio berriak sortu ziren eta, horrela, euskal pilota jaio, munduko beste toki batzuetan praktikatzen ziren pilota-jokoen aldean nortasun berezia hartuta’.







Bada, hori jakinik, jakin dezagun halaber euskal pilotak bide desberdinak hartu zituela, erabiltzen ziren materialen eta pilotalekuen ezaugarrien arabera. Zeren eta ezin baita ahaztu pilotalekuak ere era askotakoak izan daitezkeela: plaza irekikoak, trinketak, ezker paretadunak (luzeak zein laburrak)...

Modalitateei dagokienez, naturalena-edo frontoi mota askotan joka daitekeen eskupilota da, eskua baino ez baitu kirolariak pilota jotzeko.


Pala eta paletak eskuaren luzapenak izango lirateke, eta horien artean ere tamaina eta lodiera desberdinak daude, nahiz eta denak zurezkoak izan. Gomazko zein larruzko pilotak erabilita egin daiteke palan, baita frontoi mota desberdinetan ere. Eskuaren ordez, pala ez ezik xistera ere erabili ohi da pilota hormaren kontra bidaltzeko. Xistera bidezko modalitate ezagunena zesta punta da, pilota xisterarekin geratzea ahalbidetzen duena. Joko garbian eta erremontean, aldiz, inolako geldialdirik egin gabe itzuli behar da pilota, arin-arin, hormara. Orain arte aipatutako modalitate guztiak –zabalduenak, alegia– zeharkakoak dira. Lehian dauden pilotariek, hain justu, pilota ez diote zuzenean jaurtitzen elkarri, hormara bidali ostean baizik. Badira, ordea, gurean hedapen gutxiago duten modalitate zuzenak; hau da, parez pare jarritako bi talderen artean jokatzen direnak. Pasaka, laxoa eta pareta bakarreko frontoiko errebotea dira modalitate horiek.

Non eta nola ikasi?

Egun, garai batean ez bezala, kirol ugari egiteko aukera dugu. Pilotak, hala ere, ondo eutsi dio heldu berrien konkurrentziari, eta pilotarako zaletasuna bizi-bizirik dago. Badira pilotari aparteko garrantzia ematen dioten ikastetxeak, eta horietan ikasten dutenak urrutira jo gabe murgil daitezke kirol horren inguruko giroan. Pilota eskola ugari daude, halaber, Donostian, eta ez bakarrik eskupilotari emanak. Altzan, Añorgan, Igeldon, Loiolan... Auzo askotan daude pilotan hasteko guztiz egokiak diren eskolak, kirol talderen bati atxikiak askotan. Eskolan hasten direnek, alegia, klub horien bitarteaz izaten dute gero afizionatu mailako txapelketetan jarraitzeko aukera. Eta, agian, baten bat maila profesionalera ere helduko da. Tamaina guztietako frontoiak dituzte, gainera, Donostiako udal kirol instalazioek, eta horietan ere egin dezakezue saioa.

Minik hartu gabe eta oinarrizko teknikak menderatuta pilotan egiteko, eskola batean hastea da egokiena. Esan bezala, asko dituzue aukeran Donostian. Bat aukeratu behar, eta Antiguako pilota eskolara hurbildu ginen gu. Auzoko pilotalekuan, monitore lanetan dabilen Kalonge pilotari profesional ohia lagun genuela, lehen pilotakadak ematen zituzten mutikoak ikusi genituen jolasean. Zeren eta aurreneko urrats horietan jolasa baita pilota, eta umeak dibertitzea eskolaren helburua. Horretarako, eskuetan minik ematen ez duten pilota egokituak erabiltzen dituzte eta, koskortutakoan, takoz babesten dituzte eskuak, pilotak ere gero eta gogorragoak izaten baitira. Behin eta berriro esan bezala, kirol gogorra izan daiteke pilota, sufritzeko gaitasuna eskatzen duena, baina hala eta guztiz ere norberaren eskuetan dago zein mailatan aritu nahi duen erabakitzea.

Eta azkenerako utzi dugu honezkero norbaitek bere buruari egingo zion galdera. Eta neskak? Bada, gutxi. Eskupilotan, esaterako, hasi hasten dira neska koskorrak, baina adin batera heldutakoan (11-12 urte inguruan) utzi egiten dute ia gehienek. Egia esan, pilotak eskaintzen dien etorkizuna ere ez da oso oparoa... Baina hori ere alda liteke, ezta?


Ikaspilota, pilotaren alde dibertigarriena

Zuetako askok izango duzue Ikaspilota ekimenaren berri; aspaldi jarri zen abian eta, horrez gain, Donostiako ikastetxe ugari bildu dira euskal pilotaren eta, oro har, euskal soin jardueren alde integratzaile eta ludikoena berreskuratu duen egitasmo honetara. Pilotari beti atxiki izan zaizkio zenbait ezaugarri: asko sufritzea eskatzen duen kirol gogorra dela, landa-giroko herrietakoa, gizonezkoena ia soilik... Egun ere, euskal pilotaren zenbait mailatan ezaugarri horiek dira nagusi, baina pilota hori baino gehiago da: gure kulturaren eta nortasunaren zati den jarduera dibertigarria, guztiok –neska zein mutil, indartsu zein ahul...– egin dezakegun jolas kutsuko kirola. Horixe azpimarratzen dute Ikaspilota ekimeneko jarduerek. Horrek, besteak beste, euskal pilotaren kontzeptuari hedapen zabalagoa ematea eskatu du, materialak eta jarduerak egokitzea eta zenbait mito berrikustea; tradizioari eutsiz, bai, baina horren alde baztertzaileen ordez alde bateratzailea bultzatuz. Laburki, ekimenak hauxe erakutsi du: pilotaren munduan guztiok dugula tokia, bai pilotaren historiara helduko diren profesionalek bai pala hartu eta lagunartean ordu pare bat ematen duten gazteek, edota ikastetxeko patioan pilota-jolasetan ikusten ditugun ume txikiek. Kontzeptu berri hori bestelako euskal jolas batzuetara ere ari da hedatzen, bide hori urratzeari ekin baitio Xiba ekimenak. Hurrengo batean izango dugu horri buruz jarduteko aukera, baina oraingoan Euskal Herri osora zabalduta dagoen Ikaspilota ekimenaren funtsarekin bat egitera gonbidatu nahi zaituztegu: har itzazue pilota, pala edota erraketa eskuan, eta egin saioa... Etxera ez duzue txapelik eramango; bai, ordea, jolasaldi atseginaren oroitzapena.