![]() ![]() |
![]() |
| ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO |
«Kirol gogorra izan arren, pilotaren inguruko afizioa ez da murriztu»
Hamaika urte daramatza profesionaletan Juantxo Koka pilotari altzatarrak. Gogor entrenatu ehar u urtean 65 bat partidu jokatzeko eta hainbat txapelketatan parte hartzeko, baina gazteei dakiena irakasteko astia ere badu.
Pilotari gazteak trebatzen dituzu, egun... Pilota eskola batean hasi al zinen zeu ere?
Ez, nire kabuz hasi nintzen, zortzi urte nituela. Altzakoa naiz, eta auzoan pilotalekua baino ez geneukanez, hantxe ematen genuen eguna. Pilota eskola bazegoen ordurako, dena den. Egun batean Jose Mari Arrasatek ikusi gintuen, gustatu egin zitzaion nola jokatzen genuen, eskolan hartu gintuen, eta gaur arte.
Komenigarria al da eskolan hastea?
Askoz hobea da monitoreekin hastea, bai. Monitorea gainean duzu beti, postura egokiak erakusten dizkizu..., alde handia dago.
Teknikak, beraz, garrantzi handia du pilotan.
Atzelarien kasuan, ez horrenbeste, baina aurrean jokatzeko oso pilotaria izan behar duzu, non jarri eta tantoa non egin jakin, eta horretarako teknika behar da.
Indartsua eta gorpuzkera handikoa izatea, berriz, ezinbestekoa al da?
Kasu horretan alderantzizkoa gertatzen da. Atzean jokatzeko hobe da handia eta indartsua izatea, baina aurrean jokatzeko ez du horrenbesteko garrantzirik.
Eta nortasuna? Zer nolako nortasuna izan behar du pilotariak?
Horrek ez du horrenbesteko garrantzirik. Badira nortasun sendoa duten pilotariak, haserretzen direnak, keinu asko egiten dituztenak. Eta badira pilotari lasaiak, isilak, apalak, inori keinu txar bat egingo ez diotenak. Bi taldeetan aurki ditzakegu, ordea, sekulako pilotari onak.
Pilota kirol oso gogorra dela esan ohi da. Gogortasun horrek ez al ditu hasiberriak uxatzen?
Goiko mailetan gogorra da, bai, asko sufritzen da, batez ere eskuetatik, baina profesionalak gara eta badakigu non sartu garen. Hasiberrien kasuan, alabaina, ez da horrelakorik gertatzen, eta garrantzitsuena disfrutatzea da, pilotaren inguruko mundua ezagutzea eta ondo pasatzea. Aurrera egin ahala, gauzak zertxobait konplikatzen dira. Eskuak babesten dituzten takoak jartzea eta kentzea deserosoa da, pilotak gero eta gogorragoak izan ohi dira... Azkenean, pilota benetan gogoko duenak jarraitzen du aurrera, kirol guztietan bezala. Pilotak, gainera, gero eta kirol gehiagoren konkurrentzia du, baina afizioa ez da desagertu, ezta gutxiago ere.
|
Eta neskak, hurbiltzen al zaizkizue eskolara?
Bai, baten batzuk hasi hasten dira, eta ondo jotzen dute, baina takoen eta pilota gogorren unea heltzen denean utzi egiten dute ia denek, mutil askok bezala.
Oso zaila al da zuk lortu duzun mailara heltzea?
Ez da erraza, ez. Profesionaletako goiko mailan pilotari gutxirentzat dago tokia. Baina pilotan ez da soilik asmo horrekin egin behar. Afizioak bultzatuta jokatu behar da, eta horrek ere satisfakzio handiak ematen ditu.
Satisfakzioak aipatu dituzunez, orain arteko ibilbide profesionalean zein izan dituzu satisfakzio handienak?
Dudarik gabe, irabazi ditudan bi txapelak. Enpresa handietara heltzeko bidea ireki zidan bigarren mailako buruz burukoak, eta iaz irabazi nuen lehen mailako eskuz binakako finalak ere ilusio handia egin zidan.
Aurten eskuz binakakoan ez duzu horrenbesteko zorterik izan... Zein da, orain, zure hurrengo helburua.
Binakakotik kanporatu nautenez, buruz burukorako prestatzen ari naiz orain.
Alde handia al dago binakakoaren eta buruz burukoaren artean? Zer duzu nahiago?
Alde handiago dago, bai. Nik nahiago dut binaka aritzea buruz buru jokatzea baino. Buruz burukoa askoz gogorragoa da. Hor bai sufritzen dutela eskuek...
Zuri begira izango dituzu orain pilotari gazte asko. Umetan, zein zen zure idoloa?
Nire idoloa Julian Retegi izan da beti. Bera izan da onena, eta guztion ametsa hark bezala jokatzea da.
Eta pilotari gazteen artean, nork ematen dizu atentzioa?
Esate baterako, gaztea izan arren jada beteranoa den eta gauza handiak egin dituen Aimar Olaizolak eta, azken boladakoen artean, Irujok. Horrek ere gauza handiak egingo dituela uste dut.
|
|
Gure idoloa Julian Retegi handia zen, eta hark bezala jokatzea gure ametsa» Juantxo Koka Jaioteguna: 1973-05-28
Non jaioa: Donostian
Altuera: 1,86 m
Pisua: 90 kilo
Postua: aurrelaria
Zaletasuna: mendia
Profesionaletan debuta: 1993ko martxoaren 7an Eibarko Astelena pilotalekuan.
Enpresa: Asegarce
Palmaresa 2003. Bi-bitako txapelduna.
1997. 2. mailako buruz
buruko txapelduna.
|
|
|