ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Ekin padelari

Lau jokalariren arteko kirol azkarra

Alboko zutabeak irakurri badituzue, jakingo duzue padel modernoa Mexikoko pilotaleku batean sortu zela, eta urte gutxiren buruan sekulako hedapena izan duela. Saioa egiten baduzue, ulertuko duzue zergatik...

Zenbait urtez, fama nahiko bitxia izan du padelak: tenisaren imitazio halako bat zela zioten batzuek, aberaskume kiroltzat jotzen zuten beste batzuek... Errealitateak, ordea, erraz uxatu ditu aurreiritziak eta egun, baita gurean ere, gero eta lagun gehiago aritzen dira kirol dibertigarri honetan,

Edozerk bezala, alde onak eta txarrak ditu padelak. Alde onak aipatzen hasiko gara, txarrak geroxeagorako utzita. Lehenik eta behin, padelean aritzeko ez da aparteko trebeziarik, gorpuzkerarik edo maila fisikorik behar. Izerdia gogotik eragiten duten kirol horietakoa da, baina nork bere mailara egokitzen badu, hogei metro luze eta hamar zabal den kaiola antzeko batean jokatzen den padelean ito gabe ari daiteke kirolean gutxieneko ohitura duen edonor. Umetan hasi, eta urteetan oso aurrera egin arte joka daiteke, gainera, padelean. Kirola egiten duten bitartean dibertitzea gogoko dutenentzat ere oso egokia da, zaila baita padel partidu batean aspertzea. Bi bikote aritzen dira beti aurrez aurre, erdian sarea eta alboetan hormak dituztela. Ziztu bizian ibili ohi da pilota lurrean zein hormetan bote eginez, eta horrek aparteko azkartasun eta arintasuna ematen dio kirol honi. Jokalari kopuruaren ondorioz, lagunartean aritzeko primerakoa da, baita parean duzuna zirikatzeko ere... Alde onekin amaitzeko, esan dezagun pala dela padelerako behar den ekipazio berezi bakarra.

Alde txarrak orain: padelean aritzeko instalazio bereziak behar dira, ez da edozein plaza edo zelaitan egin daitekeen kirola. Horrez gain, gutxieneko teknika eta kolpe batzuk menderatzea eskatzen du, bestela erabat galduta egongo da jokalaria
pistan, pilota nondik datorkion eta hori nola jo behar den ezin asmatuta. Baina alde txarren inguruko berri onak ere baditugu.

Gero eta aukera gehiago

Padelean aritzeko instalazio gero eta gehiago daude Donostian. Oraintsu inauguratu dira zenbait pista Intxaurrondoko Mons udal kiroldegian, eta horien aurretik ere pista ugari zeuden gure hirian. Bat edo beste ahaztuko dugu seguruenik, baina baten batzuk aipatzearren esan dezagun Etxadiko udal kirol instalazioek, Ondarreta eta Igarako tenis klubek, Atlético San Sebastián klubak edota Padel 4 klubak orduka aloka daitezkeen pistak dituztela. Prezioak ez dira berberak instalazio guztietan baina, orientazio gisa, jokalari bakoitzeko bi euro eta erdi ingurukoa izan daiteke ordubeteko alokairua; hau da, hamar bat euro lau lagunen artean banatzeko. Dirua da, noski, baina baietz askoz gehiago gastatu beste gauza batzuetan?

Trebakuntzari dagokionez ere beste horrenbeste esango dizuegu. Udal Kirol Patronatuaren jardueren baitan zein eskola kirol-egitasmoetan ematen diren ikastaroez gain, klub gehienek ematen dituzte padel eskolak, eta bospasei ordu aski dira funtsezko kontuez jabetzeko. Ez dugunez alor honetako eskaintza guztiak biltzeko tokirik, ondoko laukitxoan Gipuzkoako Padel Federazioak Etxadin duen padel eskolari buruzko informazioa eskaintzen dizuegu. Aipatu dizkizuegun gainerakoekin harremanetan jartzea eta informazio zehatza eskatzea ere erraza gertatuko zaizue. www.donostia.org guneko kirol atalean dituzue helbide eta telefonoak.
Federazioaren padel eskola

Ikastaroak: Malgutasuna da nagusi. Hiruhileko ikastaroak eskaintzen dituzte, baina oro har edonoren beharretara egokitu daitezke.
Non: Etxadi udal kirol instalazioetan (Borroto, 32).

Informazio zabalagoa: 943 216 366 (5etatik 9etara). 605 710 335 (Coro).






Duela urte gutxi berrasmatutako kirola

Padelaren jatorriari buruzko teoria asko daude. Dirudienez, XIX. mendean Atlantikoa gurutzatzen zuten ontzietan, bidaiariak entretenitzeko, tenisaren moldaketa bat asmatu zuten, hura baino leku txikiagoan jokatzen zena. Jolas-eremua txikiagoa zenez, pilota erraketak baino indar gutxiagoz jotzen zuen tresna behar zuten, eta pala antzeko bat egokitu zuten. Hain zuzen, paddle hitzak horixe esan nahi du ingelesez: pala. XX. mendean zehar, aski ezaguna egin zen "paddle tennis"a New York inguruetan, eta 1928ko neguan, pilotak ez zitezen pistatik irten eta elurretan gal, pista kaiola-edo bihurtzea bururatu zitzaien, baita lurra oholak erabilita berdintzea ere, eta "platform tennis"a asmatu zuten. Gaztelaniaz padel izena hartu duen paddle modernoaren aitatzat, ordea, Enrique Corcuera mexikarra hartu ohi da. 70eko hamarkadan, tenis pista bat egin nahi zuen Corcuerak bere Acapulkoko etxean, baina ez zuen horretarako tokirik. "Platform tennis"arekin gogoratu, etxeko pilotakelua egokitu eta oraindik 40 urte bete ez dituen kirola berrasmatu zuen.




Padela kirol

olinpiko izatea

nahi dute


1974an, Corcueraren laguna zen Alfonso de Hohenlohek ekarri zuen Espainiara padela, Marbellan zeukan klubera hain zuzen, eta sekulako arrakasta izan zuen berehala. Espainiatik Argentinara egin zuen salto, eta Hego Amerikan hedatu zen batik bat. 90eko hamarkadan hasi ziren kirol erakundeak padela kirol autonomotzat jotzen, eta Espainiako Padel Federazioa ere urte horietakoa da. Une honetan, padel zaleen aldarrikapena euren kirola olinpiko bilakatzea da, eta kanpaina bat ere badago abian hori lortzeko. Badakite, hala ere, kirol asko dituztela aurretik itxaron zerrendan...