![]() ![]() |
![]() |
| ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO |
«Profesionala izatea oso zaila da, baina bizitza osoan egingo dut padelean»
Iñaki Suárezek 16 urte ditu, eta astero 9-10 ordu eskaintzen dizkio padelari. Goi mailarako bidean da bera, eta pozik dago kirol honek gero eta jende gehiago erakartzen duela ikusita.
|
Iñaki Suárez duela lau bat urte hasi zen padelean, 12 zituela. Aitaren lagun batek gonbidatuta, aita eta biak joan ziren kirol hori zer ote zen ikustera, eta gustatu egin zitzaien... Orduz geroztik sekulako bidea egin du: 2001 urtean hasi zen txapelketetan parte hartzen, finalerdietara heldu da Espainiako Txapelketan, selekziorako deitu izan dute eta, martxoan, nagusien Euskadiko zirkuituan sartuko da. Aurrean bera baino jokalari zaharrago eta indartsuagoak izango ditu, baina ez da horien beldur.
Beste kirolik egiten al duzu? Eta zergatik murgildu zara padelean?
Saskibaloi eta beisbolean aritu izan naiz eta orain, padelaren osagarri bezala, prestatzaile fisikoarekin ere ibiltzen naiz. Kirola, oro har, oso gogoko dut, eta hau ez balitz beste bat egingo nukeen. Baina padelean aritzeko ez zaude talde baten menpe, nahi duzunean ari zaitezke, oso espontaneoa da, eta horixe gustatzen zait batik bat. Gainera, jolas kutsu handia du, sormena eskatzen du, malezia du.... Erloju baten edo marka baten aurka lehiatzea baino nahiago dut jolasean aritzea, eta padelak horretarako aukera ematen du.
Dohain bereziak behar al dira padelean aritzeko?
Gainerako kiroletan bezala, jokoaren ikuspegi ona edukitzea oso garrantzitsua da. Egoera fisikoak, teknikak eta asko entrenatzeak ere garrantzi handia dute, noski.
Padela binaka jokatzen da beti. Oso garrantzitsua al da bikotekidearekin ondo moldatzea?
|
Bai. Norbaitekin denbora luzez jokatu behar baduzu, hobe duzu bikotekidea ondo ezagutzea. Konfiantza handiagoa duzu, besoa errazago askatzen duzu, partiduan gehiago sartzen zara, aurrez entseatutako jokaldiak eramaten dituzu partiduetara...
Bikotekide finkoa al duzu?
Orain, egia esan, bikotekiderik gabe nago, baina martxoan Euskadiko nagusien zirkuituan sartuko naiz, eta Alfonso Zayasekin ariko naiz.
Zure adinekoa al da?
Ez, 26 urte ditu eta oso ona da. 2002an euskal zirkuitua irabazi zuen.
Gainerako jokalariak baino gazteagoa izatea eragozpena da zuretzat?
Jokoaren ikuspegitik eta teknikaren aldetik ez; baina, tira, indar fisikoa garrantzitsua da, eta 25-30 urteko jokalariak ni baino indartsuagoak izango dira... Horrez gain, heldutasun mental handiagoa izango dute, eta horrek ere garrantzi handia du padelean.
Nagusi izandakoan padeletik bizitzea gustatuko al litzaizuke?
Egun, profesionala izatea oso-oso zaila da padelean, diru gutxi dago eta. Babesle gutxi daude, federazioa bera gaztea da... Zorionez, gero eta klub gehiago murgiltzen da kirol honetan, jende gehiago... Era batera edo bestera bizi osoan ariko naiz padelean. Abantailetako bat adin guztietan egin daitekeela da, eta hori ere goko dut.
|
Pista itxia eta pala zuloduna Tenisaren hurbileko senidea bada ere, jatorrizko kirolarekin alde handiak ditu padelak instalazioei, tresneriari eta jokatzeko moduari dagokienez. 10 metro zabal eta 20 luze den padel pista teniserako erabiltzen dena baino askoz txikiagoa da, eta hesiz inguratuta dago gainera. Horretan datza kirolaren berezitasun nagusietako bat, lurrean ez ezik hormetan ere egin baitezake bote pilotak... Eta horrexek ematen dio aparteko bizitasuna padelari. Padelean tenisekoa baino txikiagoa den pala batekin egiten da. Pala konpaktua da, ez sokaduna, eta zulotxoak ditu pilota jotzen duen zatian. Istripuak ekiditeko, eskumuturrean sartu behar den lokarri bat ere badu. Puntuazioa tenisaren oso antzekoa da, eta 3 edo 5 setera jokatzen dira partiduak. |
Argentina eta Espainia jaun eta jabe Itsasoan asmatu, Estatu Batuetan lehorreratu eta Mexikon berrasmatu bazen ere, Espainian eta Argentinan hartu zuen harnasa padelak duela hogei bat urte, eta hori mundu mailako rankinean ere igartzen da. Lehenengo Munduko Padel Txapelketa Espainian jokatu zen 1992an, eta Argentina izan zen garaile. Orduz geroztik, bi urtez behin egiten den txapelketaren beste bost edizio jokatu dira: Argentinak hiru irabazi ditu, eta Espainiak bi. Argentinan, hain justu, gehien egiten den kirola da futbolaren ondotik. Hurrengo txapelketa ere han jokatuko da, datorren udazkenean. |
|
|