ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Hitzorduak



Martxoaren 7an,

Lilaton lasterketa

Aurten ere hitzordu berezia dute emakumeek, martxoaren 7an eurei gordetako Lilaton lasterketaren 15. edizioa egingo baita. 5.000 metroko lasterketa honetan 14 urtetik gorako emakumeek har dezakete parte, junior (14-17 urtekoek), senior (18-39 urtekoek) nahiz beteranoek (40 urtetik gorakoek). Gainera, parte-hartzaileek kamiseta bana lortuko dute. Izena aurrez ematen dutenek –matxoaren 6ra arte dute astia– 3 euroko kuota ordaindu behar dute (10 partaidetik gorako taldeek kide bakoitzeko 2,5 euro ordainduko dute). Izena Donostiako Laister Kirolak (Usandizaga, 18) eta Izadi Kirolak (Elkano, 6) eman daiteke, baita 943 46 28 66 fax zenbakian eta lilaton@euskalerria.org helbidean ere.


Itsasertzeko bideak,

Club Vasco de
Camping-en bidez


Club Vasco de Camping irteerak antolatzen hasi da berriz ere. Martxorako, hain justu, hiru txango prestatu ditu. Hala, martxoaren 7an Jaizkibelgo itsaslabarrak gertutik ikusteko aukera izango dugu: paisaia horren zati bat arriskuan dago, Pasaian egin nahi duten portua dela eta. Martxoaren 14an, berriz, Uliako itsaslabarretako bidea egingo dute, eta martxoaren 28an txakolinaren bidea, Zarauztik Zumaiara. Martxoaren 7ko eta 28ko txangoetarako, klubaren egoitzan (Iparragirre, 8) eman behar da izena.

Argibide gehiago:
www.vascodecamping.org
info@vascodecamping.org
943 271 866


Iritzia



Judoa: bakarkako kirola?



Zer adierazten dugu "ESKOLA KIROLA" aipatzean? Eskola bateko ikasle multzo batek elkarrekin egiten duen kirola. Beraz, pentsa daiteke eskola bateko hainbat ikasle kirol baten inguruan biltzen direla. Baina, bada beste modu bat jendea biltzeko. Hau da, honetan kirol bat da eskola desberdinetako ikasleak elkartzen dituena.

Nola? Klub batean. Esaterako, Donostiako Judo Klubean, San Patricio, Barandiaran Lizeoa, Marianistak, Peñaflorida, Axular eta beste hainbat eskoletako ikasleek Gipuzkoako talderik indartsuenetariko bat osatzen dute (bertan oraintsu lortu dute Gipuzkoako hainbat domina).

Gaur egun, judoa ez da asko ikusten den kirol bat, ezaguna den arren,ez baita ateratzen ez telebistan ezta egunkari edo aldizkarietan ere.

Gehienen ustetan, kolpeak ematea besterik ez omen da, baina ez da hala. Kirol honek, beste askok baino teknika gehiago eskatzeaz gain, asko pentsatzea ere behar-beharrezkoa du, norbait bota ahal izateko, momentu egokia aurkitu, eta horretarako, egoera egokia sortu beharra baitago.

Bestalde, judo egiten dugun guztiok elkar ezagutzen dugu, eta badakigu zer judo mota egiten duen bakoitzak; honek guztia asko zailtzen du. Baina, aldi berean, oso polita da elkar ezagutze hori.

Denek uste dute, bakarkako kirola izatean, zu bakarrik zaudela, eta ez dago zalantzarik: "tatami" an ez dago inolako lagunik, daukazun gogo eta aorru guztia jartzen duzu irabazteko; aldi berean, ordea, guztiz aurkakoa ere bada: zure entrenatzailearen atzean, armailetan, "tatami" alboan... makina bat pertsona ari da zure mugimendu guzti-guztiak jarraitzen, zurekin sufritzen, disfrutatzen, zu animatzen... Horrek ematen duen sentsazioa ez du beste ezerk ematen, eta talde sentsazio hori izaugarria da benetan.

Txapelketetan egindako lagunez gain, bakoitzaren klubeko jendea dago; momentuoro lagundu eta zaintzen zaituztenak, entrenamendu edo txapelketetan, eta besteak bezala benetako lagunak direnak. Ni Espainiako txapeldun izan banaiz, haiei esker izan da, beren laguntza, aholku eta abarrengatik, eman dizkidaten hainbeste kolpe eta besarkadengatik....
Egia esan, duela gutxira arte, ni beste talde kirol batzuetan ere aritzen nintzen, eta ziurta dezaket judoak askoz ere lagun gehiago eta hobeak eman dizkidala. Adibidez, partidu bat amaitzean, askotan, ez zaio aurkakoari begiratzen ere; judoan, aldiz, eskua eta besarkada bat ematen zaizkie aurkako guztiei, nahiz eta galdu. Hori da judoak gehien harritzen nauen gauzetako bat .

Nik, behintzat, hori bizi izan dut; hau da, "shiai" (konbate) bat galdu arren, primeran konpon naiteke irabazi didanarekin, nahiz eta biok kolpe eta zauriz beteta eta odoletan amaitu.

Izugarria da, bai, ezagutzen den jende mordoa, baina batez ere haiekin egiten den harremana. Nik, gainera, Espainiako txapeldun izatea lortu nuenez, Espainiako selekzioan sartu nintzen. Bertan ezagutu dudan jendea ahaztezina da erabat, eta nahiz eta urtean hiru aldiz edo ikusten ditudan, elkartzean sekulako poza sentitzen dugu guztiok, zoragarria da denak elkarrekin egotea.

Judoarekin egin ditudan lagunak ez ditut inon lortu (betiko lagunak izan ezik, noski), eta badakit edozein gauzatarako kontuan har ditzakedala, bai Donostiakoak, bai kanpokoak. Txapelketei esker, bidaia pila egiteko aukera izan dut, Espainian, atzerrian, eta, nola ez, Euskadiko bazter guztietan egona naizela uste dut.

Azkenik, jendeak bakarkako kirola dela dionean nahastuta dagoela esan dudanean, ezin uka "tatami" gainean zu bakarrik zaudela aurkariarekin, baina badakizu lagunek zurekin bizi dutela zure mugimendu bakoitza.

Honekin nolabait nahi dudana izendaturiko lagun horiei guztiei eskerrak ematea besterik ez da, nire alboan egoteagatik behar izan ditudanean, eta horren lagun apartak izateagatik.

Zalantzarik gabe, judoa kirol zoragarria da...





JON ISASI LOPETEGI

Donostiako Judo Klubekoa


Zuen berrien zain gaude



MUGI zuekin guztiekin batera egin nahi dugu eta, horretarako, ezinbestekoak ditugu zuen ekarpenak.

Ikastetxeen, kluben, federazioen eta, oro har, kirolzale donostiar guztiek esku-hartzea behar du MUGIk.

Hortaz, kontatzeko zerbait baduzue, esaiguzue eta geu arduratuko gara horren berri emateaz:
Antolatzen dituzuen ekintzak: ikastaroak, txapelketak, bestelako jarduerak.
Zuen jarduerari loturiko berriak.
Erreportaje eta elkarrizketetarako gaiei buruzko iradokizunak.
Zuen iritziak.


Honako helbide hauetara bidal dezakezue informazioa, betiere MUGI erreferentzia argi ikusten dela:

Postaz:
MUGI
Donostiako Euskararen Udal Patronatua
Konstituzio plaza, 2. 20003 Donostia

Faxez:
MUGI
943 483 765

Posta elektronikoz:
MUGI
udala_euskara@donostia.org


Oharra: MUGI dezenteko aurrerapenez egiten denez, hilabete amaiera baino hamabost bat egun lehenago bidali behar dituzue zuen iruzkinak, baldin eta hurrengo hileko aldizkarirako badira.