euskaraz.net
Ekologia

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 59 2002/12 »  Ekologia




Ekologia

***




Ez dute ez, hegazti guztiek alde egin

AUZOKAKO azaroko zenba-kian gure basoetatik beste batzuetara abiatzen diren hegaztiez aritu ginen. Badi-ra, ordea, gure lagun diren beste hainbat txori, negu hotza gurean pasatzen du-tenak: txantxangorri kuttu-na, txepetx txikia eta okil zaratatsua.





Txepetxa

Euskal basoetan, sastraka artean mugitzen den txori txikiena da Troglodytes Troglodytes, Txepetxa, alegia. 11 gramoko pisua du eta mokotik buztanera 9 zentimetro baino ez. Adartxoan dagoenean, buztana zutik ipintzea da bere ezaugarri nagusia. Hego txikiak dituenez, ezin du hegaldi luzerik egin. Oro har, oso bakartia da.

Janariari dagokionez, harrak, armiarmak, barraskilo txikiak... ditu gustukoen.

Neguan, txepetxak, udaberrian ugalketarako eraikitako habia erabiltzen du gordeleku bezala.

Arrak eme bat baino gehiago ernaltzen du eta bakoitzari habia prestatzen dio. Eme bakoitzak 5-8 arrautza jartzen ditu udaberrian.



Txantxangorria



Bular laranjadun txori hau da, agian, Euskal Herriko txoririk ezagunena. Erthacus Rubecula hau 13-14 zentimetro luze da. Papar alde laranjadun txoriak burua, hegoak eta isatsa nabarrak ditu.

Intsektu jalea da eta mokoa zein hankak meheak ditu. Txantxangorri arrak, bere kantu bereziarekin emea erakartzen du eta honek egiten du habia, goroldio, belar eta hosto lehorrez.

Errunaldian, apirila aldean, 5-7 arrautza urdin ipintzen ditu emeak eta, 14 eguneko inkubaldiaren ondoren, txitak jaioko dira. Arrak zein emeak zainduko dituzte txitak, baina pare bat aste pasa ondoren bakarrik defendatzeko gai izango dira.






Okil berdea



Zientzialariek Picus Viridis bezala ezagutzen duten hegazti hau otsaileko egun hotzetan hasten da, amodiozko kantuekin, okil emeak erakartzen. Ugalketarako, aurreko urtean erabilitako habi berbera erabiltzen du normalean. 5-7 arrautza erruten ditu okil emeak eta txitatzen emea zein arra aritzen dira. 18-21 egun pasa ondoren jaiotzen dira okiltxoak eta handik zenbait egunetara txita batzuk emearekin abiatzen dira eta beste batzuk, arrarekin. Normalean, ez dute berriro elkar ikusiko.

Okilaren jaki gustukoena inurriak, sitsak, zizareak… dira. Inurritegietan bere 10 zentimetroko mihi mukitsua sartu eta hala harrapatzen ditu inurriak.

Okila Euskal Herriko baso ederretan aurki daiteke. Okil berdeak, izenak dioen bezala, berde koloreko lumak ditu; luma horixkekin eta grisekin tartekatuta.




Nola aurreztu energia, neguko hotzari aurre eginez?



Neguan askotan izango zara kexu gurasoekin, hotzari kasurik egin gabe, leihoak parez pare irekiak dituztelako etxea aireztatzeko. Bada, jakin dezatela gurasoek egunero 10 minutuz aireztatzea nahikoa dela.

Berogailua edo aire egokitua piztuta dagoenean, ez ireki inoiz leihoak; dirua leihotik jaurtitzen ari zara eta.Berogailuak termostatoa badu, 18-20 gradutako neurria da egokiena, eta beroak ez du alferrik gora egingo.

Gurasoek berogailu sistema berri bat ipini behar badute, jakin bezate gehien kontsumitzen duen energia mota elektrikoa dela. Energia merkeenetik hasita hona hemen zerrenda: eguzki energia, biogasa, biomasa, egurra, gas naturala edo propanoa eta butanoa.




Energia eta autoa



Astiro gidatuz gero, olioa %50-60 inguru aurrezten da eta, gainera, ingurumena ere dezente gutxiago kutsatzen da. Aita edo ama orduko 100 kilometroko abiaduratik gora joaten denean, haizearen aurka, autoak energia asko gastatzen du eta bidaia garestiagoa da. Esaiezu, beraz, astiro joateko eta gainera, istripu arriskua ere txikiagoa izango da eta.

Autoa martxan jartzerakoan, berehala abiadura azkartzea eta mantsotzea saihestu behar da, energia asko aurreratzen baita horrela. Auto arruntekin ez da rallya egin behar.

Itxi leihoak; % 5 inguru gutxiago kontsumitzen da.




Sukaldean ere energia aurrez daiteke



Janaria prestatzerakoan, zartaginak eta lapikoak tapa batez estaltzen baditugu, energia aurreztuko dugu.

Eltzeen oinarriaren diametroa kontuan izan behar da, eta ez da inoiz eltzea oinarria baino handiagoa den sutan jarri behar. Izan ere, energiak alferrik ihes egin dezake alboetatik. Irakiten hasten denean, sua jaitsi gutxienera, beroari eusteko eta ahalik eta energia gutxien gastatzeko.

Labea piztuta dagoenean, ateak ahalik eta gutxien irekita gutxiago gastatuko dugu.