euskaraz.net
Gizartea

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 59 2002/12 »  Gizartea



Gizartea

***



“Jai giroan ospatu

genuen mendeurrena”





Rafa Zulaika, 39 urteko donostiarra, San Telmo Museoko zuzendaria da. Museoak hiriko kultur bizitzan zeregin garrantzitsua izan du. Duela mende bat, 1902ko urriaren 5ean alegia, Donostiako "Udal Historia eta Arte Museoa" inauguratu zen, gaur egun San Telmo izenarekin ezagutzen duguna.



Zer ikasketa egin zenuen Donostiako museorik garrantzitsuenean zuzendari lana egiteko?

Donostian eta Madrilen Arte Historia izena duen karrera egin nuen.

Zein lan mota egin zenuen museora sartu baino lehen?

Bi museotan ibili naiz. Lehenengo, Bilboko Arte Ederretako Museoan eta ondoren, Donostiara etorri nintzen eta Untzi Museoan egin nuen lan. Lehenengoan sei urtez aritu nintzen eta bigarrenean, hiru urtez.

Nola bururatu zitzaizun zuzendari lana egitea, horrek dakarren ardura jakinik?

Untzi Museoan ari nintzela, lanpostu horretarako deialdi bat egin zuten. Nik pentsatu nuen Donostian jaioa izanda, gauza polita izan behar zuela zure hiriko museoan lan egiteak.

Horregatik, neure burua aurkeztu nuen.

Zer ardura dituzu zuzendari izateagatik?

Ardura nagusia izan daiteke bertan lan egiten duen taldearen eta bertako bildumen eta zerbitzuen ardura nire gain izatea. Museoan 16.000 objektu daude, eta erakusketez aparte, bestelakorik ere antolatzen ditugu: hitzaldiak, tailerrak eta noizean behin, kontzertuak.

Zenbat urte daramatzazu zuzendari lanean?

Bederatzi urte daramatzat lan honetan; beraz, 1994an hasi nintzen.

Nola ospatu zenuten museoaren mendeurrena?



Ateak Zabalik izenburuko jarduera batekin. Erakusketa bat zabaldu genuen, eta gainera, konponketak zirela eta, azken urteetan erretiratutako 400 objektu inguru berriro atera genituen. Klaustroko goialdeko aretoetan daude ikusgai oraindik.

Jai giroan ere ospatu genuen eta bisitari etorritakoei oparitxo bat egin genien: liburuetan orriak banatzeko erabiltzen den kartulina eta arkatz bat.

Zein izan da ehun urte hauetako erakusketarik garrantzitsuena?

Duela sei urte La Caixa Fundazioak ekarritako Amazonia* izeneko erakusketa. Bi hilabetera ere ez zen iritsi, udan, eta 50.000 lagunek bisitatu zuten museoa. Arrakastatsua izan zen.

Egun hauetan zein erakusketa daude?

Alde batetik, mendeurrenaren berri ematen digun objektu eta bilduma erakusketa hori. Gainera, Franzisko Iturrinoren grabatuak daude. Grabatua arte mota bat da. Normalean paperaren gainean egiten da, baina xafla gainean egitea ere badago.

Zein erakusketa dituzue pentsatuta etorkizunerako?

Datorren urteko egitaraua ari gara prestatzen.

Zinemaldiari eta zineari buruzko erakusketa bat prestatzen ari gara: argazkiak eta abar.

Zarauzko margolari batekin ere ari gara hizketan, beharbada bere arte lanei buruzko erakusketa bat egiteko. Horrez gain, liburuei eta koloreei buruzko erakusketa bitxi bat ere antolatuko dugu.

Azkenik, martxotik maiatza bitartean, Saguesen Tximua eta Gizakia izeneko karpa bat jarriko dugu. Oso erakargarria izango dela uste dugu.