euskaraz.net
Han eta hemen

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 59 2002/12 »  Han eta hemen





Han eta hemen

***




Gabonak han eta hemen

Gabonetan Jesusen jaiotza ospatzen da, familia loturak estutu egiten dira eta opariak trukatzeko ohitura da-go. Etxeak apaintzen dira zuhaitzarekin eta honen azpian jaiotza jartzen da. Hala ere, kutsu erlijiosoa galtzen ari dela dirudi.Urtero bezala, berriro ere iritsi dira gabonak.

Herri bakoitzak bere ohiturak ditu. Ohitura batzuk, ordea, leku batean edo bestean, antzekoak izaten dira. Errusian Jesusen jaiotza ospatzen da. Ospakizunak azaroan hasten dira, eguberri aurreko baraualdia hasten denean. Jendeak animalietatik eratorritako edozein jaki jateari uzten dio. Badago itsaskiak jatea, ordea. Eguberri eguna urtarrilaren 7an ospatzen da, jendea mezetara joaten da eta gero senide baten etxera bazkaltzera. Bertan opariak ematen dizkiote elkarri. Haurrak etxez etxe ibiltzen dira kantari. Eguberrietako zuhaitzarekin apaintzen dute etxea, eta urtarrilaren amaieran kendu ohi dute.

Baita Asian eta Afrikan ere Indian eguberri eguneko elizkizun nagusia gauerdian
egiten da eta bizpahiru ordu irauten du. Ghanan, berriz,gabonetako ospakizunek zortzi egun irauten dute. Abenduaren 25ean senitartekoek arropa berriak eta opariak ematen dizkiete haurrei. Goizean goizeko otordua ñame orea izaten da, arrautza eta palmondo olioaz egindakoa. Goiz guztian elizako kanpaiak joka aritzen dira; kanpai horietako batzuek mezatara joateko deitzen dute. Bertan, mezetan, jendeak Jesusen jaiotzaren istorioa entzuten du eta gabon kantuak abesten ditu. Eguberri eguneko otordu nagusia afaria izaten da eta jaki nagusia, hegaztia. Afaldu ostean, haurren jaialdia hasten da: ume taldeak etxez etxe ibiltzen dira kantuan.

Polonian, gabon gauean, 12 platerkada jaten ditu mahaikide bakoitzak. Arabiarrek, berriz, bazkari arina egiten dute; horrela urtea euritsua eta emankorra izango da. Haragia jaten badute, urte idorra izango dute.


Indotxinan, berriz, ura botatzen dute leihotik behera kalean dabilena bustitzeko, eta horrela urte osoan egindako bekatuak barkatu egiten dira.Opariak egitea ere ohitura da gabonetan. Guri Olentzero edo Erregeak etortzen zaizkigu. Italiako haurrei, berriz, Befana izeneko atso langile bat, urtarrilaren 5ean Jesusen bila hasten dena. Befana etxeetan ibiltzen da Jesusen bila, eta opariak uzten ditu.

Urtezaharrean festa eta algara izaten da. Kontua espiritu gaiztoak izutzea da, urte berrian ez sartzeko.



Raul Urrutikoetxea,

gogoan zaitugu

Raul Urrutikoetxea, 40 urteko margolari donostiarra, irailean hil zen. Irudimenezko errealismoa lantzen zuen. Donostiako zubiak margotzen hasi zen, gero eskailerekin jarraituz. Bere bizitzako momenturik puntakoenean zegoen: lanak oso ondo saltzen zituen, eta erakusketa asko antolatzen ari zen.

Horregatik, bere heriotza ezusteko handia izan da: bat-bateko gaitz batek bukaera eman zion bere bizitzari. Ez dugu artista handi bat soilik galdu, bere obrei esker beti gogoratuko dugun pertsona suharra baizik.


Beti arte, Chillida!





Udan, azken agurra eman genion artista handi bati: Chillidari. Donostiako ikastetxe batean ikasi eta gero, 21urterekin arkitektura ikasketak hasi zituen. Realean ere jokatu zuen. Fakultatea utzi eta Arte Ederrak ikasten hasi zen, eta hor egin zituen lehen eskulturak. Handik gutxira, Parisera joan eta gero, bere ibilbidean eragin handia izandako Pilar Belzuncerekin ezkondu zen.

Bere lanak mundu osoan izan dute oihartzuna. Leku ezberdinetan erakusketak egin zituen. Horri esker, jende askok Chillidaren obra baloratzen segi dezake.Sari ugari jaso zuen, normalean harriz edo burdinaz egindako lanengatik. Duela bi urte, Chillida-Leku ireki zuen, non artistaren eskulturak aurki ditzakegun. Museo hau, gainerakoekin alderatuz gero, ezberdina da oso; obrak lorategian daude, naturarekin harremana erabateko da.Bera gurekin egon ez arren, munduko edozein lekutan gaudela ere, beti izango dugu gogoan, bere eskultura miragarriak ikusitakoan. Gizona joan zaigu, baina bere obrek dakarten guztia gurekin geratu da. Beti arte.




Nor izango daHogwartseko zuzendaria

Minbiziak jota hil da 72 urteko Richard Harris aktore irlandarra. Urrian hil zen Londresko erietxe batean. Umeek A. Dumbledore Hogwartseko zuzendari bezala gogoratuko dute, Harry Potterren bi film egin zituen eta. Bigarrena bukatuta, gaixorik zegoela jakin zuen. Minbizia zuela esan ziotenetik kimioterapia saioak hartzen ari zen eta osasuna hobetzeko ahal zuen guztia egin arren, ezin izan zuen hurrengoa filma grabatu.

Hasieran ez zitzaion gustatu A. Dumbledorena egitea, baina bere ilobak animatu zuen casting-era aurkeztera eta, azkenean, kasu egin zion. Hasi eta berehala, gustura sentitu zen eta aurrera jarraitu zuen. Horrez gain, arrakasta handia lortu zuen “Zaldia izeneko gizona” eta “Camelot” filmekin.