euskaraz.net
Ikasleak idazle

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 59 2002/12 »  Ikasleak idazle



Ikasleak Idazle

***



URA

Ura
Biziaren jatorri,
Lurra estaltzen duen zetazko mantua
Haizeak mugitutako hostoen soinua duzun hori,
Nire begietara zatoz berriz ere.





Eta itsasoko ur gazia,
Ekaitzetako ur gozoa,
Sumatzen dut
Nire masailetan zehar labainduz.
Goxo-goxo mina sentiarazten didazu
Ezpainetaraino egiten duzun bidaia honetan,
Eta musu ematen didazu
Eta sentitzen zaitut
Eta nire gorputzean barrena sartzen zara,
Jaio zinen bezala nire begiak
Euritan hasi zirenean,
Hiltzen zara nire ahoak xurgatzen zaituenean.


Zenbat ur isuri dudan
Besteen ahoetan galdetzen diot
Ene buruari. Zenbat?
Baina dena biraka doa, errepikatuz
Eta berriro itzultzen zara,
Are gardenago, ttantta maitagarrietan.


Zu barik ezin naiz bizi
Bakardadezko basamortu izoztu honetan.
Behar zaitut eta
Goizean krabelin petaloak
Ihintza eskatzen duten bezala
Oihukatzen dut zure izena,
Bizia ematen didazulako
Zu gabe heriotza besterik
Ez dudalako poltsikoetan.
Ura, hemen nahi zaitut beti nirekin,
Urez egina bainago eta
Noizbait ur izatera itzuliko naizelako.
Ura, nire bizia zara!

Amaia Mateos