euskaraz.net
Ekologia 1 Prestige

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 60 2003/02 »  Ekologia 1 Prestige





Ekologia





Prestige-ren erasoaren aurka, baliabide eskasak

Duela bi hilabete, Galiziako itsasaldean, Prestige izeneko petroliontzia bitan zatitu eta itsasoan hondoratu zen. Pixkanaka-pixkanaka barruan zegoen petrolioa ateratzen ari da. Egoera honek kalte izugarriak egin ditu Galizia aldean.

Arriskua Euskal Herrira iristen ari denean, ageriagoa da gure herrian kostaldea babesteko tresna eraginkorrak behar ditugula.

Zenbait arrantzontziri fuel olio orbanak biltzeko hala nolako tresneria ezartzea ez da gaur egungo teknologia aurrerapenek eman beharreko erantzun egokia. Horregatik, beste era bateko itsasontziak, tresneria eta pertsona prestatuak behar ditugu. Dena den, egunkariak aztertuz, saiatu gara han hemenka tresneria eta baliabide egokiagoak sortzeko eta erabiltzeko egin dituzten saioak jasotzen.



Lau dira Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak. Batetik, salabardoak diseinatu dituzte fuel olioa biltzeko, nahiz eta oraindik diseinua hobetu behar den. Bestetik, euskal untziei arraste sareak eta azalerako arrasteluak jarri dizkiete. Halaber, erregaia saretik irten ez dadin, estalki bereziak jarri dituzte untzien sareetan.

Azkenik, Azti institutuko teknikariak hesi mugikor berriak diseinatzen aritu dira. Hesi mugikor hauen bidez, sakabanatutako fuel olioa elkartzea du helburu Eusko Jaurlaritzak. Organbidexka talde ekologistak, bestalde, Hegaldia zentroa eskaini du kaltetutako hegaztiak aterpetzeko. Hegazti kalteturen bat ikusiz gero, elkarteari jakinaraztea eskatu dute.

Hainbat alkatek ere berehalako laguntza eskaini nahi izan dute itsas kutsaduraren eraginak saihesteko. Didier Borotra Miarritzeko alkateak jakinarazi duenez, esaterako, REP lantegiari laguntza eskatu diote. Petrolioari haitzetan itsastea ekiditen dion Balarep izeneko likidoa egiten dute aipatutako enpresan, eta REP-ek tona erdi eman die eskaera egin duten alkateei.



Donostiako Udaleko teknikariek eta politikariek ontzat eman zuten Kontxan egindako froga. Saioan, hondartzako horman, Balarep eman zuten. Antza denez, fuel olioa ez da haitzean itsasten eta errazagoa garbi daiteke.

Jorge Argintxona itsas kapitain eta abokatuaren ustez, garrantzitsuena horrelako larrialdietarako planak izatea da. Argi izan behar da norengana jo, denbora galdu gabe, eta baita zein material erabil daitekeen ere. Baina, dioenez, oraingo honetan argi ikusi da antolakuntza ez dela batere aproposa izan.

Udan gure hondartzetan plisti plasta ibiltzerik izango al dugu ala orban beltzez gainezka izango ote ditugu?