 |
|
 |
 |
|
Kirola
Realaren historiako Liga hasierarik
Bernard Kraussek taldea utzi zuenetik, txuri-urdinak entrenatzaile egokiaren bila ibili dira zenbait urtez, eta oraingo honetan lortu dutela dirudi. Nantes taldetik etorritako Denoueix frantziarra ohituta zegoen, nonbait, harrobikoekin lan egiten eta Liga hasieran Realak inoiz lortutako emaitzarik onenak ekarri ditu. Gainera, Zamorak eta Olabek emandako laguntzarekin, esan dezakegu talde tekniko benetan ona osatu duela.
Taldeak egiten duen jokoa oso erasokorra da, baina lerro guztietan oreka mantentzea lortu dute. Xabi Alonso edota Igor Jauregi bezalako jokalariak protagonista bihurtu dira eta pieza ezinbestekoak ditugu.
Liga hasieran, taldearen aurkako kritikak entzun ziren eta “zorte” hitza kazetari eta entrenatzaile askoren ahotan entzun genuen. Gaur egun, ordea, ukaezina da Denoueix-en mutilek egin duten hobekuntza. Konfiantzaz beteta ikusten dugu taldea. Honela, jardunaldiak aurrera joan ahala, datorren urtean Europan jokatzeko aukera gero eta hurbilago ikusten da.
Euskal Txirrindularitza Federazioaren sariak
Hamaika urtez txirrindularitzaren goi mailan ibiltzeagatik, Abraham Olano anoetarra merezitako omenaldi pila jasotzen ari da. Azkenekoa, Euskal Txirrindularitza Federazioak eskaini dio, urtero Gipuzkoan egiten duen galan.
Olanok ez ezik, beste txirrindulari mordo batek ere sariak jaso dituzte: Joseba Belokik, Igor Astarloak, Aitor Osak, Mikel Zarrabeitiak, Igor Gonzalez de Galdeanok, Francisco Gutierrezek eta Joane Somarribak, besteak beste.
2002ko Euskal Txirrindularitzaren Gala izeneko ekitaldian banatu dituzte sariak. Guztira, 41 txirrindulari saritu ditu Euskal Txirrindularitza Federazioak. Joseba Belokik Frantziako Tourrean lortutako bigarren postua edota Joane Somarribak egindako lana goraipatu dituzte, baina zalantzarik gabe, aurtengo ekitaldian Abraham Olanok izan du protagonismo nagusia. Beste txirrindulari guztien babesa argi eta garbi jaso du anoetarrak. Ez dira bada, alferrikakoak izan Olanok hamarkada honetan egindako esfortzuak, lortutako garaipenak eta euskal txirrindularitzazale guztioi eskainitako une alaiak. Bejondeizula!
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |