euskaraz.net
Iritzi-miritziak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 60 2003/02 »  Iritzi-miritziak








Iritzi Miritziak




Etorkizuna gazteen esku balego!

Telebistan, irratian, guraso edota irakasleen sermoietan... askotan entzun dugu etorkizuna gazteon esku dagoela. Gure lana oso garrantzitsua da eskola garaian, gogor ekin behar diogu ikasteari “etorkizun perfektua” eskuratzeko.

Etorkizun polita, perfektua, amesgarria... kaka zaharra! Gazteak gara, baina ez inozo hutsak. Egia da erabat beharrezkoa dela orain ikastea eta emaitza onak lortzea, gero lan eskaintza zabalduko omen zaigulako. Baina, gehienetan, ikasitakoak eta lortutako lanak zerikusi gutxi izango dute; arrazoi askorengatik, gainera.

Adibide bat: telebistan lan egiten duten askok ez dute horretarako ikasketarik; hor daude, aurkezle lanetan, famatu baten familiarrak direlako... Egoera hau beste arlo batzuetan ere gertatzen dela susmatzeko ez da oso argia izan behar. Bulego batean egoteko prestakuntza edo gorputz neurriak izaten dituzte kontuan?

Horrez gain, ikastea bera ez da samurra. Guk aukeratu ditugun ikasketak egiteko bidean, ezarrita dauden oztopoez gain (nota bikainak izan beharra, matrikulatzeko leku arazoak...), bestelakoak azaltzen zaizkigu: familiarren presioak, ekonomikoak...

Ez dut aipatu nahi gure “etorkizuna” zeinen esku dagoen, baina nahi nuke hori aztertzeko honelako faktoreak kontuan hartzea: Prestigeren jabeak, AEBtako lehendakariaren “guda” oihuak…