euskaraz.net
Ikasleak idazle

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 60 2003/02 »  Ikasleak idazle



Ikasleak idazle



Kaixo denoi:

Zuek ondo ezagutzen ez banauzue ere, nik oso ondo ezagutzen zaituztet. Lehenik eta behin, neure burua aurkeztuko dut: ni Lur planeta naiz edo “planeta urdina”, nahi duzuen bezala deitu. Ni ohituta nago edozein izen entzutera, baina, berez, nik Inazio dut izena. Eta izen hori zergatik dudan galdetuko duzue zuetako askok, bada, ama “Big-Bang”-ek hala jarri zidalako, zuei zuen amak jarri zizuen bezalaxe. Beno, baina hori beste istorio bat da.

Zuei eskutitz hau idazteko arrazoia beste bat da, nire egoera, alegia. Nabaritzen da (“nabaritzen da” esaten dut jadanik ikusmena eta entzumena nahiko izorraturik dauzkat eta; badakizue, zahartzaroa dela eta...) ez nauzuela oso ondo zaintzen. Ni, osasun aldetik, ondo mantentzen saiatzen naiz, baina zuek ez didazue batere laguntzen, ez horixe! Nazkatuta nago.

Leku askotan jarri dizkidazue zentral nuklearrak, eta dakizuenez, hori oso toxikoa da niretzat. Azken aldian oso gaixo nago eta ohean etzanda pasatzen dut denbora guztia. Zikin-zikin nabil egun hauetan. Bai, halaxe da, Prestige izeneko itsasontzi bat hondoratu da eta zikin-zikin nago, galipotez blai. Baina, ezin dut ahaztu jende asko ari dela hau garbitzen eta hauei eskerrak ematen dizkiet. Tira, eta hori ez da guztia, nire aterkia edo ozono geruza (ez dakit zergatik jartzen dituzten horrelako izen xelebreak, gero haurrek ikasi egin behar baitituzte) zuloz beteta dago, zuen espraien erruz. Eta noski, eguzkiak, nire etsairik zitalenak, izpi-ultramoreak botatzen dizkit, eta nik ezin dut nire burua defenditu. Bitartean, zuek kexaka ibiltzen zarete denbora guztian, izpi-ultramoreek kalte egiten dizuetelako. Niri ez al dit, bada, kalterik egiten? Burusoil ere geratzen ari naiz, bai, burusoil, gero eta zuhaitz gutxiago dauzkat eta. Amazonia aldea lehen zuhaitzez beteta zegoen eta orain basamortu bihurtzen ari da.

Hauek dira nire kexa batzuk, baina ez denak. Esperantza galtzen hasia naiz, ez baitut neure burua ondo ikusten. Nire lagun guztiak, Neptuno, Merkurio, Pluton, Martitz, Jupiter, Urano... ni baino askoz hobe daude, ni baino gazteagoak dirudite.

Hau da dena, espero dut eskutitz hau zuengana iristea eta niri laguntzeko balio izatea. Mila esker.



Lexuri Sorarrain