euskaraz.net
Gizartea

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 60 2003/02 »  Gizartea





Gizartea



“Gero eta gehiago

gozatzen du Harry Potter

itzultzen”



Ińaki Mendigurenek Harry Potterren liburuak euskaratu ditu. Gure artean halako arrakasta izan duten liburuak euskaratzeko ardura izan duenarekin hitz egitea egoki iruditu zaigu, eta berarekin aritu gara liburuak zer iruditu zaizkion jakin asmoz.

Itzuli dituzun Harry Potterren liburuetatik, zein gustatu zaizu gehien?

Ez nuke bat aukeratuko. Iruditzen zait lehenengoa bezain onak edo agian hobeak direla ondorengoak. Nik gero eta gehiago gozatzen dut horiek itzultzen, eta arrazoia hauxe da: gero eta murgilduago nago Harry Potterren munduan, gero eta hobeto ezagutzen ditut egoerak, lekuak, pertsonaiak eta abar.

Zergatik hitz egiten du "Hagridek" bizkaieraz?

Jatorrizko testuan ingelesaren dialekto baten hitz egiten du, ez ingeles estandarizatu edo batuan, eta euskaraz ere hori nolabait kontuan hartu eta bereizi egin nahi nuen. Adibidez, gaztelaniazko liburuetan ez da hori kontuan izan.

Zuk aukeratu al zenuen Harry Potter itzultzea?

Ez, Elkar argitaletxeak aukeratu zuen, eta euskaratzeko eskatu zidan.

Idazle izango ez bazina, zein lanbide aukeratuko zenuke?

Idazle-idazle ez naiz, itzultzaile baizik. Aurrez, irakasle izan nintzen. Horiek dira nire bi bokazio handiak: irakaskuntza eta itzulpengintza. Idatzi, bi nobelatxo idatzi ditut: “Haltzak badu bihotzik” eta “Ilunkerako xuxurlak” (Irun Hiria Saria 1999an).



Eta gainerantzean, medikuak asko miresten ditut, baina neu ez nintzateke mediku izango. Nazioarteko kazetari izatea, hori bai, hori gustatuko litzaidake. Zure familian ba al da idazlerik?

Anaia zaharrenak, Xabierrek, (anaia Kontseiluko Idazkari Nagusia da, Xabier Mendiguren Bereziartu) baditu liburu batzuk: Europako Ezker Berria, itzulpengintzari buruzkoak eta abar. Literaturan “Bi istorio” kaleratu zuen. Baina, bera ere itzultzailea da, batez ere.

Zein kirol duzu gustukoen? Egiten al duzu baten bat?

Astean bizpahiru aldiz igerilekura joaten naiz. Oinez ibili ere dezente ibiltzen naiz (txakurrari segi ezinean!), eta neguan izan ezik, etxe inguruko lanak bihurtzen dira ariketa; landan bizi naiz, ia-ia basoan, eta etxe inguruan lorategiak, baratza, fruta arbolak eta bestelako zuhaitzak ditugu. Emaztea eta biok bakarrik gaude lanerako. Zakurrak eta katuak ez dute kolpe zorrik ere jotzen. Beraz, lan asko guretzat. Laguntzera etorri nahi baduzue, ongi etorri!

Egokiak izan al dira egindako filmeak, zure iritziz?

Lehenengoa besterik ez dut ikusi, eta gustatu zitzaidan; liburuari nahiko leial jarraituz egindakoa iruditu zitzaidan. Eta bigarrena ere ikusiko dut; Goiherri aldera noiz etorriko zain nago.