euskaraz.net
Donostia auzoka 2

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 60 2003/02 »  Donostia auzoka 2





Donostia auzoka



“Kirol guztiak atsegin ditut”

Agustin Aranzabal Alkorta 1973ko martxoaren 15ean jaio zen Bergaran. Zurriola ikastolan ikasi zuen eta gaur egun, 29 urterekin, Realeko kapitaina da. Urte horietatik, gutxienez sei eskaini dizkio Realari



Zer nolako pertsona dago elastiko eta galtza motz horien atzean?

Nolako pertsona dagoen? Pertsona normala eta umila. Honela erakutsi baitidate etxean gurasoek.

Zein da gehien gogoratzen duzun partida? Zergatik?

Gehien gogoratzen dudana? Ez dakit, bada. Asko gogoratzen dira, baina iazko denboraldian Real Madrilen aurka jokatutakoa esango nuke oraintxe. Orduan oso momentu txarrean geunden eta partida hura oso inportantea zen, bai Real Madrilentzat eta bai guretzat. Dena den, partida gehiago gogoratzen ditut.

Zeinekin nahiago duzu jokatu: euskal selekzioarekin, Espainakoarekin ala Realarekin?



Gauza bakoitza bere momentuan ondo dago. Adibidez, orain, Realarekin, oso gustura nago. Dena den, edozein jokalarirentzat inportantea da edozein taldetan jokatzea.

Zein da esan duzun azken gezurra?



(Barrez) Esan dudan azken gezurra?

Bada, ez dakit, agian, abenduaren 28an!

Realak Liga irabaziko duela uste al duzu? Zergatik?



Zaila da. Egia da ondo gabiltzala, lehenengo postuan gaude, eta puntu askorekin, baina hemendik ekaina arte partida asko daude.

Futbolaz gain, zein kirol duzu gogoko?



Kirol guztiak atsegin ditut. Esku-pilota oso gustuko dut, saskibaloia ere bai, txirrindularitza ere bai, eskubaloia bera ere bai… baina gustukoen, dudarik gabe, futbola.

Zure ustez, zerk aldatu du taldearen jokoa?



Gauza asko dira. Aurten entrenatzaile berria dugu. Denboraldi aurre oso ona egin genuen, eta fisikoki indartsu eta ondo gabiltza. Taldea ondo dago. Aipatu behar da orain arte zorte handia izan dugula lesioekin. Bestalde, egindako fitxaketak onak izan dira.

Nork ekarri dizkizu opariak: Olentzerok ala Erregeek?

Olentzerok beti; baina Erregeetan ere izaten da beti zerbait.

Zer aholku emango zenioke futbola gustatzen ez zaion hamaika urteko real zaleari?

Eta mutiko hori nor da, zu? (Beñati)

Kar, kar, kar ... Bai.

Bada, futbola gogoko baduzu, aurrera! Eta gustukoa ez baduzu ere, aurrera! Ez da ezer gertatzen futbola gustukoa ez baduzu. Hori zuk ikusi behar duzu. Ni futbolaria naiz, besteak beste, futbola beti izan dudalako gogoko, beti gustatu izan zait, txiki txikitatik. Baina zuk ere izango dituzu zaletasunak, ezta?

Bai, bai, baditut.



Bada, heldu horri eta aurrera!