euskaraz.net
Donostia Auzoka 3

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 60 2003/02 »  Donostia Auzoka 3



Donostia auzoka





“Trintxerpe: galiziarrak Euskal Herrian” dokumentala

“Trintxerpe: galiziarrak Euskal Herrian” izeneko dokumentalaren estreinaldia ikusteko, Trintxerpeko alkateordetzaren egoitza lepo bete zen abenduaren 19an. Dokumental honek Trintxer- peko historiaren une garrantzitsuak biltzen ditu.

Dokumental hau egiteko, funtsezkoak izan dira Trintxerpeko historiaren lekuko zuzenak izandako hainbat pertsonen ekarpenak. Haiek kontatutakoari esker, dokumentalak atzera egiten du, batez ere, 50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetara. Izan ere, garai haiek izan ziren Trintxerpek ezagutu dituen aberatsenak, bereziki, altuerazko arrantza jarduera zela eta. Arrantzale galiziarrak ziren orduan Trintxerpen nagusi, eta beren lan baldintzak oso gogorrak ziren arren, esan daiteke hura izan zela arrantzaleen boladarik oparoena. Horregatik deitzen zioten Trintxerperi “Dolarraren Hiria”.

Filmak Trintxerperen sorrera ere biltzen du eta baita XX. mende hasieran izandako gertakari gogorrak ere. Adibidez, Ategorrietako sarraskia, 1931. urteko maiatzekoa. Garai hartan, Galiziatik etorritako arrantzaleek lan baldintza hobeak eskatu zituzten, eta hori lortzeko, borroka luzean sartu ziren. Arrantzaleen manifestazio batean, ordea, Ategorrietara iritsitakoan, Guardia Zibila zain zuten, eta tiroka hasi zitzaien. Guardia zibilen tiroen ondorioz, zenbait manifestari hil ziren.

Dokumental hau Ikasjaia S.L. enpresak egin du, Josu Iraetaren gidaritzapean eta Juanba Berasategiren laguntzaz.








Herri Ametsakoak kantu kantari Olentzerorekin

Herri Ametsa ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoak, urtero bezala, Bidebietatik abiatu eta auzoz auzo, Altzaraino joan ginen. Bidebietako eliza aurrean elkartu eta gure ibilbideari ekin genion, doinuz alaiturik.

Gertaera bitxia zaharren egoitzaren parean izan zen: haize zakarra zebilen eta gure Olentzeroren burua dinbili-danbala ibili zen, halako batean burua goitik behera erori zen arte. Abesten ari ginen bitartean, ikastolako langile batzuek zeloa hartu eta burua lotu zioten. Eta ondoren, ondo eutsi zion buruari gure Olentzerok.

Hurrengo saioa Bidebietako kiroldegiaren inguruan egin genuen, eta gure lagun leial Arantzak, beti bezala, intxaurrez, gaztaz eta abarrez betetako otarre bat eskaini zigun.

Hurrena, Gaiztarroko enparantzan abestu genuen. Bertako biztanleek, ikasle batzuek zeukaten maindirera, dirua bota zuten balkoietatik.

Gero, doinuaren erritmoa jarraituz, Herreraraino joan ginen eta San Luis plazan berriro abestu genuen. Han, jende gehiago gure taldera bildu zen.

Ondoren, Txingurrin abestu eta Larratxora abiatu ginen. Larratxoko Dorre Txurien inguruan euria hasi zuen. Korrika abiatu ginen denok Lau Haizeta kaleko aterpeetara, baina gure Olentzero ez zen kikildu eta kantu eta doinu artean iritsi ginen Altzako gainera. Bertan, beti bezala, fin-fin, hainbat guraso zain genituen, elizako arkupeetan gaztainak erretzen. Eta hango gaztaina, intxaur, gazta eta edariekin indarberritu egin ginen, bai horixe!